Partida harmailan eta zelaian

Athleticeko zuzendaritzak kontuak aurkeztuko ditu bazkide konpromisarioen batzarrean. Taldea, berriz, Vila-reali irabazten ahaleginduko da, San Mamesen

San Mamesen jokatutako azken partidako irudi bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
haritz gallastegi
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Athleticek bi topaketa dauzka San Mamesen; biak garrantzitsuak. Goizean, 10:00etatik aurrera, zuzendaritza ahaleginduko da erakusten, bazkide konpromisarioen aurrean, klubaren kudeaketa egokia egiten ari dela. Behar gaitza dauka Aitor Elizegi buru duen lan taldeak. Berez, arlo ekonomikoa onartu ala ez erabakitzeko batzarra da, baina boto eskubidea duten bazkideek kontu askoren gainean euren iritzia plazaratzeko baliatzen dute: filosofiak, Lezama, kirol erabakiak... Horretaz guztiaz gain, jokalarien soldaten eta ematen ari diren mailaren arteko eztabaida, eta, batez ere, pandemiak eragindako zuloari aurre egiteko bazkideei eskatuko zaien ahalegina —120 euro gehienez— izango dira zeresan handien emango duten kontuak. Ibaiganeko ateak zabaldu zizkienetik, ez da erraza izan haientzat konpromisoaren batzarra aurrera ateratzea, eta aintzat hartuta sasoi amaieran hauteskundeak egingo direla, gaurkoa ez da salbuespena izango. Zuzendaritzak izan dezakeen abantaila bakarra da aurten konpromisario berriak daudela, eta jakinekoa da agintean dagoenak «aldeko» duen jandea egin ohi duela konpromisario boto eskubidea duten bazkideen zerrenda berritzea egokitzen denean.

Klubaren egonkortasuna bermatzeko, ezinbestekoa da aurrekontuek babesa izatea. Baina zelaian maila ematea da bazkide zein zaleak pozik eta lasai egoteko modurik onena. Lehen taldeak helburuak lortzen baditu, gainerakoa bigarren mailan geratzen da. Eta, bide batez, errazagoa izaten da kluba kudeatzea. Marcelino Garcia Toral zaleek galdutako ilusioa berreskuratzeko ahaleginean ari da. Entrenatzailea baikor dago: uste du taldea goiko postuetara eraman dezakeela. Baina, oraingoz, zertzelada batzuk baino ez ditu erakutsi. Talde irabazlea izateko, partida askotan izan behar da lehiakor, eta, oraingoz, ez du pauso hori eman. Vila-realen bisita neurgailu ona izan daiteke Athletic zer egoeran dagoen jakiteko; gaur jokatuko dute, 21:00etan. Unai Emeryk zuzentzen duen taldea ligako indartsuenetakoa da. Aste barruan Txapeldunen Liga jokatzetik dator. Beraz, nekea pilatu du. Baina, era berean, indarra eman dio Young Boysen kontra lortutako garaipen argiak. Athletici gertatzen zaion legez, Vila-reali ere kostatzen ari baitzaio neurketak irabaztea. Ligan lehia bakarra galdu du, baina bost berdindu ditu, eta horrela ezinezkoa da Europarako borrokan egotea. Halere, Yeremy, Samu, Alcacer, Gerad Moreno edota Danjuma bezalako jokalariekin errazagoa da garaipenaren bidean jartzea. Emeryren taldea nekatuta baina konfiantzaz gainezka zelairatuko da, eta Athleticek, berriz, nahi baino atseden gehiago hartuta egingo dio aurre norgehiagokari; ia hiru astez itxaron behar izan dute azken partida jokatu zutenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.