Lan onari saria

Aitor Aranguren «oso eskertuta» dago Baiko Pilotarekin, eman dion aukeragatik. Barneratua du Erik Jakak eta Jose Javier Zabaletak bere hutsa bilatuko dutela, eta «sufritu» egingo duela. Baina «prest» da.

Aitor Aranguren, Aginagako pilotalekuan. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Muturrek elkartzeko joera dute. Argi geratu da hori Aimar Olaizolaren eta Aitor Arangurenen kasuan (Aginaga, Gipuzkoa, 2000). Lehenak 40 urte ditu, eta lehian ari den pilotaririk helduena da. Bigarrenak, berriz, 19 urte ditu, eta gazteenen artean bigarrena da —Julen Egiguren bi hilabete gazteagoa da—. Aranguren jaio zenerako, Olaizola II.ak ia bi urte zeramatzan profesionaletan jokatzen, eta txapel bat irabazia zuen: 1999ko Bigarren Mailako buruz burukoa. Ia hogei urte geroago egin zuen debuta aginagarrak, 2018ko ekainaren 23an, Tolosan (Gipuzkoa). 18 urte besterik ez zituen, eta, horren egun seinalatuan, goizuetarra izan zuen bikotekide. «Nire kirol ibilbideko unerik berezienetan izan dut ondoan Aimar, eta ez da kasualitatea. Nire idoloa da, eta plazera da harekin jokatzea; oso berezia da», aitortu du Arangurenek.

Debuta egin zuenetik behin baino gehiagotan jokatu dute elkarrekin, baina bihar lehen aldiz ariko dira txapelketa ofizial batean, Lehen Mailako binakakoan. Arangurenek Mikel Urrutikoetxea ordezkatuko du, zaratamarrak mina baitu eskuin eskuan. Andoni Aretxabaleta ari zen ordezko lanak egiten Baikon, baina markinarra eskuko minez dago, baita Mikel Larunbe ere. Horregatik egin du Baikok Arangurenen alde. Enpresak saritu egin nahi izan du atzelari aginagarra Bigarren Mailako binakakoan egiten ari den lan bikaina: berak eta Jon Ander Peñak 11 partidetatik bederatzi irabazi dituzte, eta jada sailkatuta daude finalerdietako ligaxkarako.

Astelehen goizean jaso zuen berri ona. «Pablo Berasaluzek [Baikoko teknikaria] mezu bat bidali zidan sakelakora, Urrutikoetxea ordezkatuko nuela esanez». Ordurako jakina zen Urrutikoetxeak, Aretxabaletak eta Larunbek eskuko mina zutela, eta entrenamenduko kideren batek txantxetan esana zion prest egoteko. «Banuen itxaropen txiki bat, baina konbentzituta nengoen Urrutik jokatu egingo zuela. Horregatik, ezustean hartu ninduen».

Opariek eta sariek ilusio handiagoa egiten dute ustekabean jasotzen direnean. Halaxe izan da haren kasuan. «Oso pozik nago. Sekulako ilusioa egiten dit Lehen Mailako binakakoan jokatzeak». Argi du nori dion gehien eskertzeko: «Oso eskertuta nago enpresarekin, aukera emateagatik, are gehiago Jaka-Zabaletaren aurka, liderren aurka jokatuko dugula kontuan hartuta. Aukera handia da. Nigan izan duen konfiantza lan ona eginez itzultzen saiatuko naiz».

Ez du nolanahiko partida Zestoan (Gipuzkoa). Batetik, hark nabarmendu bezala, liderrak izango dituzte aurkari: Jaka-Zabaleta. Bestetik, Olaizola II.a-Urrutikoetxeak lehia estua dute Irribarria-Rezustarekin finalerdietako atariko kanporaketarako sailkatzeko. Lau garaipen dituzte bi bikoteek, ligaxka amaitzeko hiru jardunaldi falta direla. Final kutsua izango dute hiru norgehiagoka horiek. «Ez da lehia erabakigarria, baina bai garrantzitsua. Ea irabazten dugun eta bikote honek aurrerapausoa ematen duen. Ez da erraza izango. Lan handiak izango ditugu, Jaka-Zabaleta bikain ari baitira».

«Lan handiak» izango dituztela dio, bereziki berak. «Barneratua dut nire hutsa bilatuko dutela, ia beti dominatuta egongo naizela eta sufritu egingo dudala. Egungo atzelaririk onena izango dut ondoan, Zabaleta. Baina prest nago. Saiatuko naiz pilota gutxi galtzen, eta ea Aimarrek aurrean aukera duen min egiteko».

Barriola du eredu

Argi du «egun bateko kontua» izango dela. «Ziur naiz Urrutik hurrengo partida jokatuko duela». Argi du, gainera, non dagoen bere tokia: Bigarren Mailako binakakoan. Bikain hasitako lana biribildu nahi du. «Oso ondo ari gara Peña eta biok. Ea gutxienez finalera iristen garen».

Bere dohainen berri ematen ari da azkenaldian. «Pilota gutxi galtzen ari naiz. Hori da nire dohainik onena, defentsan ondo moldatzen naizela». Badaki zein duen gabeziarik handiena: «Kolpea falta zait, baina ari naiz hartzen». Eredua badu: Abel Barriola. «Betidanik gustatu izan zait, diziplina guztietan ondo moldatzen baitzen: banaka, lau eta erdikoan eta binaka. Niri ere gustatzen zait buruz buru jokatzea». Gaztetan aurrelari gisa aritu izanak izango du zerikusirik. «Infantil mailara arte, aurrean eta atzean jokatu nuen, baina Hodei Exposito etorri zen klubera [Usurbilgo (Gipuzkoa) Pagazpera] eta haren atzean jarri ninduten. Oso ondo moldatu ginen, eta txapel bat baino gehiago irabazi genuen». Berria txapelketako bi, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.