Ezinegonak jota dago

Julen Martijak ez daki finala igandean baldin bada jokatu ahal izango duen. Astebete darama bakartuta, PCR proba batean koronabirusean positibo eman zuenetik. Irrikan da medikuak deitu eta berriro proba egiteko. «Baikorra» izan nahi du.

Julen Martija, pilota amorru biziz helduz, Binakako Txapelketan jokatutako partida batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Epaitegietan dago Binakako Txapelketako finala. Beranduenez, epaileak bihar erabakiko du ELA sindikatuak eskatutako kautelazko neurriak onartu eta igandean jokatzekoa den finala atzeratuko duen edo hasierako datari eutsiko dion. Horri begira dago Julen Martija ere (Etxeberri, Nafarroa, 1997); Enpresen Ligako Lehiaketako epaileak hartutako erabakiaren arabera, hura eta Joseba Ezkurdia ariko dira Aimar Olaizolaren eta Mikel Urrutikoetxearen aurka txapela irabazteko lehian.

Baina, gaur-gaurkoz, Martijak badu kezka handiago bat: ez daki finala igandean izanez gero jokatu ahal izango duen. Astebete darama bakartuta etxean, duela astebete egin zioten PCR proban koronabirusean positibo eman zuenetik. «Amak gau txarra igaro zuen, eta PCR proban positibo eman zuen. Jarraian, niri egin zidaten proba, eta, ezustean, emaitza bera eman nuen: positiboa. Ez nuen espero, ez bainuen inolako sintomarik; ondo nengoen. Bost lagun bizi gara etxean: aita, ama, aitona, arreba eta ni, eta aitak ez beste guztiek eman dugu positibo, eta bakartuta gaude», azaldu du Aspeko atzelariak.

Aitortu du «kolpe handia» izan zela positibo ematea. «Lehen egunetan oso gaizki pasatu nuen. Oso faena handia baita. Baina badakigu edonori gerta dakiokeela. Saiatzen ari naiz baikorra izaten, eta pentsatzen dena ondo aterako dela. Jendea ere asko ari zait animatzen. Momentu txarrak ere baditut, dena beltz ikusten dudan momentuak, baina, poliki-poliki, ari naiz aurrera egiten».

Animoz «hobeto» egonagatik ere, ezin du gainetik kendu «ezinegona». «Ez dakit finala jokatu ahal izango dudan. Beste proba bat egin eta horren emaitza jakin arte ez dut jakingo ariko naizen edo ez. Ez dakit noiz egingo didaten. Medikuak deitu zain nago».

Bitartean, osasun protokoloa bete behar du, eta hamar egunez bakartuta egon. Bigarren proban negatibo emanez gero, larunbatean ahalko luke atera kalera, finala jokatzekoa den bezperan. Oso argi du plana lehen egun horretarako: «Pilotaleku batera joango naiz ahal dudan azkarren, entrenamendu bat egiteko, sentipenak berreskuratzen saiatzeko». Ziurrenik, bakarrik ariko da. «Josebak plangintza zehatza egin du. Nik ez, ordea. Behar handia dut». Izan ere, déjà vu bat ari da bizitzen, koronabirusaren lehenbiziko oldarraldiak konfinamendua eragin zueneko egoera berean baitago: etxean sartuta, pilotan aritu ezinik. Orduan bezala, «nola edo hala» ari da. «Eskuak egiteko, paretaren kontra ari naiz piloteatzen. Hobeto ari naiz moldatzen lan fisikoa egiteko». «Argi» du garaiz osatu arren «justu» iritsiko dela finalera. «Ez naiz bete-betean egongo, baina saiatuko naiz ahal dudan ondoen iristen».

Egunero hitz egiten du Ezkurdiarekin, eta argi du bikotekidearen iritzia: «Badakit Josebak nirekin jokatu nahi duela. Araudiak ez dio halakorik, baina logikoena litzateke txapelketa osoan bikotea osatu badugu biok jokatzea finala. Oso lan ona egin dugu».

«Pena» Laso lagunarengatik

Bakartuta zegoenez, iragan larunbatean ez zen joan Miribillara. Haren ustez, «irudi tristea» izan zen kantxan Ezkurdia eta Iñigo Bikuña bakarrik ikustea. «Inorentzat ez da ona horrela sailkatzea final baterako. Partida guztiak jokatu behar dira. Egun horretako 22-0koak pena handia ematen du, batez ere galtzaileentzat. Eta orain, zalantzan dago ea finala jokatuko den. Egoera arraroa da, deserosoa. Ea konpontzen den».

Gertu harrapatu du Baikoren eta haren pilotari gehienen arteko lan gatazkak. «Unai oso laguna dut [Laso], eta pena ikaragarria dut horrela amaitu duelako. Baikon gaizki egiten ari dira gauzak. Aspeko pilotariok argi utzi dugu zein den gure iritzia auzi honetan. Ea konpontzen den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.