Qatarko Munduko Kopa

Zalantzaz betetako ametsa

Patxi Vrignon-Etxezaharreta France-Presse agentziako kazetaria Qatarren dago, Munduko Koparen berri ematen, eta herrialdearen berezitasunak ezagutzen ari da.

Patxi Vrignon-Etxezaharreta, France-Presseko kirol kazetari euskalduna, Qatarren, Munduko Kopako baloia buruan daukala. PATXI VRIGNON-ETXEZAHARRETA.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Munduko Kopa baten berri kirol kazetari gisa ematea profesionalki «ametsa» zuen Patxi Vrignon-Etxezaharretak (Hazparne, Lapurdi, 1995). France-Presse agentziak ametsa egia bihurtzeko aukera eman zion, eta Argentinako, Espainiako eta Uruguaiko selekzioen berri ematen ari da Qatarren. Hala ere, «zalantza» ugari izan zituen joan aurretik: «Amets profesionala betetzeko aukera izan da, baina, beste aldetik, nire balioekin talka egiten zuen gertakariak».

Lehiaketa hasi baino astebete lehenago iritsi zen Dohara, kirol arloan murgildu aurretik «katastrofe ekologiko eta humanitarioak» bertatik bertara kontatzeko. Ez zeukan erreferentziarik, horrelako herrialde batean inoiz egon gabe baitzegoen, baina aurretik pentsatzen zuen «guztia» betetzen dela dio: «Zinez hiri bitxia da Doha. Ez da inor kaleetan, denak barnean zerratuak bizi dira. Autoz ibiltzeko eginda dago, eta turistentzat pentsatua».

Bestalde, zenbait kazetariri oztopoak jarri dizkiete lan egiteko. Nahi den tokian grabatzeko, Prentsa Zentroan hartzen den «beste akreditazio bat» behar da, baina grabatzeko aukera izan arren legedia «berezia» dela aitortu du hazpandarrak: «Edonor filmatzen ahal duzu, baina ezin da pertsonen plano finkorik egin». Hala ere, haren iritziz, Qatarren argi daukate prentsa askatasuna oso garrantzitsua dela «Mendebaldean», eta ez du uste horretangehiegi sartuko direnik: «Herri honek asko zaintzen du irudia, eta ez diote sekula hedabide handi bati eragozpen handirik ematen».

Futbolzale sutsuek ere kritikatu dute Qatarren daukaten futbol kulturaren falta. Hazparnekoak argi dauka futbol giroa badagoela, batez ere «Munduko Koparen inguruan» antolatuta dagoelako dena. «Sentitzen da ardatz komunikatibo batetik Munduko Kopa bat dela. Jendearen aldetik, ordea, ezin da hori esan».

Qatarren, diskriminazioei aurre egin behar izaten diete emakumeek. Bertakoak diren oso emakume gutxi ikusi ditu harmailetan Vrignon-Etxezaharretak. «Emazte gutxi doaz; denak beltzez jantzita eta beti gizonarekin». Gainera, Munduko Kopa batek dakarren kultura aniztasunak bertako gizonen ohiturekin talka egiten duela ikusi du: «Qatarko gizonak zuriz jantzita doaz, eta harmailetan ez dira beste zaleekin nahasten».

Arazo ugari salatu dituzte Qatarrera joan diren hainbat zalek. Autoan ibiltzea «oso zaila» dela ohartarazi du Vrignon-Etxezaharretak, eta auto ilara luzeak sortzen direla. Kazetariek autobus bat daukate beren zerbitzura, eta zelaira eramaten ditu. «Oren bat edo bi oren partida hasi aitzin». Estadioetan egondako arazoek ere sona handia izan dute. France-Presseko kazetariak dio zenbait partidatan arazoak izan dituztela sistema informatikoarekin, eta «Hayya txartela [Qatarren sartzeko beharrezkoa den dokumentua] daukan edonori» estadioetan sartzen utzi diotela partida horietan.

Aldarrikapen hutsalak

Munduko Koparen aurkako adierazpen batzuk espero zituen Vrignon-Etxezaharretak Qatarren, eta, gutxi izan badira ere, ikusi dira batzuk. Alemaniako selekzioko jokalariek eskua ahora eraman zuten besokoaren auziarekin, eta espontaneo batek bakearen bandera atera zuen. Estadioetatik kanpo, ordea, ez du antzeko aldarrikapenik ikusi hazpandarrak. «Betiko eztabaida da, eta denok dugu gure rola bertan; kirolariek, zaleek eta kazetariok».

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.