Albistea entzun

Italiara, aldapen peskizan

Hiru denboraldiz Movistarren aritu ostean, aurten italiako Monex taldean jardungo du Eider Merinok, arazo fisikoez ahaztu eta bere onera itzultzeko ilusioarekin.
Eider Merino ahalegin betean, aldapan gora.
Eider Merino ahalegin betean, aldapan gora. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2021eko urtarrilak 6

Urte berria hastearekin batera, elastikoz aldatu dute txirrindulari askok; horietako bat da Eider Merino (Balmaseda, Bizkaia, 1994). Hiru urtez aritu da Movistarren, eta datorren denboraldian, Monex taldearekin lehiatuko da talde horrek Astanaren lekukoa hartu du. Babesle nagusia mexikarra da, baina taldearen egoitza ez da Italiatik mugituko. Horri garrantzi handia eman dio Merinok proiektu berria hautatzean: «Giroa, Alfredo Binda, Strade Bianche... Italiako lasterketak dira gogorrenak, eta horietan moldatzen naiz ondoen. Hori erabakigarria izan da erabakia hartzean. Nik ez dut ezer egiten talde belgikar edo herbeheretar batean; Italian, ordea, zeresan handia eman dezaket».

Oraindik ez zaio ekipamendu berria iritsi, baina ez du presarik, egunotan «ezinezkoa» baita errepidera irtetea. «Eguraldi honekin, arrabolean ibili beste erremediorik ez zaigu gelditzen. Nik gorroto dut arrabola, batez ere konfinamenduaren ostean. Baina orain kanpora ateraz gero, ziurra da katarroa». Bestelakoan, prestakuntza «bide onetik» doala uste du. Azaroaren hasieran finitu zen aurreko denboraldia, baina, igotzaile bizkaitarraren aburuz, nahikoa denbora izan da atseden hartzeko. «Emakumezkook ez genuen horren berandu bukatu denboraldia; beraz, ez da hainbeste nabarituko. Gainera, nik ez nuen ia dortsalik jartzerik izan, lesio baten erruz. Etxean gelditu behar izan nuen proba nagusiak iristean. Hortaz, lehiara itzultzeko sekulako gogoa dut».

Movistarreko aroa ez zuen desiratutako moduan bukatu, baina, oro har, uste du «oso onak» izan direla han igarotako hiru urteak. «Oso esperientzia aberasgarria izan da. Taldearen deia nire garairik onenean iritsi zen. Kanpora irteteko nahia nuen, nire errendimendua noraino irits zitekeen ikusteko. Movistarrek une hartan deitzea itzela izan zen, eta 2018an nire denboraldirik onenetako bat osatu nuen». Oso goian jarri zuen langa orduan: hirugarren izan zen Ardecheko itzulian; zortzigarren Giroan, eta errepideko Espainiako txapelketa irabazi zuen. Geroztik, behera egin du, eta talde aldaketak hauspotuko duen esperantza dauka, betiere oinak lurrean izanda. «Beti nahi dut gehiago kirolari moduan, eta 2018ko emaitzak hobetzea da ametsa. Hori bai, poliki hasiko naiz, itsutu gabe».

Valentziako itzulian izango du lehen azterketa; orduan jakingo du benetan gauzak behar bezala doazen ala ez. «Lehen lasterketan izaten da urduritasunik handiena, ez baitakizu nola zauden, ezta aurkariak nola dauden ere. Entrenatzen ezin dituzu indarrak erabat neurtu. Kotoiaren proba izango da lehen lasterketa». Hortik aurrera, ez dauka egutegi zehatzik, «dena kolokan baitago». Edozelan ere, nahiko garbi dauka bide orria: Valentziako itzulitik klasikoetara joko du ziurrenik. «Nik klasikoei ez diet hainbesteko garrantzirik ematen, baina gustura ariko nintzateke menditsuak izan gabe gorabeheratsuak diren probetan: Flandriako Tourrean, esate baterako. Izan ere, emakumezkoetan, igoeretan aurrean dabilen norbaitek irabazi egin dezake harbideetan». Aurrerago izango ditu «hitzordu nagusiak»: Italiako Giroa eta Ardecheko itzulia, bere igotzaile ezaugarrietara primeran egokitzen diren lasterketak.

