Zabaletaren itzalean

Zabaleta izan da binakako txapelketaren lehen itzulian gehien nabarmendu den pilotaria. Haren agintea «neurriz kanpokoa» izan da, Etxaniz eta Berasaluzeren ustez.

Aspeko Elezkano II.a-Zabaletak Baikoko Peña II.a-Albisuren kontra jokatutako partida, Iruñeko Labrit pilotalekuan. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon eskudero
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Oraindik ere ondorio nabarmenik ateratzeko oso goiz izan daitekeen arren, dagoeneko kontu aipagarri bat baino gehiago utzi du binakako txapelketak. Lehen itzulia amaitu berritan, eta eskuzko ligaxka amaitzeko oraindik beste zazpi jardunaldi falta badira ere, badirudi sailkapena egonkortu samar egon daitekeela. Besteak beste, amildegiaren ertzean dira Jaka-Martija eta Artola-Aranguren bikoteak. Txanponaren beste aldean, berriz, Elezkano II.a-Zabaleta eta Altuna III.a-Mariezkurrena II.a daude, eta haien esku dute zuzenean finalerdietara sailkatzea. Lehen itzuliak protagonistarik izan badu, dena den, hura Jose Javier Zabaleta izan da. Erakustaldiak bata bestearen atzetik eskaini ditu, eta profesionaletako sasoirik onenean dagoela baieztatu dute Aspeko eta Baikoko kirol teknikariek: Jokin Etxanizek eta Pablo Berasaluzek.

Aparteko agintea erakutsi du Zabaletak. Joan den igandean Logroñon (Espainia) jokatutako partidan, bereziki, aho zabalik utzi zuen Etxaniz. «Pena daukat ikuskizun hura telebistaz ikusi nuelako, eta ez zuzenean. Harrigarria izan zen ikustea zein fresko ateratzen zitzaion pilota eskutik». Berasaluze ere ados dago. «Denbora darama aldeak markatzen, baina orain daukan jokoa beste mundu batekoa dela esan daiteke. Ematen du jubenilen aurka jokatzen duela, kontrolpean izaten duelako jokoa une oro. Gaztea zenean eta gure kontra jokatzen zuenean ere, aparteko joa zeukan, baina pilota gehiago galtzen zuen. Orain ez dauka hutsunerik». Etxanizen ustez, heldutasun betean dago. «Lehen gerta zitekeen momenturen batean partidatik ateratzea, baina orain ez zaio halakorik gertatzen. Izango ditu egun argiagoak edo ilunagoak, baina uste dut historiako atzelaririk onenetako bat daukagula begien aurrean».

Horregatik, binakako txapelerako lehian Elezkano II.a- Zabaleta jotzen ditu faborito Etxanizek. «Zabaletari edozein aurrelari jartzen zaiola ere, beti egongo da faboritoen artean. Binakakoa luzea da, eta txapela irabazteko denetarik behar da: jokoa, zortea, lesioek errespetatzea... Baina dudarik ez dago bikote hori txapeletik gertu egongo dela». Are gehiago Elezkano II.aren gorakada ikusita. «Azken bi jardunaldietan gora egin du. Bere atzelariak halako nagusitasuna erakutsita, Elezkanorentzat ez da erraza lan ona egitea. Ni neu ere askotan sentitu izan naiz egoera horretan. Hori bai, orain graziarekin dago», adierazi du Berasaluzek. Horren arrazoia da duela bizpahiru aste Elezkanok berak eta Etxanizek izan zuten elkarrizketa, Aspeko teknikariak aitortu duenez. «Elezkano apur bat lotsatia da, eta partidetan baztertuta ikusten genuen; pilotakada gehiegi uzten zizkion atzelariari. Esan genion izaera oldarkorra atera behar zuela kantxan, bere ohiko jarrera halakoa delako, eta ematen du jokoa aldatzen ari dela».

Mariezkurrena II.a, dotore

Asperen kasuan, beste albiste positibo bat Mariezkurrena II.aren jokoa izan da. Denbora batez ez zuen jokatu maila gorenean, Baikok ez ziolako kontratua berritu. Orain Asperekin ari da, eta kasik antzeman ere ez zaio egin etena. Horregatik, liderrekin puntutan berdinduta dira Altuna III.a-Mariezkurrena II.a. «Gurekin entrenatzen hasi zen lehen egunetik pozik ikusi dut. Gustura eta gozatzen ari da entrenamenduetan, eta berretsi da bere tokia profesionaletan dagoela», nabarmendu du Etxanizek. Gorabeherak izan ditu nafarrak, baina normala da. «Pilota batzuk galtzen dituen arren, gustua ematen du nola jokatzen duen ikusteak. Berdin dio nor duen aurrean; gaitasuna du edonori bizkarra erakusteko. Horregatik, Altunak eta biek aukera dute oso urrutira iristeko».

Aspeko bi bikote horiek daude sailkapenaren lehen bi postuetan; alegia, finalerdietarako sailkapen zuzena ematen duten postuetan. Ondoren datoz Baikoko hiru bikoteak: Olaizola II.a-Rezusta, Peña II.a-Albisu eta Urrutikoetxea-Imaz. Tartean dira Ezkurdia-Galarza Aspekoak ere. «Gure helburua da lehen bi postuetan bikoteren bat sartzea», aitortu du Berasaluzek. «Uste dugu Olaizolak eta Rezustak gehiago eman dezaketela, eta itxaropen osoa dugu. Rezusta larri samar ibili da eskuetatik, baina txapelketa luzea da, eta erne. Urrutikoetxea eta Imaz ere goraka datoz, eta nabarmenduko nuke Urrutikoetxearen jokoa. Aldaketa bat izan du bere jarreran, eta ea gai diren pozen bat emateko». Peña II.a-Albisuk ere bikote arriskutsua osatzen dute. «Peñak erakutsi du Lehen Mailako pilotaria dela, eta ez da gutxi».

Sailkapenaren zuloan, berriz, Artola/Bengoetxea VI.a-Aranguren eta Jaka-Martija daude. Azken horien egoerak sortu du harridura gehien, Etxanizen esanetan. «Uste genuen bikote lehiakorra egingo zutela, baina ezinean dabiltza. Biak baxu daude jokoz, eta, gutxienez, jokoa hobetzea izan beharko lukete helburu». Bigarren itzuliak erabakiko du dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.