Zubieta, grinaren gotorlekua

Realak ekin dio Espainiako Kopako finala prestatzeari. Ligako azken porrota indar bilakatu nahi dute txuri-urdinek, lesioei eta selekzioen partidei erreparatzeaz gain.

Asier Illarramendi eta Jon Bautista, duela egun batzuk Zubietan egindako lan saio batean. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Puntu eta jarrai. Realak ez du denborarik galdu nahi izan joan zen igandean Bartzelonaren kontra izandako porrotari erreparatzen, eta jada apirilaren 3ko Espainiako Kopako finalari begira jarri da. Lezioa ikasita, ahulgunea ikasgai bihurtu nahian ekin dio Athleticen aurkakoa prestatzeari. Grinatsu mintzatu zen atzo Imanol Alguacil teknikaria: «Bizia emango dugu, bai egun hauetan, baita finalean ere». Prestatzaile oriotarrak abian jarri du finala prestatzeko makineria, Zubietan; huraxe bihurtu du grinaren gotorleku.

Multzoaren zatirik handiena du lagun egiteko horretan; aldiz, zenbait jokalari osatze bidean dira, eta beren selekzioekin bilduta daude beste batzuk. Haiek gabe landu beharko ditu zenbait aldagai. Tartean, jokoa eta arlo psikologikoa.

LIGAKO GURMARIK GABE

Imanolek sarri-sarri errepikatu du Kopa bazter utzi behar zuela Realak harik eta apirila hurreratu arte. Kontu bat nahia da, eta ahala beste bat. Azken bizpahiru asteetan, txuri-urdinen jiran egon da finalaren aura moduko bat ezarria. Helburu nagusira heldunahi bat. Bide horretan, gurma izan da txapelketa erregularra. Realak galdu egin ditu ligako azken bi partidak, Granadaren eta Bartzelonaren kontra. Azken neurketan jipoia hartu zuen, gainera (1-6); joan zen jardunaldiak egin zuen onena iragatea izan zen. Orain, bete-betean prestatu dezake finala.

ERAGINKORTASUNA XEDE

Realak erasoko joko bizia egiten du, eta emaitza kaskarrak izan dituen boladan ere nahi ezta ere izan ditu gol aukerak. Horixe izan du bere lasta, ordea; abaguneak ez aprobetxatzea. Donostiarrek eraginkortasunean sakondu behar dute finalaren atarian. Aukerak sortzeaz gain, baloiak sarean sartzea.

Bi interpretazio egin daitezke horren inguruan. Baikorrena, aurkariaren arearen inguruan ibili zaleak direla txuri-urdinak. Hala, errenta lortzeko aukera handiagoa da; probabilitate kontua da. Aldiz, beste aldea agerian uzten du interpretazio ezkorrak. Ate aurrean sarri egon eta ez asmatzeak presa sor dezake aurrelariengan.

Behinola izandako erraztasuna berreskuratzea da joko zelairako duen helburu nagusia. Onena, badakiela hori nola egiten den: Alexander Isakek eta Mikel Oiartzabalek hamarna goletik gora sartu dituzte sasoian zehar.

UNEAREN KUDEAKETA

Talde gaztea da txuri-urdina. Epainiako ligan ari diren taldeak kontuan hartuta, batezbestekorik txikienetan hirugarrena du adinari dagokionez (25,7), Bartzelonaren eta Valentziaren atzetik. 25,6koa dute haiek. Datu horrek erabateko lotura du finaletarako eta halakoetarako esperientzia faltarekin. Horri gehitu behar zaio harrobiko jokalariek Realean duten presentzia handia, eta klubarekiko duten lotura sendoa.

Horrenbestez, unea egoki kudeatzea ezinbestekoa bilakatu da partida honetarako. Jokalaririk beteranoenek garrantzi berezia dute; Asier Illarramendiren, Nacho Monrealen eta David Silvaren garaia da. Hirurek zenbait garaikur lortu dituzte beren ibilbidean, eta badute esperientzia atzera-bueltarik gabeko neurketak jokatzen. Hori irakatsi behar diete gazteenei.

Alde horretatik, agerikoa da aurkariaren jardute handiagoa. Athleticek final bat jokatua du aurten, eta, halakoetan gehiago aritutako jokalariak izateaz gain, multzo esperimentatuagoa du. Dena den, horrek ez du zertan kalterako izan. Berritasunari zor zaion freskotasuna aldeko izan daiteke Realarentzat, eta alderdi hori baliatzen saiatuko da Imanol. Historia dute zain.

'FIFA BIRUSA',ATAIZEAN

Zenbait jokalari Zubietatik urrun ariko dira finalaren atarian. Selekzioek 2022ko Munduko Txapelketarako sailkatzeko partidak jokatuko dituzte datozen egunetan, eta Realak Europan barreiaturik izango ditu zenbait jokalari garrantzitsu. Espainiako selekzio nagusian ari da Mikel Oiartzabal, eta 21 urtez azpikoan Ander Barrenetxea eta Martin Zubimendi. Adnan Januzajek Belgikako taldearekin jokatuko du, eta Alexander Isakek, Suediakoarekin.

Halako egoera batean, kideekin aritu ezina buruhauste bat da Realekoentzat. FIFA birusa da beste bat. Hala deitzen zaio beren selekzioekin joan ostean min hartuta itzultzeari. Betiere, norbere klubarekin lan saioak egitea seguruagoa da sailkapen fase batean lehian jardutea baino. Horrek ere izan dezake indargunea, ordea: egunerokoaren zurrunbilotik urrun egoteak, finalaren matraka gertu ez izateak, lagun dezake buruz fresko egoten.

ERIZAINDEGIA HUSTEN ARI DA

Sasoiaren lehen zatian partida asko jokatu du Realak, eta horrek arazo fisikoaksortu dizkie zenbait jokalariri. Pixkanaka-pixkana, osatzen ari dira gehienak. Joseba Zaldua eta David Silva taldekideekin entrenatu ziren atzo, eta aurki egingo du beste hainbeste Monrealek. Mikel Merinok eta Robin Le Normandek atseden hartu zuten atzo, baina ez dute arazo fisikorik. Aritz Elustondo eta Aihen Muñoz osatzeko bidean dira. Zailago du Jon Guridik.

IMANOL, DENEN ZAINDARIA

Norbait partidaren zain baldin badago, Imanol Alguacil da hori. Txuri-urdinen teknikariak bere bizkar hartu du partidaren zama, eta jokalariei presioa kentzea du xede. Oriotarra izan da finaleko txinparta piztearen arduraduna, eta ez du garaikurra lortu arteko bakerik izango. Zehatz-mehatz osatu du finalera arteko plangintza; horri begirako mezuak helarazi ditu igandeaz geroztik.Zubieta da Realaren grinaren gotorlekua, eta Imanol, hango zaindaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.