Gatza nork botako zain

Zalantzaz beterik abiatuko da buruz buruko txapelketa bihar, Lekeition, Elordiren eta Urrutikoetxearen artekoarekin. Ekainaren 4an jokatuko da finala, Bilbon

Gatza nork botako zain.
jon eskudero
2023ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Zalantzaz beteriko txapelketa izango da aurtengo buruz burukoa. Zalantzaz beterikoa, eta aukeraz ere bai. Besteak beste, azken urteetan ohikoak ziren pilotari batzuek ez baitute jokatuko, eta ematen baitu beste pare baten parte hartzea ere kolokan dagoela. Txapelketaren aurkezpen ekitaldia atzo egin zuten, Gesaltza Añanan, Araban, gatzari esker hain ezaguna den herrian. Izenei erreparatuta, Rezustak, Zabaletak eta Peña II.ak ez dute jokatuko, eta beste bi faborito ere larri dabiltza fisikoki: Ezkurdia eta Laso, iazko txapeldunordea eta txapelduna. Hortaz, batzuek zalantza ikusiko duten tokian, besteek urrutira iristeko aukera ikusiko dute. Bihar abiatuko da lehiaketa, Lekeition (Bizkaia), Urrutikoetxearen eta Elordiren arteko partidarekin, eta finala ekainaren 4an izango da, Bilbon. Buruz burukoa gatza nork botako dion zain dago jada.

Azken urteetan ohi bezala, enpresa bakoitzak seina pilotari kantxaratuko ditu. Hauek izango dira Aspekoak: Altuna III.a, Ezkurdia, Elezkano II.a, Dario, Elordi eta Peio Etxeberria. Baikoren izenean, Laso, Jaka, Urrutikoetxea, Artola, Aranguren eta Alberdi ariko dira. Sistema ere iazko bera izango da, baina berritasun batekin: final-laurdenetako ligaxkan ez dute asteburuero jokatu beharrik izango. Hiru partidetan gutxienez asteburu bateko atsedena izango dute. Erabakiarekin oso pozik mintzatu zen Jokin Altuna: «Iaz kexatu egin ginen. Asteburuero buruz buru jokatzea oso gogorra da eskuentzat. Atseden tarte hori izatea oso mesedegarria izango da, batez ere ikuskizunarentzat». Askoren ustez, Altuna III.a bera izango da txapela janzteko faborito nagusia. «Aspaldian, gozatzen ari naiz kantxan, eta bolada onean helduko diot txapelketari. Denbora sobera daukat ongi prestatzeko. Pausoz pauso joan nahi dut».

Rezusta eta Zabaleta ez dira lehiatuko azkenean. Rezustak gaizki ditu eskuak, eta Zabaletak eskuin eskuko hatz txikia hautsi zuen herenegun, entrenatzen ari zela. Haien tokian ariko dira bizkaitar bi, Elordi eta Elezkano II.a. Azken horrek atarikoa galdu zuen Peio Etxeberriaren aurka, baina halabeharrez, bigarren aukera emango dio enpresak. Zehazki, Artolaren kontra jokatuko du etzi, Bastidan (Araba). Rezusta eta Zabaletaren pare, Peña II.ak ere ez du jokatuko, enpresaren erabaki teknikoengatik. Baikok nahiago izan du Aitor Arangureni aukera eman. Atzelari bakarra izango da txapelketan. «Beldur pixka bat ere ematen du izen handi horien tartean sartzeak, baina motibazioz gainezka nago. Buruz burukoan txukun moldatu izan naiz gaztetatik, eta ahalik eta lan onena egitea izango dut helburu». Arangurenek Darioren aurka neurtuko ditu indarrak, igandean, Ezkarain (Errioxa, Espainia).

Ezkurdia, oraingoz ez

Elordi eta Arangurenekin batera, Jon Alberdirena ere aurpegi berria izango da. Iaz, Bigarren Mailakoa irabazi zuen, eta, aurten, atarikoan merezita gainditu zuen Agirre (22-18). Baikor da azpeitiarra. «Tentsio eta presio guztiak atarikoa irabazita gainditu nituen, eta, orain, gozatzea dut helburu». Peio Etxeberriaren kontra jokatuko du Alberdik, Tolosan (Gipuzkoa). «Pilotaleku horretan jokatzea gustuko dut, eta ilusioz joango naiz. Fisikoki primeran nago».

Ezin esan dezakete gauza bera Lasok eta Ezkurdiak. Egungo txapeldunak min hartu zuen igandean, binakako finalean, izerdi arrasto batean labain eginda, baina badirudi ez duela ezer larririk. Hiru aste barru jokatu beharko du lehendabiziko partida, eta badu denbora prestatzeko. «Hazita daukat hanka, baina ez nago gaizki. Egun gutxian asko egin dut hobera. Ezker eskua ere minduta daukat, eta fisikoki guztiz indarberritzea dut helburu. Badakit bi urtez jarraian txapeldun izatea ez dela ohikoa, baina motibaziorik ez zait falta». Laso baino okerrago dago Ezkurdia, ordea. «Oraingoz, ez nago buruz buru jokatzeko moduan. Arazo batzuk ditut hanketako bikietan. Sekula baino denbora gehiago izan dut prestatzeko baina ustekabean iritsi zait lesioa. Saiatuko naiz guztiz osatzen, baina, erdipurdi banago, ez dut jokatuko lehen partida».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.