Goitik begira jarri nahi du

Leganesi irabazi, eta sailkapeneko lehen postuan kokatu nahi du Realak gaur iluntzean. Martin Odegaard min hartuta dago, eta ez du jokatuko

Jon Ander De la Hoz.
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Asmoak agerian dituela zelairatuko da gaur Reala. Sailkapenaren gorengo koskatik begira jarri nahi du, Leganesi Anoetan irabazita. Estadioa bera eta Donostiaren zatirik handiena zerutik begiratuta azaltzen den irudi bat eramango du elastiko berritzaile batean. Iluna izango da kamisetaren kolorea, eta partidak tonu bera ez hartzea derrigorrezkoa izango du helburua lortzeko.

Iragan igandeko itxura onari eutsi, eta hiru puntuak eskuratu nahi ditu horretarako. Egiten badu, Espainiako Ligako lidergoan igaroko du ostiral gaua. Postu berean beste inor egon gabe, gainera; baita berdintzen badu ere. Baina aho zapore mingotsa izango luke lehen postuak.

Izan ere, ligako azken sailkatua jasoko dute txuri-urdinek. Leganes hondoa jota dago, bost puntu besterik ez dituela. Alabaina, suspertzeko xedez helduko da Donostiara, Javier Agirre gidari hartuta. Osasunako entrenatzaile ohia gaur estreinatuko da karguan.

Zeruertza ilun izanagatik, Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea ez da fio talde espainiarraz: «Ez da erraza izango. Gaitasuna dute; atzeko lerroan, jende zaildua, eta aurrealdean, abilezia duten jokalariak». Alabaina, Orioko prestatzailearentzat «ez da lehentasunezkoa Leganesek nola jokatzen duen», eta esan du nahiago duela bere jokalarien egitekoan jarri arreta: «Ez dakigu zer [joko] proposamenekin etorriko diren; beraz, aurre egin beharreko erronka bat balitz bezala hartzen dut».

Garaiaz gozatzen segitu nahi dute txuri-urdinek, ahal duten guztietan beste urrats bat eginda. Leganes azpiratu eta lidergoan kokatzeak «izugarri» motibatzen du Imanol: «Asko geratzen da, eta ez dakigu noiz arte gozatu ahalko dugun honetaz».

Bere jokalarien lanak zaleak zelaira «ilusioz» joatea eragin duela uste du Realeko entrenatzaileak. Nolanahi ere, orain arteko pizgarri handienetako bat, Martin Odegaard, deialditik kanpo utzi behar izan du: «Min hartuta dago, eta ez da iritsiko partidarako». Kontrara, Aritz Elustondo Leganesen aurkako zerrendan dago, osatu baita.

«Esan ohi da gogoa goian dagoenean aprobetxatu egin behar dela», azpimarratu zuen Imanolek. Jokalariek bere egin nahi dituzte entrenatzailearen esanak.

REALA-LEGANES

Reala. Remiro; Zaldua, Aritz,Llorente, Monreal; Zubeldia, Merino, Portu; Januzaj, Oiartzabal, eta Willian Jose.

Leganes. Cuellar; Rosales, Bustintza, Siovas, Kevin Rodrigues; Recio, Roque Mesa; Arnaiz, Rodriguez, Braithwaite, eta Carrillo.

Epailea. Martinez Munuera.

Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).

Ordua. 21:00etan (M.La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.