Indartsuak are indartsuago

Tropeleko talderik ahaltsuenek izen handiko txirrindulariak fitxatu dituzte. Euskal herritarren artean, Jonathan Lastrak debuta izango du gorengo mailan, Cofidisekin.

Ezkerrean, Adam Yates: UAEn arituko da datorren denboraldian. Eskuinean, Lorena Wiebesek: SD Worxera egin du jauzi. BERRIA.
enaut agirrebengoa
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Urtez aldatzearekin batera, elastiko berriak jantziko dituzte txirrindulari askok. Mugimendurik ez da falta izan aurtengo neguan. Fitxaketa aipagarriak izan dira azken hilabeteetan, eta nagusiak talderik indartsuenek egin dituzte, are indartsuago bihurtuz. Gizonezkoetan, UAE eta Jumbo Visma taldeek sendotu egin dituzte beren egiturak, Frantziako Tourrean berriz ere izango duten buruz buruko lehiari begira. Goreneko mailan, Alpecin eta Arkea taldeak izango dira berritasunak; tokia kendu diete Lottori eta Israeli.

Emakumezkoen WorldTeam mailan, berriz, talde bat gehiago ariko da, Fenix-Deceuninck igo egin baita. SD Worx eta Trek izan dira aurten onenak UCIren sailkapenean, eta indartuta hasiko dute sasoi berria.

IZARRAK LANGILE GISA
Yates, Pogacarren babesle

Jumbo Vismak erronka handia izango du datorren urtean: Frantziako Tourreko garaipena berritzea. Jonas Vingegaardek menperatu egin du aurten Tadej Pogacar, menperaezina zirudien txapelduna, eta datorren sasoian daniarrak talde are ahaltsuagoa izango du inguruan. Wilco Keldermanek eskalatzaileen zerrenda osatuko du, Bora taldea utzi ostean, eta Dylan Van Baarle klasikoetan lider ariko da. Ineosetik dator, eta erakutsi du maldan gora ere ekarpen handia egin dezakeela. Irteeren artean, Tom Dumoulinena da aipagarriena: erretiroa hartu du.

Pogacarrekin Tourra hirugarrenez irabazten saiatuko da UAE taldea. Esloveniarrak luxuzko laguntzaile berri bat izango du aldapetan: Adam Yates. Ineosen bi urte egin ondoren, Pogacarren ezkutari izateko eta astebeteko itzulietan distira egiteko fitxatu du Josean Fernandez Matxin-ek zuzendutako taldeak. Goi mailako beste txirrindulari batzuk ere iritsiko dira: Jay Vine (Alpecin), Felix Grossschartner (Bora) eta Tim Wellens (Lotto).

INEOSEN HUTSUNEAK
Carapaz ere badoa

Van Baarle eta Yates ez ezik, Richard Carapaz ere galduko du Ineosek. Ekuadortarra Education First taldera joan da. Gainera, Richie Portek bizikletatik jaistea erabaki du. Hori horrela, talde ahulagoa izango dute britainiarrek, Thymen Arensman (DSM) fitxatu duten arren. Herbeheretarra seigarren izan da aurten Espainiako Vueltan, eta etorkizunean igotzailerik onenetako bat izango dela dirudi. Haatik, gaur-gaurkoz lider handi bat falta du Ineosek. Geraint Thomas hirugarren izan zen aurtengo Tourrean, baina 36 urte ditu jada, eta gorenean ez du luze iraungo. Egan Bernalek, berriz, ez du bermerik eskaintzen, urte hasieran izandako istripu larriaren ondoren.

Quick-Step are beldurgarriagoa izango da esprintetan, Tim Merlierren fitxaketarekin. Haren hutsunea betetzeko, Kaden Groves esprinter gaztea fitxatu du Alpecin taldeak; Bike Exchangetik iritsiko da. Australiako taldea Jayco AlUla deituko da datorren urtetik aurrera, eta Zdenek Stybar izango du fitxaketa nagusi. Txekiarra Quick-Stepetik aterako da, han hamabi urtez aritu ostean. Mark Cavendishek ere ez du jarraituko Patrick Lefevereren aginduetara. Astanarekin lotu dute azkenaldian. Nairo Quintanak, berriz, Israelekin sina lezake, Arkeatik atzeko atetik irten ondoren.

AZKARRENA FITXATU DUTE
Wiebes, SD Worxera

Esprinterren erregina da Lorena Wiebes. 23 urte besterik ez ditu, baina dagoeneko 59 garaipen lortu ditu profesional gisa; horietatik 23, aurtengo denboraldian. Hiru urtez DSM taldean aritu da, eta orain talderik indartsuenera egingo du jauzi: SD Worxera. Trek taldeak ere indartzeko apustua egin du, Amanda Spratt beteranoa eta Lisa Klein eta Gaia Realini gazteak fitxatuta. UAE asko mugitu da, eta Mavi Garciaren irteera Silvia Persico, Alena Amialiusik eta Chiara Consonni ekarriz orekatu nahi izan du. Movistarrek, berriz, Liane Lippert bereganatu du. Annemiek van Vleutenen azken urtea izango da, eta haren lekukoa hartzea egokituko zaio Lipperti. Denboraldi honetan onenaren ikasle jarduteko aukera izango du.

MUGIMENDU GUTXI
Lastraren jauzia elitera


Euskal Herriko txirrindularien artean mugimendu gutxi egon da. Berritasun bakarra egongo da WorldTeam mailan: Jonathan Lastra Cofidisen ariko da, Caja Ruraletik aterata. Iñigo Elosegik, ordea, ez du Movistarren segituko. Elitean jarraitzeko aukerarik gabe, Kern Pharmaren eskaintza onartu du. Pablo Castillo eta Mikel Retegi dira nafarren beste fitxaketak. Euskaltelek, berriz, Xabier Berasategirekin, Andoni Lopez de Abetxukorekin eta Enekoitz Azparrenekin osatu du taldea. Caja Ruralen, Abel Balderstone, Mulu Kinfe Hailemichael, Joseba Lopez, Daniel Babor eta Tomas Barta dira aurpegi berriak.

Emakumezkoetan, Eider Merinok bukaera eman dio atzerriko egonaldiari, eta urtebeterako sinatu du Laboral Kutxarekin. Beste bederatzi ziklista berri ariko dira Euskadi fundazioaren taldean: Naia Amondarain, Alba Teruel, Ines Cantera, Lija Laizane, Nadia Quiagliotto, Marta Romeu, Aileen Schweikart, Mireia Traas eta Eneritz Vadillo. Bizkaia-Durangok bost fitxaketa egin ditu: Andrea Ramirez, Sandra Gutierrez, Carolina Esteban, Heidi Gaugain eta Ana Vitoria Magalhaes. Sopelak, berriz, bederatzi txirrindulari berri izango ditu: Florence Normand, Virginia del Arco, Sarah Kastenhuber, Muskilda Oloriz, Estela Dominguez, Carolina Leonardo, Nahia Imaz, Laia Puigdefabregas eta Maitane Arana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.