Balantzaren desoreka, agerikoa

Aspe azken urteetan daraman bolada ona berresten ari da lau eta erdikoan ere; hiru pilotari sartu ditu finalerdietan; Baikok, berriz, bakarra. Asteburuan jokatuko dira.

Ezker gantxoz. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Batak bolada onari eutsi nahi, eta besteak lehortetik atera nahi. Horiexek dira Aspe eta Baiko pilota enpresek dituzten asmoak Lau eta Erdiko Txapelketaren azken txanpari begira. Zehazki, 2017ko maiatz bukaeratik, Asperen pilotarientzat izan dira maila nagusiko txapel guztiak, hamabi guztira. Hori gutxi ez, eta aurtengo lau eta erdiko finalerdietan hiru pilotari sartu ditu: Joseba Ezkurdia, Jokin Altuna eta Peio Etxeberria; Baikok, bakarra: Unai Laso.

Oro har, pilotariak ongi ari direla-eta «gustura» da Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoa (Bergara, Gipuzkoa, 1970). Emaitza «on» horien atzean sekreturik ez dagoela dio. «Boladaka doa. Batzuetan, lan bera eginda txapelak ez dira heltzen». Hain justu, sentipen «gazi» hori duela ez du ezkutatu Pablo Berasaluze Baikoko teknikariak (Berriz, Bizkaia, 1977). «Batez ere, banakako txapelketetan txapela irabazteko lehian egon gara, baina galdu egin ditugu». Inongo konplexu eta lotsarik gabe honako aitortza hau egitera ausartu da: «Azken urteetan Aspekoak nagusitzen ari zaizkigu».

Bai Etxanizek bai Berasaluzek azpitik «ilusioz» datozen pilotariek maila gorenean jarduteko eman behar duten jauzi kualitatiboan jarri dute arreta berezia, fruituak jaso nahi badira. Berrizkoak Baikon gertatzen denaren berri eman du: «Gaztetatik oso ondo etortzen dira, baina gero kosta egiten zaie ongi aritzea. Denbora gehiago eskainita, gorantz egingo duten itxaropena dut». Bergarakoa, berriz, alde horretatik «lasai» dago. «Orekatua dugu gure pilotari koadroa, eta gazteekin egiten ari garen lan on hori, zorionez, emaitzetan islatzen ari da». Etxeberria jarri du horren adibide. «Altuna III.a eta Ezkurdiaz gain, beste pilotari berri bat sartu dugu lau eta erdiko finalerdietan». Hiru guztira, eta horrek badu bere alde «ona», Etxanizen arabera: «Finalerako gutxienez bat sartzea ziurtatzen dugulako». Halere, gehiago nahi du: «Helburua, ahal bada, bi pilotari sartzea izango da, nahiz eta zaila izango den».

Hain justu, lehen finalerdia Etxeberriaren eta Lasoren artekoa izango da, larunbatean, Iruñeko Labriten. «Ligaxkan gure enpresako pilotaririk onena izan da Unai [Laso]». Horra Berasaluzeren aitortza. Pilotari nafarra bigarrenez ariko da finalerdietan, eta haren inguruan laudorio hitzak besterik ez ditu utzi Berrizkoak: «Pilota profesionaletara itzuli zenetik gorakada handia egin du, eta kantxan segurtasun handiagoarekin lehiatzen ari da. Lehen tanto gehiago galtzen zituen, eta beste modu batera jokatzen zuen; orain, ordea, beterano baten moduan lehiatzen da. Momentu oso onean dago». Iritzi berekoa da Etxaniz ere. «Irabazteko faboritoa da». Faboritoak faborito, Aspeko zuzendari teknikoak Etxeberria pilotari «arriskutsutzat» du. Iazko final-laurdenetan estu hartu zuen Erik Jaka —22-21 galdu zuen—: «Urrats bat aurrera egin du aurten, eta hobeto ari da jokatzen». Zehazki, Zenozkoak Altuna III.ari eta Oinatz Bengoetxeari irabazi zien ligaxkan. «Finalerako sailkatuko balitz, sekulakoa izango litzateke. Gaitasuna ikusten diot horretarako».

Biek ala biek gazteen arteko lehia «irekia» eta «erritmo handikoa» izango dela aurreikusi dute. Partida irabazteko honako gako hauek zerrendatu dituzte: «Gazteak izanagatik, tentsioa eta urduritasuna kudeatzea; sakez min egitea; defentsan sendo egotea; eta tantoetan ongi asmatzea. Biek abiadura handiz jokatuko dutenez, arlo fisikoak bere garrantzia izango du».

Final aurreratua?

Lehen finalerdia irekia izango bada, zer esanik ez igandean Altuna III.ak eta Ezkurdiak Gasteizko Ogetan jokatuko duten bigarren finalerdia ere. Azken lau urteetan, lau eta erdiko txapeldunak izan dira biak; bina txapel jantzi dituzte. Berasaluzek eta Etxanizek zalantza izpirik ez dute, modalitate horretan «espezialistak» diren bi pilotari «handi» horiek «erakustaldia» emango dute kantxan.

Dema hori final aurreratua izango dela galdetuta, biek ez dute uste hala izango denik. Baikoko teknikariak hartu du hitza: «Egia da askok Altuna eta Ezkurdia jo dituztela txapela irabazteko faborito, baina final batean edozer gerta liteke; faboritotzat jo izan den pilotariak galdu izan ditu txapelak». Aspeko zuzendari teknikoak, ordea, ñabardura egin du: «Altuna eta Ezkurdia aurrez aurre suertatu badira, Etxeberria ligaxkako multzoko onena izan delako da».

Hari horri tiraka, Altunak txapelketa zalantzaz jokatu duen ustearen inguruan, Etxaniz zintzo mintzatu da. «Entrenamendu oso onak egin dituen arren, partidetan ez da eroso aritu. Baina ez nuke esango joko puntua galdu duenik». Berasaluzek Altuna III.ari ikusten dio partida irabazteko aukera handien; Etxanizek, berriz, ez dauka hain garbi. Edonola ere, biek ez dute ezkutatu «urduri» bizi izango dituztela finalerdiak, bakoitza bere aldekoa defendatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.