Aurrenekoz ariko da Merino etxetik kanpoko talde batean, eta «aldaketa handia» izango dela aitortu du. «Dena berria izango da, eta, gauden egoeran egonda, urduritasuna are handiagoa da. Oraindik ezin gara denok elkartu taldekide berriak ezagutzeko. Egoera normal batean, abenduan izango genukeen lehen kontaktua, baina ezinezkoa izan da. Otsailean kontzentrazio txiki bat egiten saiatuko gara, pixkanaka denok elkar ezagutuz joateko». Komeni zaie aurrez elkartzea, zazpi herrialdetako ziklistek osatuko baitute taldea. Merinok, ordea, erlatibizatu egin du arazoa. «Hizkuntza aldetik ez da halako arazorik egongo, gehienok latinoak baikara. Izaera ere nahiko antzekoa daukagu; beraz, kulturalki ez da halako talkarik izango gure artean. Behin batera lan egiten hasita, uste dut giro ona izango dugula».

Talde txikien «komeriak»

World Tour mailan dihardu Movistarrek; Kontinental mailan, berriz, Monexek. Merinok, haatik, ez du uste atzerapausoa eman duenik. «Niretzako baikorra da, aldaketa bat behar bainuen». Halaber, talde berriak «oso egitura sendoa» duela azpimarratu du. «Egitura honek 25 urte daramatza txirrindularitzan, babesle ezberdinekin. Egia da gonbidapena lortu behar dela World Tour mailako probetan aritzeko, baina talde hau beti izan da lasterketarik garrantzitsuenetan. Lasai nago». Bestelako baldintzak ere ez omen dira okerragoak. «Soldata arrunt bat izango dut, txirrindularitzatik bizitzeko adinakoa, eta material aldetik, kalitate handiko jantziak eta bizikletak izango ditugu».

Garai nahasietan, beraz, proiektu egonkor bat topatu du txirrindulari bizkaitarrak. Alabaina, jakitun dago pandemiak emakumezkoen txirrindularitzan eragin duen kalteaz. «Dena dirua da, eta, emakumeok gutxiago dugunez, krisiak guri kalte handiagoa egin digu gizonei baino. Talde txikietan komeriak izan dituzte PCR probak ordaintzeko. Lasterketa bakoitzean, 100 euro ordaindu behar ziren taldekide bakoitzeko». Hala ere, kasu gehienetan bizirik irauteko sena gailendu da: «Orokorrean, taldeak ez dira desagertu, eta hori oso ona da. Denek topatu dute modua lasterketetan izateko, testen gastuari aurre eginez».

Hori bai, krisiak handitu egingo du handien eta txikien arteko arrakala. «Arrain handiak txikia jaten du halakoetan». World Tourrean, talde bat gehiago izango da datorren sasoian, SD Worxen orain arteko Boels igoerarekin. Kontinental mailan, Euskal Herriko hiru talde ariko dira: Bizkaia-Durango, Sopela, eta Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa urratsa egin berri du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Oiartzabal eta Merino, Realaren goleko bi protagonistak, gaur, Anoetan. ©Gorka Rubio / Foku

Barkatzen duenak ez du beti ordaintzen

Paulo Ostolaza

Realak neurketa nahi zuen lekuan izan du 80 minututan, eta gol gehiago sartzeko aukera mordoa izan ditu; tartean, Oiartzabalek huts egindako penalti bat. Merinok sartu du etxekoen gola 9. minutuan. Sailkapeneko bosgarren postuan sendotu dira txuri-urdinak.

Aleix Garcia, jota, atzo, partida amaieran Cadizen aurka galdu berritan. ©ROMAN RIOS / EFE

Betiko istorio berbera

Iñigo Lasa

Eibarrek galdu egin du Cadizen, eta jaisteko postuetan amaituko du jardunaldia. Marko Dmitrovicek penalti bat huts egin du, eibartarrak galtzen ari zirela

Jokin Altuna, gaur, Eibarko Astelena pilotalekuan. ©Aritz Loiola / Foku

Altunak eta Mariezkurrenak eutsi diote liderraren joari

Berria

Garaipenari esker, sailakapeneko lehen postuan berdinduta daude bi bikoteak. Neurketa osoan zehar aurretik joan dira Altuna eta Mariezkurrena, baina zail jarri diete Elezkanok eta Zabaletak.

Tesoriere eta Bonanno, Ademarreko Suarezekin lehian, atzo, Madrilen, Espainiako Kopako finalerdietan. ©J. J. GUILLEN / EFE

Bakeak egin gabe doa

Julen Etxeberria

Bidasoak galdu egin du Ademarren aurka, Espainiako Kopako finalerdietan. Irundarrek garesti ordaindu dituzte gorabeherak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.