Konfiantza daukate bidaide

Gernikak Espainiako Superkopako finalerdia jokatuko du gaur, Valentziaren aurka, Miribillan. Belen Arrojok azaldu duenez, «oso sentsazio onekin» ekingo diote lehiari.

Belen Arrojo, ostegunean Malosten egindako prentsarako agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaiak txapelketa bat jokatu berri du, Euskal Kopa, eta baita irabazi ere. Eta beste baten atarian da dago, gainera: gaur ekingo dio Espainiako Superkopari. Sona handiko hiru talde arituko dira asteburuan Bilbon, Miribilla pabiloian, Gernika-Lumoko taldearekin batera: Valentzia, Spar Girona eta Perfumerias Avenida. Gaur jokatuko dituzte finalerdiak: Gernika eta Valentzia ariko dira aurrenekoan, 19:00etan, eta Spar Girona eta Perfumerias Avenida, bigarrengoan, 21:15ean. Finala, berriz, bihar jokatuko da,21:00etan. Teledeportek emango ditu partida guztiak, zuzenean.

Belen Arrojo Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalariak (Granada, Espainia, 1995) badaki aurkari indartsuen aurka ariko direla, baina nabarmendu du taldea «oso momentu onean» dagoela: «Oso sentsazio onekin goaz. Euskal Kopa irabazi izanak konfiantza eman dio taldeari, eta irrikaz gaude Superkopa jokatzeko».

Arerio gogorra izango dute finalerdietan: Valentzia. Aurreko denboraldiko ligako bi partidak luzapenean amaitu ziren —partida bana irabazi zuten, etxean jokatutakoa—. Denboraldi honetarako, baina, ez dute balio erreferentzia horiek, Arrojoren ustez; halere, «oso partida lehiatua izatea» espero du: «Oso partida gogorra izango da. Aurreko sasoitik hona, gora egin du Valentziak, maila handiko jokalariak fitxatu baititu: WNBAko eta Espainiako selekzioko jokalari onak fitxatu ditu. Zaila izango da hari irabaztea, baina guk barruan daukagun guztia emango dugu, eta irabazten saiatuko gara».

Spar Gironak eta Perfumerias Avenidak jokatuko dute beste finalerdia. Bi horien arteko partida ere «lehiatua» izatea espero du: «Goian denbora asko daramate bi taldeek. Uste dut partida oso ona izango dela. Ohituta daude horrelako txapelketak jokatzen. Ikusteko oso partida polita izango da». Taldeak ikusita, «oso txapelketa parekatua» izango delakoan dago: «Oso Superkopa zaila izango da. Oso talde lehiakorrek hartuko dute parte, eta sekulako jokalariak dituzte guztiek. Gogorra izango da, baina lehiatzeko irrikaz gaude».

Baina Gernikako jokalariak ez dio uko egiten txapelketa irabazteari, eta azpimarratu du «talde lana»oso garrantzitsua dela hori lortzeko: «Talde osoa partidak irauten dituen 40 minutuetan konstantea izatea da gakoa. Defentsa lanetan sendo ibiltzeak erasoan ere ondo aritzea dakar. Garrantzitsua da talde osoak helburu berberak izatea, eta erabakigarria txapelketaren bilakaerarentzat».

Txapelketa osoa asteburu bakarrean jokatuko da. Arrojori ez dio kezkarik sortzen partida batetik bestera 24 ordu baino gutxiagoko atsedenaldia izateak: «Jokalariok ahalmena daukagu denbora gutxian gorputzari buelta emateko. Egia da denboraldi-aurrean gaudela oraindik, eta ezberdina dela esfortzu hau orain egitea edo hemendik hilabete batera; halere, horrelakoak egitera ohituta gaude, eta Superkopako finala jokatzea motibagarria da».

Beste hainbat kiroletan egiten ari diren bezalaxe Miribilla pabiloiko harmailetan zaleak sartu ahalko dira, kopuru murritza baldin bada ere. Espainiako Saskibaloi Federazioak erabaki du Bizkaiko saskibaloi kluben artean banatzea Superkopa ikusteko sarrera guztiak. Euskal Kopako finala jokatu zutenean ere harmailetan zaleak zeuden, eta Arrojok nabarmendu du horrek beste «xarma» bat ematen diola saskibaloiari: «Arraroa egiten da harmailetan zalerik ez egotea. Denboraldi-aurreko neurketa gehienak ateak itxita jokatu ditugu. Euskal Kopako finalean, zale gutxi batzuk sartu ziren, eta horrek lagundu egiten du».

Irabazten hastea giltzarri

Denboraldi-aurrean egiten den lana ez da atsegina izaten, eta egindako lan horrek zerbaiterako balio duela ikusteak eramangarriagoak bihurtzen ditu prestakuntza lan horiek. Gernika-Lumoko taldearentzat funtsezkoa da denboraldiari sentsazio onekin ekitea: «Euskal Kopa irabaztea oso garrantzitsua izan zen taldearentzat. Bide onetik goazen seinale da. Helburuak argiago dauzkagu orain, eta lanean ondo ari garela erakutsi digu».

Halere, ez du uste sasoi hasiera honek taldearen nondik-norakoa markatuko duenik: «Denboraldia oso luzea da, eta pixkanaka-pixkanaka ikusiko da talde bakoitzaren ahalmena. Gu, adibidez, behetik gora joan ginen aurreko sasoian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.