Zuhur, baina itxaropentsu

Hemezortzi punturen aldearekin jokatuko du gaur Lointek Gernikak Eurokopako final-hamaseirenetako itzulerako lehia, Hungariako Szekszard taldearen pabiloian.

Gernikako Gyntare Mazyonite saskiratze bat egiten ahalegintzen, Szeksarden aurkako joaneko partidan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Atzo egin zuten Hungariarako bidaia Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalariek eta teknikariek. Ilusioz egin zuten, ondo bideratua baitute Eurokopako final-zortzirenetarako sailkapena. Duela astebete, joaneko lehian, hemezortzi punturen aldeaz azpiratu zuten Hungariako Szekszard, Malosten: 91-73. Baina zuhurtziaz ere egin zuten bidaia. Lana biribiltzea falta zaie, eta argi dute itzulerako lehiak ez duela zerikusirik izango duela astebetekoarekin. «Ez da partida erraza izango. Haiek asko estutuko gaituzte, eta pabiloian giro beroa izango da. Baina jakin behar dugu horri aurre egiten, eta une zailetan burua hotz edukitzen».

Bera ez zegoen taldean, baina bere taldekideek gogoan dute iaz Galatasarayren kontra gertatutakoa. Final-hamaseirenak jokatzeko atariko kanporaketan izan zen. Malosten hamabost punturen aldeaz irabazi zuten, baina gero hemezortziren aldeaz galdu zuten Turkian. «Presiorik gabe jokatu behar dugu, eta gu geu izanda. Izan ere, gutxitan dago halako partida bat jokatzeko aukera, eta gozatu egin behar dugu taldearen historian beste mugarri bat jartzeko dugun abaguneaz».

Gainontzean, taldea «gogotsu eta ondo jokatzen» ikusten du.Europan inoiz baino urrutiago iritsi dira, eta ligan bigarren daude,Perfumerias Avenida liderrarengandik bi garaipenera, eta aurreko sasoiko txapeldunarekin, Gironarekin, berdinduta. Espainiako Kopa ere jokatuko dute martxo hasieran. «Fisikoki oso ondo gaude. Hainbeste partida eta bidaiekin ez da erraza, baina, aldi berean, horrek bete-betean egotera behartzen gaitu. Gainera, onenekin lehiatuta, gure joko eta exijentzia maila areagotu egiten da».

Mentalki ere saskibaloiaz ahazteko momentuak dituztela azaldu du. «Ni, adibidez, Soin Hezkuntza ikasten ari naiz, eta, liburu artean nagoenean, saskibaloia alde batera uzten dut».

Denboraldia nola amaituko den jakin gabe, orain arte taldeak egin duen lana goraipatu du Arrojok. «Oreka handia erakusten ari gara, bai erasoan eta bai defentsan; talde joko oso indartsua dugu».

Szekszarden aurkako joaneko partida horren guztiaren isla izan zela uste du. «Partida biribila jokatu genuen. Gauza asko egin genituen, eta gehienak, ondo. Jokalari guztiek egin genuen gure ekarpena». Batez ere neurketa osoan izandako «intentsitatea eta kontzentrazioa nabarmendu ditu. «Defentsan bereziki ez genuen behin ere intentsitatea apaldu, eta horrek modua eman zigun erasoan lasaiago jokatzeko. Defentsan ondo gaudenean dena da errazagoa, erasoan jokalari erabakigarriak baititugu».

Joanekoan hemezortzi punturen aldea lortu zuten, eta argi du lortu zituztela beraiek ondo egindako gauzengatik, aurkarien hutsegiteengatik baino gehiago. «Emaitza ikusita, jendeak pentsa dezake partida erraza izan zela. Baina ezta gutxiago ere. Haiek oso talde gogorra eta bihurria dira».

Etxean, gainera, ezaugarri horiek are gehiago erakusten dituztela gogorarazi du. Ziur dago Malosten baino gehiago arriskatuko dutela. «Hemezortzi punturen aldea kontra izanda, ez dute ezer galtzeko. Alderantziz, partidako une batzuetan arriskatu beharra daukate aldea gutxitzeko. Erasoan bizkorrago jokatuko dute, eta defentsan presio estuagoa egingo digute. Joko are fisikoagoa egiten ahaleginduko dira. Izan ere, etxean jokatuta, epaileek oldarkorrago izaten utziko diete, eta guk baino ahalmen handiagoa dutela baliatu nahiko dute. Gogor defendatu beharko dugu».

Horri lotuta,haien uztaipeko jokoa nabarmendu du. «Bi pibot titularrak oso indartsuak eta garaiak dira». Joanekoan, hain zuzen, pibot horietako bat, Sara Krnjic, hungariarren saskiratzailerik onena izan zen. Hamasei puntu sartu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.