Arrauna

Suitzako erlojuen pare

Zarauzko Estropaden lehen jardunaldia jokatuko dute gaur Eusko Label eta Euskotren ligetan. Irailera begira test egokia izan ohi da

Gorka Aranberri Orioko patroia, estatxari helduta, Donostian jokatutako estropada hastear. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
«Zarautzen irabazten duenak ez du aparte izaten Kontxako bandera». Zenbat aldiz entzundakoa den baieztapen hori arraun munduan. Urrutira jo gabe, azken hiru urteetan bete egin da: 2016an, Urdaibaik lotu zion Zarauzko garaipenari Kontxakoa; hurrengo urtean, Oriok, eta iaz, Hondarribiak. Bi estropadak elkarrengandik bi astera egoteak eragin handia du horretan. Azken batean, orain ondo ez dabilena nekez arituko da onenen pare bi aste barru; eta alderantziz.

Oriotarrak izan dira abilak Zarautz eta Donostia lotzen, ia beti Zarauzkoa baitute test nagusi Kontxara begira. Horrek ere eman dio sekulako indarra Zarauzko Estropadari, eta baita eremuak ere, kaleen arteko aldea egonagatik, popare bete-beteko egoeran aritzeko aukera ematen dielako arraunlariei eta patroiei. Ikusgarria izan ohi da ia beti Zarauzkoa, eta, hainbat arrazoi tarteko, udako ikurrin preziatuena izaten du arraunlariak Kontxakoaren ondoren.

Hemen da, bada, aurtengoa ere, eta gaur eta bihar jokatuko diren estropaden ondoren jakingo da zein taldek lortzen duen sari preziatua estropadaren 42. aldian. Hori Eusko Label ligakoen kasua da, eta ohi bezala, bi egunetako denborak batuta egingo da behin betiko sailkapena. Gaurko jarduna 18:30 aldera izango dute (ETB1), eta hiru txandetan joango dira hamabi taldeak. Zarauzkoak badu aparteko berezitasun bat atzeko lau taldeentzat, azken-laugarren estropada delako horientzat. Azken txanpan dira, eta oraindik ez dago erabakita San Pedro ala Astillero joango den zuzenean KAE 1 ligara. Espainiarrek bi puntu gehiago dituzte orain. Isuntzak ematen du lanak erdi eginda baino gehiago dauzkala, zortzi puntuko koska ateratzen diolako Astillerori, eta hamarrekoa San Pedrori. Kaikuk osatuko du lehen txanda hori.

Gero lehiatuko dira Donostiarra, Urdaibai, Ondarroa eta Cabo. Duela gutxi arte bi biren arteko lehia zena hiru eta batekoa bihurtu da, Ondarroak jauzia eman duelako, eta ez txikia, gainera. Kontxan sartzea du helburu, eta irailera begira maila fintzen dabil. Caborekin ere argi, ez baita oso atzean geratu zalea txanda honetan. Hala ere, garaileak Donostiarrak edo Urdaibaik behar luke izan. Gipuzkoarrak ondo baino hobeto ari dira uda osoan, eta bizkaitarrek aurreko asteburuko jardun onari segida eman nahi diote. Kontxaren atarian, danbateko bat jo behar dute, animoak berpizteko.

Azkeneko txandak emango dio akabera ikuskizunari, eta begiak ondo irekita jarri beharko dira hemen. Oriok ezuste handirik ezean eskura du ligako garaipena, eta, alde horretatik, gaurkoa ez da erabakigarria izango. Ikurrin preziatua lortzeko, ordea, gaurkoak zeresan handia izan dezake, biharko partea gaurkoa baino txarragoa bada ere —gaurkoa iraultzeko aukera egon daiteke bihar—. Hondarribia badator onenera, eta Santurtzi oso arriskutsua da dena ondo egiten duenean. Zierbena erori zen asko aurreko igandean, Hondarribian, baina ez baztertu ezertarako.

Irekia dator gaurkoa ere, eta itsasoak ez die aukera hori kenduko taldeei, metro erdiko olatuak daudelako emanda. Arrisku handiagoa ur lasterrek izan dezakete, handiak direlako. Ura gora 18:42an da gaur.

Euskotren eta KAE 1 ere bai

Emakumezkoen lana 18:00etan hasiko da (ETB1), eta Oriok irabazia dauka Euskotren liga. Hori bezala, lehen aldiz nahi du lortu Zarauzko Estropada ere, 11. aldian. Kanporaketako lehian, Donostiarrak eta Hondarribiak azken-aurreko lehia dute gaur. Bi puntu goitik dira donostiarrak.

Goizean, Zarautzen bertan,KAE 1 ligako azken-hirugarren jardunaldia jokatuko dute (12:00). KAE 2 ligakoak, berriz, Bermeon ariko dira azken-aurreko estropadan, eta ligetatik kanpo, Donostian, emakumeen estropada dago Urumea ibaian, erlojuaren aurka (17:30). Lapurdi, Hernani, Isuntza, San Juan, Deustu, Tolosaldea, Zumaia eta Hibaika ariko dira. Lehen hirurentzat diru saria egongo da, eta garaileak bandera ere jasoko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.