Garai berrien jazzaldia

Jacob Collierrek, Cecile McLorin Salvantek, Salvador Sobralek eta R+R: NOWk belaunaldi aldaketa ikusaraziko dute Donostiako 53. Jazzaldian. Ruben Bladesekin hasiko da jaialdia, gaur

mikel lizarralde
Donostia
2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Urteak daramatza Donostiako Jazzaldiak jazzaren eremuan gertatzen ari den belaunaldi aldaketa irudikatu nahian. 1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan jotzen hasi ziren musikariek bete izan dituzte urte askotan jazz jaialdien programazioak, eta, tantaka-tantaka multzo horretara izen berriak gehitzen joan diren arren, sarritan zaila izan da erreleboa irudikatzea. Donostiako Jazzaldiari ere gertatu izan zaio hori, batik bat bere gune nagusia den horretan, Trinitate plazan. Azken urteetan, ordea, jaialdiaren agertoki horretara ere iritsi dira aldaketaren zantzuak, eta iaz, adibidez, Kamasi Washington, Gregory Porter, Macy Gray eta Donny McCaslin izan ziren bertan. Guztiak ere XXI. mendeko jazzaren eta rhythm & bluesaren ordezkariak.

«Artista gazteen aldeko apustua ikusaraztea» da, Miguel Martin zuzendariak azaldu duenez, gaur hasiko den Donostiako 53. Jazzaldiaren helburuetako bat; betiere, jazzaren historian erreferentziazko izenak izan direnei bizkarra eman gabe. Artista gazte eta beteranoen arteko oreka horretan oinarrituko da, horrela, Trinitateko programazioa, baina baita gainerako agertokiena ere.

Trinitate da jazzaldiaren bihotza, jaialdiaren tenperatura neurtzen duen termometroa, eta inoiz baino gazteago hasiko da aurten. Jacob Collier Quartet eta R+R: NOW ariko dira bihar plaza horretan, biak ala biak jazzaren eremu aldakorrean leku nabarmena duten proposamenak. Jacob Collier abeslari eta multi-instrumentista (Londres, 1994) gaur egungo garaien erakusle bikaina da. 20 urte eskasekin etxean egindako bideoklipek —zeintzuetan Stevie Wonder, Michael Jackson eta beste hainbaten pieza klasikoen bertsioak egiten zituen, a cappella edota hamaika tresnarekin— egin zuten ezagun lehendabizi, baina Quincy Jonesen babesak eta In My Room lehendabiziko diskoaren arrakastak —bi Grammy irabazi zituen iaz— ospe handia eman diote mundu osoan. Collierrek berak tresna asko jotzen ditu, baina Donostian baxuak (Rob Mullarkey), gitarrak (Pedro Martins) eta bateriak (Christian Euman) lagunduta igoko da agertokira.

Collier garai berrien erakusle den bezala, jazz garaikideko super taldea da R+R: NOW. Taldekideen izenei erreparatzea besterik ez dago. Robert Glasper, Experiment taldeko burua ez ezik, ideia konplexuak gauzatzen dituen teklista da; Christian Scott, moldeak hautsi dituen tronpetista; Terrace Martin saxofoi jotzailea, abeslaria, rap kantaria eta konpositorea ere bada, eta baita Kendrick Lamarren ekoizlea ere; Taylor McFerrin beatboxerra da, Bobby aita bezala; Derrick Hodgek (baxua) zenbait Grammy sari irabazi ditu hip hop eta R&B kategorietan; azkenik, Justin Tysonek (bateria) badaki zer den hip hop artistekin (Mos Def) nahiz jazz abeslariekin (Esperanza Spalding) jotzea. Super-talde bat, ezbairik gabe.

Gaztea izango da Trinitateko lehen gaua, eta neurri handi batean izpiritu horri eutsiko dio hurrengo egunetan ere. Cecile McLorin Salvant abeslariak (Miami, AEB, 1989) 2010ean kaleratu zuen aurreneko diskoa, Jean-François Bonnelen boskotearekin grabatua, baina harrezkero bakarka grabatu dituen hiru diskoek eman diote oihartzun publiko eta kritikoa. Horren erakusle da For One to Love (2015) eta Dreams & Daggers (2017) diskoekin eskuratutako sari andana. McLorin Salvantek ostiralean abestuko du Trinitate plazan —larunbatean Viktoria Eugenia antzokian errepikatuko du, eguerdian—, eta, haren aurretik, Dave Holland kontrabaxu jotzaile beteranoak, Zakis Hussain perkusiojoleak eta Chris Potter saxofoi jotzaileak osatutako hirukotea igoko da agertoki berera.

