Sokatira. Munduko Txapelketa

Beste domina bat kolkoan

Goiherrik brontzea lortu du gizonezkoen 23 urtez azpikoan. Beste bi mailatan euskal tiratzaileak ez dira sailkatu finalerdietarako

Goiherriko 23 urtetik beherako tiratzaileak, brontzezko dominak jasotzen, atzo, Getxon. LUR GIL.
Lur Gil.
Getxo
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Taldeen arteko lehiari amaiera eman zioten atzo Getxon (Bizkaia), Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketan, azken lau txapelak jokoan zituztela. Lorpenik handiena goizean etorri zen: gizonezkoen 23 urtez azpikoen brontzezko domina.

Goiherrik (Erandio, Bizkaia) lortu zuen podiumaren hirugarren kutxara igotzea. Lau talde aritu ziren gazteenen lehian, eta multzoko lehian hirugarren sailkatu ziren bizkaitarrak. Powerrangers Flandriako taldeak zapuztu zien finalera pasatzeko ametsa.

Martxel Azkorbebeitia Goiherriko atzelariak (Abadiño, Bizkaia, 2003) adierazi zuenez, flandriarrei irabazteko esperantza zuten: «Sailkapen fasean gertu izan dugu haien aurkako garaipena, eta ,ondo tiratuz gero, irabazteko aukera genuen».

Ezin izan zuten, eta hirugarren postua errusiarren aurka irabazi zuten, nagusitasunez. Gehienentzat lehenengo domina izan da Munduko Txapelketa batean. Izan ere, oso talde gaztea da, 20 urteren bueltakoa. Hurrengo MundukoTxapelketan ere zortziko bera ateratzeko aukera izanen dute, eta eskarmentu gehiagorekin.

Azkorbebeitiaren esanetan, entrenamendu gogorrak egin dituzte: «Atzelaria behar zuten, eta ni Abadiñotik joan naiz. Entrenamendu asko eta gogorrak egin ditugu elkarrekin, baina merezi zuen taldea ateratzea Getxoko Munduko Txapelketan».

Arratsaldean, berriz, ez zen uztarik izan. Gertuen emakumezkoen 540 kilokoan izan zuen Gaztedik, baina finalaurrekoak Shi Da Taiwango taldearen aurka galdu eta gero, hirugarren postuari ere ezin izan zioten eutsi: Herbehereetako Gelderswoude ren aurka amore eman behar izan zuten. Taiwandarrek, berriz, ez zuten ahuldaderik erakutsi, eta txapeldun izan ziren beste behin ere.

Gizonezkoen 640 kilokoan bost euskal talde aritu ziren: Gaztedi, Getxo, Goiherri A eta B eta Mutriku. Finalaurrekoetara sailkatzeko gertuen Goiherri egon zen, baina sailkatze multzoan lehiakide gogorrak izan zituen, eta ostegunean bezala, dominetarako lehiatik kanpo geratu zen azkenean.

Gaurtik, selekzioen artekoa

Taldekako lehia amaituta, gaur eta bihar selekzioen txanda izango da. Gaur goizean gizonezkoen 680 kilokoa eta 580 kiloko mistoa jokatuko dira: aurrenekoan, zazpi selekzio ariko dira, tartean Euskal Herrikoa; bigarrengoan ere euskal tiratzaileak ariko dira, beste 11 herrialdeetakoekin batera. Arratsaldean, berriz, sei selekzio ariko dira gizonezkoen 560 kilokoan, eta bost emakumezkoen 500 kilokoan. Guztietan ariko dira euskal tiratzaileak, eta guztietan daukate aukera dominaren bat irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.