Denboraldi berria, talde berriak

Bidasoak eta Anaitasunak derbia jokatuko dute gaur, Irunen, Asobal ligako estreinakoan. Bi euskal taldeek aldaketa asko egin dituzte. Nafarrek teknikari berria dute: Iñaki Aniz

Leo Renaud Bidasoa taldeko jokalaria, jaurtitzeko prest, Anaitasunako jokalari bat aurrean duela, bi taldeek udan jokatutako Egiako torneoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da Asobal liga, eta, hirugarren urtez jarraian, bi euskal talde ariko dira onenekin nor baino nor gehiago: Helvetia Anaitasuna eta Bidasoa-Irun. Hain zuzen, bi taldeek derbia jokatuko dute gaurko estreinakoan, Irunen (Gipuzkoa), Artalekun, 20:15ean.

Aldaketa asko izan dira bi taldeetan. Anaitasunan izan dira sakonenak, jokalarien ohiko aldaketez gain, entrenatzailea ere berria baitute: Iñaki Anizek (Iruñea, 1969) ordezkatu du Juanto Apezetxea, bi sasoi eta erdiz taldea zuzendu duena. Berria da Aniz, baina ez arrotza, 2014-2015eko denboraldian Iruñeko taldea entrenatu baitzuen. Hain zuzen, haren aginduetara sailkatu zen lehen aldiz Europarako. Baina inoizko emaitza onena lortu arren, taldea utzi zuen sasoi amaieran, «nekatuta» zegoela eta «entrenatzaile gisa gehiago formatu» nahi zuela argudiatuta. Hiru urte geroago, bueltan da.

2014-2015eko sasoiko talde hark eta orain izango duenak apenas duten antzik. Makina bat jokalari joan eta etorri dira ordutik. Adibidez, orduko taldeko bost jokalarik bakarrik jarraitzen dute: Miguel Goñik, Alvaro Gastonek, Ibai Meokik, Antonio Bazanek eta Xabier Etxeberriak.

Duela lau urtekoarekin bakarrik ez, azken sasoikoarekin alderatuta ere talde berria du Anaitasunak. Sei jokalarik utzi dute taldea: Sergei Hernandez eta Henrik Nordlander atezainek, Erik Balentziaga eta Filipe Mota erdikoek, Cristian Martinez ezker albokoak eta Oswaldo Guimaraes eskuin albokoak. Aldiz, zazpi jokalari fitxatu ditu klubak: Eduardo Cangas eta Patrick Bols atezainak, Borja Mendez, Mladen Krsmancic eta Meoki erdikoak, Albert Pujol ezker albokoa eta Pere Vaquer eskuin albokoa.

Entrenatzailea eta ia talde erdia berria izanik, sasoi-aurre trinkoa izan dute nafarrek. «Konforme» dago Aniz. «Emaitzei dagokienez, denetarik izan dugu. Halere, onak dira sentipenak». Pena bakarra du: Mikel Agirrezabalagak lesio larria sufritu izana —hiru hilabete inguru egon beharko du jokatu gabe—. «Oso jokalari garrantzitsua da, oreka asko ematen baitio taldeari, pistan eta pistatik at».

Eta jokalari garrantzitsuak aipatuta, nabarmendu du atezainak eta erdikoak «buru-belarri» aritu direla egokitzen, bi postu horiek «funtsezkoak» baitira taldearen jokoan. «Ari gara, baina oraindik falta zaigu. Zazpi jokalari berri ditugu, eta ni neu ere iritsi berria naiz. Halako lanak ez dira egun batetik bestera egiten».

Horregatik, «pazientzia» eskatu du, eta ez dio helburu zehatzik jarri taldeari sailkapenari dagokionez. «Ahal dugun ondoen jokatu nahi dugu, eta zaleak identifikatuta senti daitezela jokoarekin. Gero, lehiaketak jarriko gaitu gure tokian. Hasiera zaila dugu, baina saiatuko gara ahal den azkarren puntuak lortzen, konfiantza hartzeko. Lehia handia izango da. Bartzelona goitik dago; haren azpian, Ademar, Granollers eta Logroño, eta, gero, 8-9 ariko gara».

Bidasoaren aurkakoaz, berriz, gogoratu du joan den asteburuan sei golen aldeaz irabazi zietela (31-25), eta horrek esan nahi duela «aurkari zaila» dela. «Uste dut aurrerapausoa eman dezakeela».

Beste pauso bat eman nahian

Irun aldean ere (Gipuzkoa) mugitua izan da uda, jokalarien joan-etorri handia izan baita. Zazpi jokalarik utzi dute taldea: Asier Zubiria atezainak, Eduardo Nono eta Borja Lancina erdikoek, Ivan Popovic eta Mikel Redondo piboteek, Markel Beltza eskuin albokoak eta Jon Vazquez ezker hegalekoak. Beste horrenbeste jokalari iritsi dira: Esteban Salinas pibotea, Sergio de la Salud erdikoa, Paco Barthe, Rudy Seri eta Thomas Tesoriere ezker albokoak eta Mikel Zabala ezker hegalekoa. Jacobo Cuetarak (Ribadesella, Espainia, 1980) jarraituko du haiek zuzentzen. Bigarren sasoia du.

Cuetara «Pozik» dago denboraldi-aurreko lanarekin. «Asko egin dugu aurrera, espero baino gehiago agian». Nahiz eta nabarmendu emaitzak ez direla erabakigarriak, aitortu du «konfiantza» ematen dutela, are gehiago talde onen aurka lortutakoak baldin badira.

Ez du alderaketarik egin nahi izan aurreko sasoiko taldetikdenboraldi honetakora, baina azpimarratu du «hainbat postutan» ari daitezkeen jokalariak dituztela, «eraso egiten eta defenditzen» dakitenak. «Hori izan daiteke gure indarguneetako bat, hori, eta aukera dugula aldaketa asko egiteko, zazpikoak indarra galdu gabe».

Taldeak gora egin zezala eskatu zion Bidasoak Cuetarari iaz. Eskatu eta bete: estutasunik gabe eutsi zion mailari taldeak. «Beste pauso bat» eman nahi du orain entrenatzaileak. «Aurreko sasoiko lorpenak hobetu nahi ditugu». Badaki «zaila» izango dela, «inoizko liga parekatuena eta gogorrena» aurreikusi baitu. «Parekatua eta gogorra». Hala definitu du gaurko partida ere. «Duela gutxi irabazi diogu, baina ziur naiz partida gogorra izango dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.