Helburu ezberdina, gose bera

Realak eta Alavesek sasoiko laugarren derbia jokatuko dute gaur Anoetan. Donostiarrek sailkapenaren goialdean jarraitu nahi dute, eta gasteiztarrek, postu horietara gerturatu

Helburu ezberdina, gose bera.
Jon Ander De la Hoz - Eñaut Agirrebengoa
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Realak eta Alavesek orain artean eskuratutako puntuen batezbestekoa hobetu nahi dute gaur Anoetan. Bost partidetan, txuri-urdinek bi puntu lortu dituzte neurketako, eta hamar punturekin, sailkapenaren goiko postuetan daude. Arabarrek, berriz, donostiarren erdiak eskuratu dituzte, bost, eta orain arteko lana hobetu nahi dute Realari irabazita. Helburu ezberdinekin, baina gose berarekin ekingo diote bi taldeek.

Etxekoak esne mamitan iritsi dira gaurko neurketara. Orain arteko bost partidetatik bakarra galdu dute, eta itxura ona eskaini dute sasoiaren hasieran. Azken bi partidak irabazi egin dituzte, gainera, bost gol egin eta bakarra jasota. Bide horretan sakondu nahi du gaur Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak: «Guretzat partida garrantzitsu bat gehiago da. Orain arte bezala segitu behar dugu. Asmatu, eta azken partidetako mailari eutsi behar diogu».

Realaren azken partidek ilusioa piztu dute zaleen artean. Horren jakitun da Imanol, baina nahiago du lanean jarraitu: «Bolada honekin gozatu egin behar da, baina oinak lurrean ditugu». Hargatik, azaldu du Alavesen aurkakoa dela «partidarik garrantzitsuena, eta ostiraletik aurrera, Sevillaren kontrakoa».

«Partida zaila» aurreikusi du, eta tentuz aritu beharko dutela azpimarratu du. «Aurkari ona eta jokalari onekin» espero du gaur iluntzerako. Txuri-urdinen entrenatzaileak ez daki nola aritu daitekeen Alaves: «Batzuetan presioa egiten dute, bestetan erdian osatzen dute multzoa, atzean ere bai, eta kanpotik nahiz barrutik aritzen diren jokalariekin aritu daitezke».

Asier Garitanok Realarekiko duen ezagutzak ez du sobera kezkatzen: «Berezia izango da harentzat, ondo ezagutzen gaitu, baina egun dauden bitartekoekin denok ezagutzen dugu elkar». Agian, horregatik, nahiago izan du bere aukera gordean eduki; partidaren atarian emango du deialdiaren berri. Modibo Sagnan osatu da, baina zaila du gaur aritzea. Imanolek Asier Illarramendi besterik ez du falta izango hamaikakoa osatzeko.

Alarma piztu ez dadin

Azken bi neurketetako itxura eta emaitzak hobetzeko premiarekin iritsiko da Alaves. Sevilla eta Athleticen aurka esku hutsik gelditu ostean, iratzarri beharra du. Gakoa, erasoko jokoan egongo da. Arabarrak oso fidagarriak dira defentsan, baina jokoa ehundu ezinik dabiltza. Ondorioz, bi gol baino ez dituzte sartu, biak ere Joseluren bidez; bata korner batean, eta bestea jokaldi oso katramilatu batean. Aurrerapausoa egin ezean, nekez lortuko dute saririk Donostiarren estadio eraberrituan.

Ardura, hein handi batean, udako merkatuan iritsitako jokalarien bizkar gainean dago. Orain arte, esperotako mailatik urrun jardun dute Aleix Vidal eta Lucas Perez. Biak hasieratik aritu litezke gaur, hegal banatan, 4-3-3 eskemaren barruan. Erreferentzia Joselu izango da berriro, eta euskarrian, finkoak dirudite Wakasok eta Pinak. Haien alboan, Pons edo Manu Garcia, bietako bat ariko litzateke. Defentsan, berriz, eskuin hegalean dago zalantza nagusia. San Mamesen, Ximo Navarro aritu zen, baina gaur Martinen txanda izan liteke. Gainontzeko postuak Elyk, Laguardiak eta Duartek beteko lituzkete, ohi legez.

«Hobeto jokatu behar dugu, eta nortasun indartsuago izan; bestela, ez dugu aukerarik izango». Hala mintzatu zen atzo Asier Garitano. Baloiarekin hobetzeko beharra nabarmendu zuen. «Athleticen aurka, oso ondo egon ginen baloirik gabe. Baloiarekin, ordea, oso talde eskasa izan ginen. Ez da eskema kontua, zehaztasun kontua baizik. Banekien zailtasunak izango genituela, sei jokalari berri baititugu erasoan». Garrantzia eman zion, halaber, sufritzeko gaitasunari. «Exijentzia handiko partida izango da, Realak talentu handiko jokalariak baitauzka. Sufritzen jakin beharra dago amaieran emaitza ona lortzeko».

Anoetara itzuliko da Garitano, iragan sasoian Realaren aulkian izan ondotik. Ez zen esperientzia samurra izan bergararrarentzat, abendu amaieran kendu baitzuten kargutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.