Eurovisionetik Donostiara

Aurtengo ekitaldiko izenik deigarrienetakoa da Salvador Sobral (Lisboa, 1989). Abeslari portugaldarrak Chet Bakerren musika eta bossa nova izan ditu erreferentzia nagusi ibilbide ia osoan, baina, joan den urtean Eurovision jaialdira aurkeztu eta hura Amar pelos dois kantuarekin irabazi zuen arte, inork gutxik ezagutzen zuen bere herrialdetik kanpo. Halere, Eurovisionek erresonantzia kutxa batek bezala funtzionatzen du, eta Sobralen oihartzuna izugarri hazi da orduz geroztik. Donostiako kontzertuan Portugalgo jazzaren ordekaririk handienetako bat izango du ondoan, Julio Resende pianista. Ez da hain ezaguna Benny Green pianista, nahiz eta jazzari eta R&B-ari lotutako hamaika artistarekin egin duen lan, 1987an Art Blakeyren Jazz Messengers taldeko partaide egin zenetik. Green (New York, 1963) bakarka nahiz beste artista batzuentzat lanean aritu izan da—Betty Carter, Ray Brown, Freddie Hubbard, Bobby Watson, Milt Jackson—, eta Donostian Mike Gurrolak (kontrabaxua) eta Aaron Kimmelek (bateria) osatzen duten hiruko baten buru izango da.

Chick Coreak ez du aurkezpenik behar Donostian, 1981ean aurrenekoz jo zuenetik hainbatetan izan baita jazzaldian, eta 1998an jaialdiaren sari nagusia ere jaso zuelako. Jazz fusioaren eta jazz elektrikoaren ordezkari behinena izanagatik ere, oraingoan formazio akustikoarekin izango da jazzaldian, John Patitucci (baxua) eta Dave Weckl (bateria) lagun dituela. Corea igande gaueko izarra izanda ere, Curtis Stigers abeslari estatubatuarrari (Boise, AEB, 1965) egokituko zaio aurten Trinitate plazako egitaraua ixtea. Jazz estandarren eta jazzera egokitutako pop eta rock piezen interpretazioan nabarmendu da Stigersen ibilbidea.

Porter, orkestrarekin

Ezinezkoa da lerro batzuetan Donostiako Jazzaldiaren eskaintza guztia aletzea —ehundik gora kontzertu dira—, baina badira arrazoi batengatik edo besteagatik nabarmendu beharreko emanaldiak. Horietako bat da Gregory Porterrek (Sacramento, AEB, 1971) igandean Kursaalean emango duena. Abeslaria gaur egungo jazzaren izarrik handienetakoa da, eta horren erakusle da azkeneko bost urteotan lau aldiz etorri izana Donostiara. 2013an, artean nahiko ezezaguna zela, Kursaaleko terrazetan aritu zen; 2015ean, hondartzako agertokian; iaz, Trinitate plazan; eta aurten Kursaaleko auditoriumean izango da. Kontzertu berezia izango da, Nat King Cole omenduko baitu, Arkaitz Mendozak zuzendutako orkestra sinfonikoaren parte hartzearekin.

Kursaalean egingo diren gainerako kontzertuen artean nabarmentzen dira Caetano Velosok eta bere hiru semeek (Moreno, Zeca eta Tom) bihar eskainiko dutena; aipatzekoak dira, halaber, jazzaldiaren beste izen ezagun batek, Brad Mehldau pianistak, ohiko hirukotearekin egingo duen saioa, bai eta Kenny Barron pianista beteranoak —2000an jaso zuen Donostiako Jazzaldiaren saria— eskainiko duena ere.

Aintzatespena Portali

Batik bat musikari estatubatuarrek osatzen duten zerrendari batuko zaio aurten Michel Portal klarinete eta saxo jotzailea (Baiona, 1935). Hark jasoko du aurten Donostiako Jazzaldiaren saria. Euskal jazzaren aitzindari ez ezik, Portal Europako abangoardiako musikaren erreferente ere bilakatu da, eta Donostian Vincent Peirani eta Emile Parisien gazteekin ariko da bi kontzertutan. Ez da aurten jazzaldiak banatuko duen sari bakarra, Mary Stallings kantari estatubatuarraren ibilbidea ere (San Francisco, 1939) aitortuko baitu.

Portal aitzindaria izan bada euskal jazzean, Iñaki Salvador (Donostia, 1962) geroagoko belaunaldi baten parte izan da. Pianistak ondo ezagutzen du jazzaldia, eta aurten Mikel Laboaren omenezko kontzertu bat emango du Viktoria Eugenian, Ainara Ortega (ahotsa), Maria Berasarte (ahotsa), Angel Unzu (gitarra), Hasier Oleaga (bateria) eta Javier Mayor de la Iglesiak (kontrabaxua) lagunduta.

Ohi bezala, Zurriolako Agertoki Berdeak hartuko ditu kontzerturik jendetsuenak. Jazzaz aparteko proposamenak bildu ohi dira hondartzan, eta han abiatuko du jazzaldia gaur Ruben Bladesek (Panama, 1948). Salsaren eta musika latinoaren erreferente nagusietakoa da, klasiko bilakatu diren hainbat kanturen interpretea (Pedro Navaja, Ligia Elena, Decisiones, Buscando América), eta gaurko izen nagusia izango da. Nolanahi ere, jazzaldiaren lehenengo egunak, Jazz Band Ball deiturikoak, era guztietako proposamenak dastatzeko aukera emango du 19:30etik aurrera. Bost eguneko musika festaren abiapuntua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.