Hiru bide, eta helburu bera

Osasunak Sevilla hartuko du Sadarren, Espainiako Kopako final-laurdenetan; Reala Bartzelonaren aurka ariko da, Camp Noun, eta Athletic, Valentziaren kontra, Mestallan

Aimar Oroz, Thomas Delaney Sevillakoarekin lehian, Sadarren, ligan. 1-0 irabazi zuten gorritxoek. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Zoriak sakabanatu egin ditu Osasuna, Reala eta Athletic Espainiako Kopako final-laurdenetan. Haiek dira lehian segitzen duten euskal talde bakarrak. Hiru talde dira zortziko multzoan, baina elkarrengandik urrun segituko dute oraingoz. Horrek badu esanahi inplizitu bat: aurrerantzean gurutzatzen badira, finalak euskal ordezkaritza izango du nahitaez. Hiru bide ezberdinetatik abiatuta, helmuga bera dute xede.

Aurrez, final-laurdenak gainditzea dute lehen egitekoa. Partida bakarrera jokatu den azken kanporaketa izango da, eta Osasuna soilik ariko da etxean. Gorritxoek Sevilla hartuko dute Sadarren hilaren 25ean, 22:00etan.

Printzipioz, aurkaririk samurrena da. Azken urteetan garaikur asko batu dituen arren, makal antzean ari da sasoi honetan —Espainiako Ligako jaitsiera postuetan dago—, eta Iruñean jokatuko da kanporaketa. Hori da beste berritasuna: Kopa sei urteren ostean itzuliko da Sadarrera. Aurreko hamabost kanporaketak etxetik kanpo jokatu dituzte, 2018tik gaurdaino jokatutako guztiak.

Bi taldeek zortzi aldiz neurtu dituzte indarrak Kopan, eta Osasuna nagusitu da azken lau aldietan. Beraz, aldartea eta zaleen berotasuna ez ezik, estatistikak ere alde izango ditu Jagoba Arrasateren taldeak. Sergio Herrera atezaina konforme zen zozketaren emaitzarekin: «Ligan jokatu genuen haien aurka, eta ondo moldatu ginen [1-0 irabazi zutenSadarren]. Gainera, etxean jokatzea beti da hobea».

Athletic eta Reala, kanpoan

Zoria petralagoa izan da Athleticekin eta Realarekin. Biak etxetik kanpo ariko dira. Zuri-gorriek Mestallan jokatuko dute, Valentziaren aurka, hilaren 26an, 20:00etan. Hain zuzen, Valentziak kanporatu zituen iaz, xextrak zipriztindutako finalerdian.

Bi taldeek bederatzi aldiz neurtu dituzte indarrak Kopan, eta azken lau aldietan Valentzia izan da garaile. «Kanporaketa zaila izango da. Iazkoa dugu buruan, eta zaila izan zen. Taldean sentipen onak ditugu, eta gauzak zail jarriko dizkiegu», esan zuen Yuri Berchichek. Athletici lotuta, Asier Villalibrek beste bi urterako berritu zuen atzo, 2025era arte.

Realak, berriz, zelairik malapartatuenean jokatuko du. Txuri-urdinak Camp Noun ariko dira, susperraldian dagoen Bartzelonaren aurka; hilaren 25ean, 21:00etan. Kontrako eztarritik joan ohi zaie han aritzea; azken 30 urteetan ez du irabazi. Historikoki, bi talde horiek sarri gurutzatu dira Kopan. Finaletan orain baino lehen, finalaren atariko kanporaketetan gerora. Azken aldietan, Bartzelona nagusitu da.

Hiru kanporaketa, eta askotariko estatistikak. Haiek, ordea, deus gutxi balioko dute epaileek partidak abiatzean. Hiru taldeek borborka dute ilusioa; aurrera egitea besterik ez dute buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.