Lanean segitzeko akuilua da

Irati Astondoak ondo abiatu du Urrezko Aizkolarien banakako txapelketa, bigarren jardunaldia irabazita. Geldialdi baten ostean, «apurka-apurka» ari da lehengoratzen.

Irati Astondoa aizkolaria lehiara itzuli da, amatasunagatik eta COVID-19agatik urte eta erdi geldirik eman ostean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Irati Astondoak (Zeanuri, Bizkaia, 1991) aurkeztu du bere hautagaitza. Laiene Pikabea lehendabizikoan nola, Astondoa nagusitu da Urrezko Aizkolarien banakako txapelketako bigarren jardunaldian. Bete-beteko garaipena eskuratu zuen igandean Arespalditzan (Araba) egindako estreinaldian.

Astondoak denbora ona lortuta abiatu zuen txapelketa. 11 minutu behar izan zituen 36 ontzako lau enborrak ebakitzeko; Claudia Muñoz bigarrenak baino hiru minutu eta 23 segundo gutxiago. Urrutiago geratu zen Beatriz Tanco hirugarrena: zortzi minutu eta erdira.

Dena den, Astondoak nahiago du kontrarioei larregi ez erreparatu. Izan ere, hasi berriak dira Muñoz eta Tanco, eta, hargatik, bere lanean jarri du arreta igandean egin zuen lana aztertzerako orduan: «Banekien etxeko lana eginez gero aurretik izan nintekeela. Ondo egin nuen lan, eta gustura geratu nintzen. Ilusio handiz nago; bultzada izan zen, baina aurrera begira, ez da lasaitu behar».

Etxeko lana egitea zuen xede, eta lortu zuen hori. Amatasunak eta koronabirusak eragindako geldialdiak egin eta gero, urte eta erdiko etenaldi baten ostean itzuli da plazetara. Astondoa «apurka-apurka» ari da berriz ere martxa hartzen: «Lehengo teknika berreskuratzen ari naiz, eta apur bat hobetzen. Urduritasunak ez dit uzten lana oso ondo egiten, baina ez nuen sentipen txarrik izan».

Etenak atseden hartzeko modua eman dio Zeanuriko aizkolariari. Haren esanetan, pandemiaren aurretik «emakumezko gutxi» aritzen ziren plazaz plaza, eta horrek astean bizpahiru erakustalditan parte hartzera eraman zituen kirolariak: «Horrek ere nekea ekartzen du. Atsedenak gauza positiboak eta negatiboak ditu; gorputza eta burua deskantsatu ditut, baina, entrenatu ezinda egon naizenez, erritmoa galtzea ere eragin dit horrek. Eta norberaren gorputza ere aldatu egiten da».

Lehen bezala orain, Astondoak Iker Lopez du entrenatzaile, eta hura du prestaketarako makulua. Aizkoran egin ezinda egon dengaraian «etxean egiteko ariketak» prestatu dizkio, «muskulatura eta hauspoa ez galtzeko».

Egindako lanak izan du bere ordaina, eta aurrerako urratsa egin du txapelketan. Haatik, kontrario gogorrak izango ditu txapela janzteko bidean. Besteak beste, Nerea Sorondo eta lehen egunean garaile izandako Pikabea jo ditu irabazteko hautagai nagusi, baina zerrenda handiagoa izan daitekeela dio: «Orain artean lau edo bost neska izaten ginen, eta nahiko argi egoten zen. Orain 11 neska gara, zorionez, eta besteak ere hor daude: Karmele Gisasola [Zelai III.a] eta Nerea Arruti ere hor daude, eta oso kirolari konpletoak dira. Uste dut Nerearen eta Laieneren artean egongo dela, baina beti egoten dira ezustekoak».

Hori horrela, Zeanurikoak «zaila» ikusi du finalerako sailkatzea: «Hori lortuta, pozik geratuko naiz, lana ondo egin beharko baitut horretarako». Astondoak badaki zer den Urrezko Aizkorako txapela janztea. Garaile izan zen azken aldiz aritu zenean. 2020an izan zen hori.

Bi urte «ezerezean» eman dituzten arren, aldi horretan «jendea etxean prestatu» dela uste du Astondoak. Horrek kirolari kopurua handitzea ahalbidetu duela dio bizkaitarrak, eta emakumezkoei egin die erreferentzia: «Aipatzekoa da zenbat neska hasi diren aizkoran eta harri jasotzen. Horrek ekarri du gehiago aritu ahala txapelketa gehiago antolatzea». Aizkolarien kasuan nola, harri jasotzaileetan ere 11 emakumezkok eman dute izena Egur Sporten txapelketan aritzeko. Haiei dagokienez ere, joan zen asteburuan abiatu zen txapelketa, Zelai III.aren parte hartzearekin. Guztira, 90 lagun ari dira Egur Sporten txapelketetan.

Lehia beteko asteburua

Parte hartzaileen kopuru handiak hauspotuta, Urrezko Aizkolarien eta harri jasotzaileen txapelketetako jardunaldiak bata bestearen atzetik egingo dituzte datozen asteetan. Ezohiko jaialdi kopurua izango da gaur hasi eta igandera artean. Guztira, txapelketako lau jardunaldi egingo dituzte, beste horrenbeste tokitan.

Gaur jokatuko dute, adibidez, lehendabizikoa (12:30), Armentiako belardietan (Gasteiz). Aizkoran gizonezkoak arituko dira; behe mailetako bost lagun ariko dira, eta garaileak hurrengo kanporaketan aritzeko eskubidea irabaziko du. Emakumezkoen harri-jasotze txapelketan, berriz, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez ariko dira nor baino nor gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.