Albistea entzun

Puntu preziatuen derbia

Hernani eta Ordizia elkarren aurka ariko dira gaur, Landaren. Mailari eusteko lehian segitzeko irabazi nahi dute etxekoek; ligako bi onenei hurbiltzeko, berriz, kanpokoek.
Ordiziaren eta Hernaniren arteko derbiaren irudi bat, lehenengo itzuliko hirugarren jardunaldian, Altamiran. Ordiziarrek irabazi zuten, 66-14.
Ordiziaren eta Hernaniren arteko derbiaren irudi bat, lehenengo itzuliko hirugarren jardunaldian, Altamiran. Ordiziarrek irabazi zuten, 66-14. CARLOS MEDIAVILLA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Rodriguez -

2020ko urtarrilak 25

Puntu premiaz daudela jokatuko dute gaur derbia Hernanik eta Ampo Ordiziak, baina bakoitzaren arrazoiak aski ezberdinak dira. Hernanik behar larria du, Espainiako Ohorezko Mailako azken tokian baitago, eta azken-aurrekoa, Complutense Cisneros, zortzi puntura urrutiratu zaio, haren zelaian galdu baitzuen joan den astean. Ordizia, ordea, laugarren postuan sendotu da, titulurako kanporaketetarako sailkapena bermatzen duen tokian, eta Hernaniri irabazteak anbizio handiagoko helburuetara hurbiltzeko balio izango lioke, VRAC Quesos Entrepinares liderra bera bortz puntu eskasetara baitu.

Gipuzkoako bi taldeak hamalaugarren jardunaldian ariko dira elkarren aurka, gaur, Landaren (16:00). Hernanirentzat mingarria izan zen Cisnerosen zelaian galtzea (39-25), baina Mikel Perez jokalaria (Hernani, Gipuzkoa, 1993) baikor dago, duela bi aste Ciencias Cajasolen aurka izan zuten «sentipen txarra» hobetu zutelako —23-41 galdu zuten—. «Emaitzarekin ez, baina jokoarekin gustura atera zen taldea». Perezek aitortu du mailari eustea «zailagoa» dutela orain, baina ziurtatu du «azken partidara arte borrokan» jarraituko dutela. «Beste urte batzuetan alde handiagoei ere buelta eman diegu».

Urte bukaerako garaipena

Hernani partida guztiak galduta ailegatu zen azaroko etenaldira, baina defentsako hiru puntu gehigarri pilatu zituen, eta horregatik ez zuen aitzinekoen soka guztiz galdu. Perezek erran du puntu horiek «zapore gutxi» badute ere «garrantzitsuak» direla. «Denboraldi honetan, gainera, erasoko puntuak zailago jarri dira, aurreko sasoian nahikoa baitzen lau entsegu egitea horiek lortzeko, baina orain beste taldeak baino hiru gehiago egin behar dira».

Hala ere, salbazioa garaipenek emanen diote Hernaniri. Azaroko etenaren ondoren, Patrick Polidori entrenatzaileak helburutzat paratu zuen urtea gutxienez garaipen batekin bukatzea, eta halaxe egin zuten, abenduko azken jardunaldian Bartzelonari irabazita (32-31). «Guretzat sekulako poza izan zen, eta eskerrak irabazi genuen».

Bartzelona titulurako kanporaketetarako sailkatzeko lehian murgilduta dago, eta Hernanik datozen hiru jardunaldietan sailkapenaren postu horietan daudenen aurka jokatuko du Landaren. Perezek konfiantza du taldearengan: «Etxeko partida guztiak irabazteko gai garela uste dugu, hemen dauzkagun zaleekin eta gure zelaiak ematen digun indar horrekin».

Lehen bisitaria Ordizia izanen dute. Hernaniko jokalariak aitortu du «bi taldeen arteko desberdintasuna, agian, beste urte batzuetan baino handiagoa» dela. «Baina guretzat horrelako derbi bat jokatzea beti da berezia; gehigarri emozional bat ematen dizu etxe ondokoei irabazteak. Hemen [Landaren] gauzak zail jarri izan dizkiegu, eta espero dut aurten ere horrela izatea».

Hain zuzen, Alain Araña Ordiziako jokalariak (Ordizia, Gipuzkoa, 2000) ez du partida samurra espero gaur. «Hernaniren aurka jokatzeko inoiz ez da sailkapena begiratu behar, eta jakin behar da haiek ehuneko ehuna emango dutela, eta gogotsu egoten direla gure aurka jokatzeko. Are gehiago orain, puntu beharrean daudelako azken postua uzteko». Ordizia ezin une gozoagoan ailegatuko da Landarera, aitzineko jardunaldian Alcobendas ordura arte lider zenari Altamiran irabazita (18-12). Azaroko etenaren ondotik lau partida irabazi dituzte, eta bakarra galdu dute. Gainera, irabazitakoen artean bertze lider bat ere azpiratu zuten, Quesos Entrepinaresi irabazi egin baitzioten Valladoliden (10-25). «Nik uste dut ez dela kasualitatea. Astero astearte eta ostegunetan egiten dugun lan hori azkenean emaitzetan islatzen da».

Finalerdiak, «posible»

Laugarren postuan dago Ordizia, joan den sasoian bukatu zuen postu berean. Bigarrena, ordea, hiru puntura baino ez du, eta horrek aukera emanen lioke zuzenean titulurako kanporaketen finalerdietarako sailkatzeko. Arañak «posible» ikusten du hori. «Oso zaila izango da finalerdietara iristea eta horiek irabaztea, baina uste dut badaukagula jendea horretarako, sorpresa eman eta irabazteko, eta aurten zerbait inportantea lortzeko».

Arañak bigarren denboraldia du Ordiziaren talde nagusian. Juan Manuel Lescano uztartze erdilari argentinarra lesionatuta dago, eta jokatzeko minutu gehiago izan ditu. «Niretzat pribilegio bat da hemen jokatzea, eta, aukerak edukita, are gehiago».

Bederatzi jardunaldi falta dituzte liga bukatzeko, eta bi taldeek garaipena behar dute beren helburuak lortzeko. Perezek eta Arañak espero dute harmailetan giro paregabea egonen dela.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Mikel Rodriguez

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.