Arrauna

Olatu zulotik olatu gainera

Tolosaldeak eta Zarautzek bihar hasiko dute ETE liga. Tolosarrak txapeldun izan ziren iaz, eta xede bera dute aurten. 'Enbata' berriz uretaratuko da, eten baten ostean.

Iragan urtean Getarian jokatutako ETE ligako estropada. Bihar ekingo zaio aurtengo sasoiari, Pasai San Pedron. GORKA PEÑAGARIKANO.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Arraunean, arraun egiteko modua ezberdina da olatuaren fase bakoitzean. Traineru bat olatuaren zuloan dagoenean, pazientzia behar du arraunlariak: palakada bakoitza ondo bukatzea komeni zaio, presarik gabe. Egiteko astuna da, baina ezinbestekoa. Aldiz, olatuaren gailurrean dagoenean bizkar kolpe biziz aritu beharrean izaten da kirolaria, ontziak abaila hartuko badu.

Egiteko era horrek badu zerikusirik elkarte baten bilakaerarekin. Trainerua baldatik jaitsi eta uretaratzean, pazientzia izaten da lagunik onena. Behin martxa hartua duenean, berriz, ez dago palakadarik barkatzerik. Jo eta jo aritu behar da, goiko postuak lortzeko borrokan kontrarioek ez baitute atsedenik ematen. Errealitate horien jiran dabiltza Zarautz eta Tolosaldea. Enbata-koek txalupa berriz ere uretaratzea lortu dute;beren proiektuari segida eman nahian dira tolosarrak.

ETE ligan elkartuko dira bi traineru horiek, bihartik aurrera (17:00). Pasai San Pedron (Gipuzkoa) jokatuko dute lehendabiziko estropada, eta Getarian (Gipuzkoa) bigarrena. «Gogotsu gaude», esan dute Onintza Olaizolak (Zarautz, Gipuzkoa, 1994) eta Malen Oiartzabalek (Tolosa, Gipuzkoa, 1999). Zarauztarren entrenatzailea da Olaizola, eta Tolosaldeko tostetan ari da Oiartzabal.

«Azken estropadetan, oso grinatsu ikusi ditut neskak, eta sentipen onen bila ariko gara asteburuan ere. Ondo egin nahi ditugu gure lanak», adierazi du Olaizolak. Hori izango da Enbataren helburua aurtengo sasoian, eta teknikariak esan du «ligan lehiakor» aritu nahi dutela: «Ez dugu beste traineruen lehiatik kanpo egon nahi. Azken estropadetan ikusi dugu lehiatu gaitezkeela, badaudela gure mailako traineruak, eta horrek gogoa piztu digu».

Estreinaldiaren bezperan, tolosarrek ere antzeko sentipenak izan dituzte, baina bestelakoa dute sasoi amaierarako helburua. Ligako goiko postuetan egon nahi dute Patxi Francesek prestatutako arraunlariek; ez alferrik, liga aise irabazi baitzuten joan zen sasoian. Gauza bera egin nahi dute aurten, Oiartzabalen esanetan: «Iaz denboraldi biribila osatu genuen, eta zaila da berdintzea, baina gu horretan saiatuko gara». 2020an, Tolosaldeak irabazi zituen jokoan zeuden hamabi banderetatik bederatzi.

Dena den, aurten handitu egin da lehen postuetan aritu nahi duten taldeen multzoa. Oiartzabalek Deustu, Zumaia eta Hibaika sartu ditu saldo horretan, Pasai Donibane eta Ondarroa bazter utzi gabe: «Borroka handia egongo da».

Bestelakoa izango da zarauztarren lehia. Proiektu berri bakoitzak egonkortzeko aldi bat behar izaten du, eta bolada horretan dira Olaizolak prestatutakoak. Horri dagokionez, teknikariak etorkizunerako oinarriak jarri nahi ditu: «Urte hau ondorengoetan etorriko den traineruaren oinarria izatea nahi dugu». Oraingo taldea abiapuntu izanda «hazten» segitu nahi du Zarautzek, haren esanetan.

Badute horretarako astia. Arraunlari gehienek esperientzia txikia dute tostartean. Olaizolak azaldu duenez, «gaztetasuna» da taldearen ezaugarri nagusia: «Ia denak 20 urteren azpitik daude, eta gehienak ia hutsetik hasitakoak dira. Urrian hasi ziren gehienak arraunean».

Beste muturreko egoeran dago Tolosaldea. Arraunlari asko elkarteko haztegian zailduta heldu ziren ontzi nagusira. Estreina, Jose Luis Perezek hartu zuen traineru horren ardura, eta Francesek ordezkatu zuen 2019an: «Hiruzpalau urtez ari gara bizkarrezur honekin. Epe luzeko proiektua da, eta horri jarraipena eman nahi diogu», dio Oiartzabalek.

Aurten, estropada gehiago

Bihar hasi eta abuztuaren 28an amaituko da ETE liga. Hamalau estropada izango ditu guztira—iaz baino bi gehiago—, eta 11 lehiakide. Zarautzez eta Tolosaldeaz gain, Gipuzkoakoak izango dira beste hiru ontzi: Zumaia, San Juan eta Hibaika. Aldiz, Lekittarrak, Deustuk, Lutxanak eta Ondarroak osatuko dute bizkaitarren multzoa, eta Lapurdi izango da beste euskal taldea. Castro da ligako hamaikagarren ontzia.

Urtez urte maila «hobea» duen txapelketa da ETE liga, Olaizola zarauztarrak dioenez: «Zorionez, maila handia dago, eta badaude Euskotren ligara begira ari diren taldeak. Denboraldi-aurreko estropadetan ikusi da haiekin lehiatzeko gai direla. Gu koska bat beherago gaude; oraingoz, erdialdeko taldeei eusten saiatuko gara , urteen poderioz goraka egin ahal izateko».

Tolosaldea da emakumezkoen gorengo mailari begira ari diren taldeetako bat. Erreparorik gabe onartu du hori Oiartzabalek: «Iaz jada etorri zitzaigun gogora. Gero, ez genuen asmatu, baina bai: liga hori buruan dugu. Lehenago edo beranduago iritsiko da, baina uste dut iritsiko dela». Iaz, Euskotren ligara igotzeko kanporaketak jokatu zituzten tolosarrek.

Olatu gainean eroso daude tolosarrak, eta horri segida eman nahian dira aurten ere. Zarauztarrek, berriz, hara heltzeko asmoa dute. Bihartik aurrera jarriko dira bide horretan. Bien bitartean, ondotxo dakite nola kokatzen den traineru bat olatuaren gailurrean: lanaren eta pazientziaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.