Ederra izaten ari da itzulera

Caixabank Masterseko lider dira Iñaki Artola eta Beñat Rezusta. Atzelari bergararrak azaldu duenez, «beldur pixka bat» zuen nola ariko ote zen itzuleran horren etenaldi luzearen ondoren. Baina «gustura» ari da. Bikotekidearen lana nabarmendu du.

Beñat Rezusta, atzo, Tolosako Berazubiko frontoian, entrenamendua hasi aurretik. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ez da gaitzik onik ez dakarrenik. Koronabirusak dena hankaz gora jarri zuenean, apur bat burumakur zebilen Beñat Rezusta (Bergara, Gipuzkoa, 1993). Finalerdietako ligaxka ari ziren jokatzen Binakako Txapelketan, baina berak denbora zeraman lehiatik kanpo. Ustez bikoterik indartsuenetako bat izan arren, hura eta Iker Irribarria ez ziren gai izan aurreneko ligaxka gainditzeko. Atzelaria gaizki ohitua zegoen, binakakoaren aurreko lau ekitaldietan iritsia baitzen finalera: bitan izana zen txapeldun —2017an Irribarriarekin, eta 2019an, Danel Elezkanorekin—; eta beste bitan txapeldunorde —2016an, Juan Martinez de Irujorekin, eta 2018an, Elezkano II.arekin—. «Ezinean aritu gara», aitortu zion egunkari honi binakakotik kanpo geratu berritan.

Bost hilabete pasatu dira ordutik, eta Rezustak oso bestelako aldartea du orain. Harentzat, ederra izaten ari da itzulera. Indartsu bueltatu da. Hura eta Iñaki Artola lider dira, Caixabank Masterseko lehen bost jardunaldiak jokatuta: lau partida irabazi dituzte, eta bakarra galdu. «Gustura ari naiz, bai jokatzen, bai entrenatzen. Ondo ari gara Iñaki eta biok: bost partidetatik lau irabazi ditugu. Emaitza oso ona da. Oso pozik nago».

Pilotari guztiek bezala, hark ere «beldur pixka batekin» ekin zion lehiari. «Denbora asko egin dugu geldirik, eta, nahiz eta txapelketari ekin aurretik entrenamendu batzuk egin genituen, partida bat jokatzeak ahalegin handiagoa eskatzen du; gehiago exijitzen diozu gorputzari. Horregatik, normala da hasieran lesioak izatea horren etenaldi luzea izan eta gero. Zorionez, oraingoz, zortea izan dut, eta ez dut minik hartu. Espero dut horrela jarraitzea».

«Oso gustura» ari da Artolarekin. «Iñaki baino urtebete zaharragoa naiz ni, eta, debutatu aurretik, hainbat aldiz jokatuak ginen, bai elkarrekin, bai elkarren aurka. Profesionaletan, ordea, behin baino ez ginen izan bikote. Hala ere, ondo moldatzen gara; bikote ona osatzen dugu. Iñakik erritmoa sartzen dio jokoari, eta edozein tokitatik laguntzeko ahalmena du. Lan polita ari gara egiten. Emaitzak dira horren isla».

Txapelketa «parekatua»

Gustatzen zaio Caixabank Mastersaren formatua; hots, Aspeko eta Baikoko pilotariak elkarrekin jokatzea. «Aukera polita da udan bikote ezberdinak ikusteko. Guk eskertu egiten dugu, eta pilotazaleek ere bai. Badira asko errepikatzen diren bikoteak, bai txapelketetan, bai torneoetan, eta bi enpresetakoak nahastea aukera ona da zerbait ezberdina eskaintzeko. Jendeari gustatzen zaio gauza berriak ikustea, eta garai hau ona izan daiteke horretarako. Guk, nahiz eta enpresa ezberdinekoak izan, ez dugu arazorik elkarrekin jokatzeko. Gustura egiten dugu».

«Parekotasun handikoa». Halaxe definitu du Caixabank Mastersak orain arte emandakoa. «Bi bikote pixka bat atzean geratu dira [Elezkano II.a-Aretxabaletak eta Urrutikoetxea-Irribarriak ez dute oraindik irabazi], eta horietatik bat bi aurrelariz osatutakoa da [Urrutikoetxea-Irribarria]. Postua aldatuta ari dira, eta normala da kostatzea partidak aurrera ateratzea. Baina, gero, sei bikote gaude garaipen eskas baten tartean. Oso indartsu gaude guztiak, parez pare. Hasieran, beti aipatzen da bikote bat edo gehiago daudela guztien gainetik, baina orain arte ez da halakorik ikusi. Berdintasun handia dago. Inor ez dago inoren gainetik».

Txapelketaren gogortasun horren eredutzat jo du bihar, Iruñean, Joseba Ezkurdiaren eta Aitor Arangurenen aurka jokatuko duten neurketa. «Oso bikote indartsua da, eta ia ez dute oparirik egiten. Aranguren, nahiz eta iritsi berria izan, oso seguru ari da; apenas galtzen duen pilotarik. Ezkurdia, berriz, une gozoan dago aspalditik; denbora luzea darama asko jokatzen. Lasai nabari zaio kantxan, konfiantzaz, edozein tokitatik sartzeko prest. Beti izan du defentsa handia, eta, orain, erasoan ere bikain ari da. Pilotari puska da. Oso ondo egin beharko dugu gure lana irabazi nahi badugu. Saiatuko gara, aurreko partidetan egin bezala, guk jartzen erritmoa lehiari, eta ea ondo ateratzen den».

Ari da egokitzen normaltasun berria deritzonera, frontoian zein frontoitik kanpo. «Guztian daude aldaketak, maskara eraman behar izatetik hasita. Eta, noski, frontoia ez da salbuespena. Orain arte gauzak ondo ari dira egiten frontoian, segurtasun eta osasun neurriak betez. Entrenatzeko zenbait tokitan ez dugu aukerarik izan lana amaitutakoan dutxa bat hartzeko, baina egoera dagoena da. Behintzat, astero jokatzen ari gara. Ez gaude kexatzeko moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.