Jarraipena emateko asmoz

Ligako azken hiru partidak irabazita, Eibar kanporaketen borrokan sartu da: zortzi puntura dago laugarren sailkatua. Sevillaren aurka ariko dira larunbatean (16:00).

Eibarko jokalariak, denboraldi honetako partidetako batean. EIBAR ERRUGBI TALDEA.
Iñaki Berastegi.
2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Bolada bikainean murgilduta amaitu zuen Eibar errugbi taldeak 2022. urtea: ligako azken hiru neurketak irabazi zituen. Aurrez, denboraldiko lehen bost neurketak galtzetik zetorren Cristina Guntinen taldea. Hiru garaipen horiei esker, jaitsiera postuetatik ihes egin, eta, bigarren itzuli ia osoaren faltan, kanporaketak jokatzeko borrokan bete-betean sartu da Gipuzkoako taldea. Beraz, sasoiaren bigarren zati honetan, urte amaierako sentipen eta emaitza onei jarraipena eman nahi die Eibarrek, kanporaketak jokatzea baita oraindik helburua.

Lide Erbina jokalariaren ustez (Ordizia, Gipuzkoa, 2000), «denboraldiko momenturik onenean» iritsi zen Gabonetako etenaldia: «Denboraldi hasiera pisutsua izan zen, baina azkeneko hiru jardunaldiak irabazi izanak autoestimu eta konfiantza handia eman digu. Lehia hasteko gogotsu gaude». Hasiera txarraren arrazoiak bilatzen hasita, bat aurkitu du: «Iragan denboralditik hona, taldean jokalari aldaketa nabarmena izan dugu; esperientzia handiko jokalari askok taldea utzi dute, eta neska gazteak eta jokalari atzerritar asko ailegatu dira taldera. Hasieran, kosta egin zitzaigun talde moduan lan egitea eta jokatzea ».

Behin «kohesio» hori lortuta, taldeak nabarmen egin zuen hobera. «Gehienbat, taldearen mentalitatea aldatu zen. Ohorezko Maila zer zen jakitea falta zitzaien batzuei, baina, behin hori barneratu genuenean, lehiatzeko prest geundela ikusi genuen». Gainera, sasoi hasieran, zortea ez zuen lagun izan Eibarrek; izan ere, lehenengo bi jardunaldietan, ligako bi talde indartsuenak egokitu zitzaizkion: Cocodrilas Sevilla eta Majadahonda. «Taldea berria denean, badakizu denboraldi hasiera zaila izan daitekeela, eta bi talde horien kontra jokatzea, egia esan, ez zen hasteko modu onena izan. Halere, gure maila zein zen eta taldea nola zegoen jakiteko balio izan zigun. Orain, talde osoa mailara egokitu da, eta bide orria zehaztuta dago».

Liga etenda egon den hilabete hau gauzak fintzeko balio izan die: «Urtarrilera arte atseden pixka bat hartu dugu, nahiz eta bakoitzak bere kabuz entrenatzen jarraitu duen. Hurrengo bi neurketak prestatu ditugu, eta gure jokoa lantzen jarraitu dugu, aldaketa batzuk egon direlako taldean». Izan ere, ofizial egin ez den arren, bizpahiru jokalarik ezingo dute denboraldia amaitu arte jokatu, ikasketak direla-eta, eta, hori ikusita, beste horrenbeste fitxaketa lotuta dauzkate dagoeneko.

Eibarrentzat, jokoan den denboraldia «trantsizio denboraldi» gisa defini daitekeela uste du Ordiziako jokalariak: «Eibarren urte asko zeramatzaten neska batzuek taldea utzi zuten, eta belaunaldi aldaketa egon da taldean. Oso talde gaztea dugu, eta dinamika onean jarraituz gero, izugarrizko taldea izan dezakegu urte batzuen buruan». Denboraldi hasieran taldera iritsi diren neska gazteek maila aldaketa nabaritu dutela nabarmendu du: «Euskal Ligan jokatzetik Ohorezko Mailan jokatzera igarotzea jauzi handia da. Aurten, Arrasaterekin akordioa lortu du Eibarrek, eta neska berri asko etorri dira. Bi taldeetako jokalariek batera entrenatzeak mesede egiten die. Hori egitea beharrezkoa da».

Maila nagusian hasiberria baino ez baita Eibar. Hirugarren denboraldiz jarraian ari da Ohorezko Mailan: 2020-2021eko denboraldian, maila nagusian debuta egin zuen sasoian, hirugarren amaitu zuen lehen fasea, eta finalerdietan kanporatua izan zen; aurreko sasoian, berriz, ez zen liga irabazteko kanporaketak jokatzeko sailkatu.

Liga hasieran tarte batez jaitsiera postuetan egon arren, helburua ez dela aldatu azpimarratu du Erbinak: «Liga luzea da, eta partida asko falta dira. Hiru garaipen horiei esker atzera ere laugarren postuaren borrokan sartu gara, eta hori da gure ilusioa». Nahiz eta aitortu taldea jaitsiera zuzeneko postuetan ikustea «gogorra» izan zela: «Asko nabaritu genuen. Gogorra izan zen bost partida jarraian galtzea, baina gauzak ez datoz beti nahi dugun moduan. Aldatu genuen aldatu beharrekoa, eta ikusi da onerako izan zela. Egia da jaitsiera zuzeneko postuan geundenean helburuak aldatzea pentsatu genuela, baina denboraldia oso luzea egiten da. Hasiera txarra egin genuen, baina agian amaiera ona izango da».

Garaipenak, etxean

Ligako azken lau partidak etxean, Unbeko zelaian, jokatu ditu Eibarrek. Pozueloren aurkakoa gutxigatik [22-24] galdu eta gero, Cisnerosri, CRATi eta Majadahondari irabazi diete. «Asko nabaritzen da etxean edo etxetik kanpo jokatzea. Entrenamenduetan eta partidetan ondo ari gara, eta etxetik urrun joko berbera egiteko gai garela erakutsi nahi dugu. Majadahondaren aurkako garaipenak indar eta konfiantza handia eman digu, eta ea hori Sevillaren zelaian erakusteko gai garen».

Denboraldiko bigarren partida izan zen Cocodrilas Sevillaren aurkakoa, eta Andaluziako taldea 12 eta 45 nagusitu zen Unben. Beraz, argi dago aurkari «zaila» dela. «Ligako talde indartsuena da, eta fitxaketa oso onak egin dituzte. Atzealdea ere indartsua dute, baina lehen lerroko da euren indargunea». Edonola ere, Erbina baikorra da: «Gure jokoa egiten badugu eta gure jokalari garrantzitsuak ondo badaude, lehiatzeko eta irabazteko gai gara. Belar naturalean jokatzeak ere mesede egingo digu, nahiz eta ez dugun lokatzik izango». Behin Sevillaren aurkakoa jokatuta, laugarren postuan dagoen Sant Cugaten aurkako lehia garrantzitsua izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.