Gerra Hotzeko akordio mugarria

Mikhail Gorbatxov SESBeko buruzagiak eta Ronald Reagan AEBetakoak 1987an sinatu zuten irismen laburreko eta ertaineko misilak debekatzen dituen ituna; nazioarteko segurtasuna bermatzea du xede.

2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Nazioartearen segurtasuna bermatzeko giltzarri izan den itunetako batetik atera nahi du Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Errusiak akordioan adosturikoa urratu duelakoan.

ZER DA INF ITUNA?



INF itunak irismen laburreko eta ertaineko lurreko misilak debekatzen ditu, 500 eta 5.500 kilometro arteko distantziara jaurti daitezkeenak —euromisilak deiturikoak—. 1987an sinatu zuten, Washingtonen, SESB Sobietar Batasuneko buruzagi Mikhail Gorbatxovek eta AEBetako presidente Ronald Reaganek, eta biek ala biek adierazi zuten adosturiko neurriek «gerrak izateko aukerak murriztuko» zituztela, eta «nazioartean segurtasuna eta bakea egonkortuko» zituztela.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, itunean aipaturiko misil guztiak 1991n suntsitu zituzten Moskuk eta Washingtonek.

ZERTAN OINARRITU DA TRUMP?



AEBetako presidenteak Moskuri leporatu dio akordioan debekaturiko arma nuklearrak garatzea. Ordea, ez du xehetasun gehiagorik eman, eta horrek zalantzan jarri du Trumpen asmoen zilegitasuna.

Uztailean Helsinkin Vladimir Putin Errusiako presidentearekin izan zuen bileran, agintari estatubatuarrak ez zuen auzi hori mahai gainean jarri; litekeena da Errusia negoziatzera behartzeko mugimendu estrategiko bat izatea, baina Irango akordio nuklearretik eta Parisko Klima Aldaketaren Aurkako Itunetik ateratzeko erabakiek zalantzan jartzen dute asmo hori.

Beste aldagai bat ere kontuan hartu behar da: bi aste eta erdi barru, azaroaren 6an, agintaldi erdiko hauteskundeak dituzte AEBetan, eta Alderdi Errepublikanoak ez du galdu nahi senatuaren eta ordezkarien ganberaren kontrola —gehiengo osoa du bietan—.

GAINONTZEKO HERRIALDEAK



1987ko errealitate geopolitikoa eta egungoa ez dira berdinak; Txinak, Pakistanek eta Ipar Koreak, esaterako, badituzte irismen laburreko eta ertaineko misilak, baina horiek ez dute INF sinatu. Hala ere, arreta soilik Moskun eta Pekinen jarri du Trumpek: biek ez dute misilik garatu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.