Qatarko Munduko Kopa

Tori dirua, eta itxi begiak

Hainbat herrialdek urteak daramatzate kirolaren bidez euren burua nazioartean zuritu nahian. Ekialde Hurbilekoak dira nagusi, eta, horien artean, Qatar.

Txirrindulariak, basamortuan barrena, 2010ean Qatarren jokatu zen emakumezkoen Itzulian. IAN LANGSDON / EFE.
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Hitz zehatza dauka: Sportwashing. Halaxe esaten zaio kirolaren bidezko zuriketari. Ez da joera berria, baina indartu egin da azken urteetan. Gero eta herrialde gehiagok erabiltzen dute kirola euren burua zuritzeko eta nazioartean ospe ona izateko. Zer zuritu nahi dute? Euren lurraldean oinarrizko giza eskubideak urratzen direla: emakumezkoena, LGTBI komunitatearena eta langileena, besteak beste.

Kirolaren bidezko zuriketak inon indarra hartu badu, Ekialde Hurbilean hartu du. Qatar, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Bahrain nabarmentzen dira. Herrialde horiek urteak daramatzate kirol ekitaldi garrantzitsuenak erakartzen eta bereganatzen. Hamaika kiroletara zabaldu dituzte beren garroak: 1 Formulara, motoziklismora, rallyetara, atletismora, futbolera, eskubaloira, padelera, golfera, txirrindularitzara, igeriketara, boxeora eta igeriketara, besteak beste. Kirol oso gutxik egin diete ihes.

Qatarrek lortu ditu harrapakinik onenak horien artean. Hark bereganatu ditu munduko hiru kirol ekitaldirik handienetako bi: 2019an, han jokatu zen Munduko Atletismo Txapelketa, Doha hiriburuan; eta, hiru urte geroago, han jokatzen ari da Munduko Futbol Kopa. Olinpiar Jokoak bakarrik daude bi kirol ekitaldi horien gainetik. Ez uste Qatar ez denik saiatu horiek ere bereganatzen, baina huts egin du orain arte ahaleginean: 2020ko ekitaldirako aurkeztu zen, baina ez zuen lehen langa gainditu; 2032korako ere aurkeztu zen, eta Brisbane bakarrik izan zuen aurkari bozketan, baina Nazioarteko Olinpiar Batzordeko (NOB) Batzarrak Australiako hiriaren alde egin zuen. Seguru saiatuko dela berriro.

Motoekin hasi zen dena

Ia hogei urte pasatu dira Qatarrek kirol ekitaldi garrantzitsuenak bereganatzeko lanari ekin zionetik. Munduko Motoziklismo Txapelketan sartu zuen eskua lehen aldiz, 2004an. Dirutza jarri zuen mahai gainean, eta txapelketako antolatzaileek berehala egin zioten toki bat egutegian. Baina Losailgo zirkuitua segituan bihurtu zen sufrikarioa pilotuentzat, bero sapa egiten baitu egunean zehar. Gauez aritzea izan zen irtenbidea. Inoiz ez zen halakorik egin. Baina bost axola hori. Qatarrek dirua jarri, eta antolatzaileek neurrira prestatu. 2008tik gauez jokatzen da. Are gehiago, egun, txapelketako lehen proba da.

Beroak zeresana eman du beti. Inoiz baino beranduago ari dira jokatzen Munduko Futbol Kopa. Baina ez da lehen aldia hankaz gora jarri dela ohiko egutegia Qatarrek txapelketa bat antola dezan. Duela hiru urte ere inoiz baino beranduago jokatu zuten Munduko Atletismo Txapelketa: irailaren 27tik urriaren 6ra; aurreko hamasei ekitaldietan beranduen egin zen txapelketa baino hilabete geroago. Ordutegiak ere aldatu zituzten, eta, aurreneko aldiz, ez ziren lehiatu goizean. Arratsaldean lehiatu ziren, eta, hamar egunetik zazpitan amaitu zen jardunaldia goizaldean. Baina alferrik. Beroak triskantza eragin zuen, batez ere, probarik luzeenetan: ibilketan eta maratoian.

Beroagatik eta kirol tradizio eskasagatik, ohikoa da ere oso zale gutxi egotea. Horrek goia jo zuen 2016an Dohan jokatu zen Munduko Txirrindularitza Txapelketan. Ziklistak bakar-bakarrik aritu ziren basamortuko errepideetan. Askok salatu zuten ez zuela zentzurik txirrindularitzan batere tradiziorik ez duen herrialde batean jokatzeak Munduko Txapelketa, eta are eta gutxiago sekulako beroa eta hezetasuna egiten duela kontuan hartuta. Arrazoi zuten: ez zuen zentzurik, baina Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunak (UCI) izugarri eskertu zuen Qatarrek emandako dirutza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.