Albistea entzun

Biren arteko lehia

Gaur hasiko da Sei Nazioen Torneoa, eta Frantzia eta Irlanda dira hura irabazteko faboritoak. Irailean Frantzian jokatuko den Munduko Txapelketari begira daude selekzioak
Frantziako eta Irlandako selekzioetako jokalariak, lehian, iaz bi taldeek Parisen jokatutako partidan.
Frantziako eta Irlandako selekzioetako jokalariak, lehian, iaz bi taldeek Parisen jokatutako partidan. MOHAMMED BADRA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2023ko otsailak 4

Begi bat irailean jokatuko den Munduko Txapelketan dutela abiatuko da gaur 2023ko Sei Nazioen Torneoa. Gaur eta bihar jokatuko da lehen jardunaldia, eta martxoaren 18an izango dira azken neurketak. Gales eta Irlanda aurrez aurre ariko dira gaur Cardiffen (16:15), eta Ingalaterrak Eskoziaren bisita jasoko du Londresen (18:45). Bihar, Italiak Frantzia izango du kontrario Erroman (16:00).

Fabien Galthieren selekzioak 11 urteko lehorteari amaiera eman zion iaz; txapelketako bost neurketak irabazita bereganatu zuen Sei Nazioen Torneoa. Neurketa bakarra galduta, Irlandak amaitu zuen bigarren, eta bina garaipenekin Eskozia eta Ingalaterra sailkatu ziren ondoren. Garaipen bakarra erdietsi zuten Galesek eta Italiak, baina italiarrek azken postuan amaitu zuten, sailkapenean bi puntu gutxiago lortuta.

«Zalantzarik gabe, Frantzia eta Irlanda dira aurten ere Sei Nazioen Torneoa irabazteko hautagai nagusiak». Asier Basterretxea (Getxo, Bizkaia, 1973) Getxo errugbi taldeko kirol zuzendariaren baieztapena da. Gertutik erreparatu ohi dio txapelketari: «Urtero joaten naiz partidaren bat bertatik bertara ikustera; 12 urte dira jada. Otsailaren 24an Cardiffera joango naiz Galesen eta Ingalaterraren arteko norgehiagoka ikustera».

Azken hilabeteetan selekzio batzuek hobera egin duten arren, Basterretxearentzat «ezusteko handia» litzateke beste lau selekzioetakoren batek Irlandari eta Frantziari txapelketa kentzea. «Eskoziak, adibidez, etxean edozeini irabaz diezaioke, baina etxetik kanpo asko apaltzen du bere maila. Ingalaterra eta Gales ere koxka bat beherago ikusten ditut, eta Italia guztietan ahulena da».

Hala, biren arteko lehia aurreikusten du Getxoko kirol zuzendariak. Bat aukeratzekotan, Frantziaren alde egingo luke. «Galthieren gidaritzapean selekzioak asko hobetu du azken hiru urteetan. Joko bizia eta alaia egiten dute, eta txapelketetan oso lehiakorrak dira. Garai bateko xanpain errugbira gerturatzen ari direla esango nuke. Gainera, Munduko Txapelketa etxean jokatuko dute aurten, eta hori pizgarria izango da eurentzat». Beste mota bateko taldea da Andy Farrelen Irlanda: «Euren aurrelarietan oinarritzen dute jokoa. Frantziaren jokoa ikusgarria bada, Irlandarena pragmatikoa eta eraginkorra da. Esperientzia handiko jokalari ugari dituzte, eta askorentzat selekzioarekin jokatzen dituzten azken txapelketak izango direnez, hori aprobetxatu nahiko dute». Munduko zerrendako lehen postuan dago Irlandako selekzioa, Zeelanda Berriari, iaz, bi neurketa jarraian irabazi eta gero.

Iaz, modu bikainenean, Grand Slama erdietsiz —partida guztiak irabazita— bereganatu zuen Frantziak torneoa. Irlandari, esaterako, 30 eta 24 irabazi zion, Parisen. Eta horra hor aurtengo aldirako aldaketa nagusia, bien arteko partida Dublinen jokatuko baita. «Horrek guztiz aldatu dezake torneoa. Iruditzen zait aurten ez duela inork Grand Slama erdietsiko. Frantziak Dublinen galdu dezake, baina Irlandak ere partida zaila dauka gaur Galesen aurka Cardiffen». Egutegiari gainbegiratu azkar bat emanda, Basterretxeak dio Irlandarena Frantziarena baino «aproposagoa» izan daitekeela.

Gainerako taldeak «nahiko berdinduta» daudela uste du getxoztarrak. «Gales, Eskozia eta Ingalaterra antzeko maila batean daude. Galesek Warren Gatland izendatu du entrenatzaile nagusi, eta iaz baino zertxobait hobeto ailegatu dira». Ingalaterrak ere entrenatzaile berria du: Steve Borthwick. «Aldaketa fase batean daude. Azken urteak oso txarrak izan dira, eta jokalari gazte eta berri asko sartu dituzte. Entrenatzaile aldaketa onerako izan da». Eskoziak ez du aldaketarik egin, eta, beraz, Gregor Townsendek jarraitzen du karguan. Beste hirurekin alderatuta, Italia «nabarmen atzerago» kokatu du. «Kosta egingo zaio partidaren bat irabaztea. Iaz Galesi irabazi zioten, eta aurten, neguko lagunartekoetan, Australiari etxean irabazi izanak [28-27] ere meritua dauka. Kieran Crowley aulkian dagoenetik beste itxura bat eman dute, baina oraindik ere talde ahulena dira».

Prestatzeko baliagarria

Sei Nazioen Torneoa garrantzitsua da, baina are gehiago lau urtez behin jokatzen den Munduko Txapelketa. Hori horrela, Basterretxearen aburuz, Munduko Txapelketa irailean izateak «asko eragingo du» gaur abian jarriko den torneoan. «Batetik, selekzioek ez dute jokalarien osasuna arriskuan jarriko. Eta, bestetik, sistemak frogatzeko eta fintzeko baliatuko dute Sei Nazioen Torneoa. Ez dut esango dena emango ez dutenik, baina agerikoa da prestaketa fintzeko baliatuko dutela. Izan ere, Munduko Txapelketarako zerrendak eginda daude jada, eta zerrenda horiek ez dira asko aldatuko otsailetik irailera». Zerrenda horietan ziur egongo direnak taldeetako izarrak dira. «Antoine Dupont da Frantzian gertutik zaindu beharreko jokalaria, berak mugitzen baitu taldea. Irlandako izarra Johnny Sexton kapitaina da, eta Eskoziako Stuart Hogg ere oso jokalari ona da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jose Javier Zabaleta, Aitor Elordi, Martin Alustiza, Unai Laso eta Ander Imaz, atzoko pilota aukeraketan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Dena prest daukate finalerako

Joxerra Senar

Elordi eta Zabaleta, eta Laso eta Imaz pozik geratu dira igandeko finalerako hautatutako hiru pilotekin. Nafarroa Arenan pilota biziak azkar higatzen direla eta defentsa lanak zailtzen direla azaldu dute
 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Beharbada hau da ordainsaria laster goian egoteko berriz»

Ainara Arratibel Gascon

Hamasei denboraldi daramatza talde zuri-gorrian Diezek, eta onartu du orain arteko «gogorrena» izaten ari dela. Argi du hurrengo hiru partidak gako izango direla jaisteko postuetatik erabat aldendu ahal izateko.
 ©JAVIER BELVER / EFE

Nahi bai, baina ezin

Beñat Mujika Telleria

Araskik galdu egin du Zaragozaren aurka, eta Espainiako Kopatik kanporatu du etxeko taldeak. Hasieratik nagusitu da Zaragoza
Osasunaren eta Mallorcaren arteko joaneko partidako argazkia. ©I. URIZ / FOKU

Etenalditik Mallorcara, San Mamesera joan aurretik

Berria

Osasunak asteartean jokatuko ditu Kopako finalerdiak, baina lehenbizi Mallorcaren aurka jokatuko du gaur.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iñaki Berastegi

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.