Batek piztu, besteak leherrarazi

Realaren azken emaitza onek bat egin dute Adnan Januzajen eta Mikel Oiartzabalen joko onarekin; apal hasi zuten sasoia, baina beren onenera gerturatzen ari dira.

Jon Ander De la Hoz.
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Denboraldiko garairik onenean dago Reala. Azken sei partidetatik bakarra galdu du, Atletico Madrilen zelaian, eta azken bi norgehiagoketan garaile izan da, bost gol sartuta. Sailkapenean ere gora egin dute donostiarrek, eta zortzigarren postuan dira, Europa Ligarako sailkapena ematen duten postuetatik puntu bakarrera.

Eraginkortasuna eta kalitatea uztartu ditu aldi horretan Asier Garitanok entrenatutako taldeak, emaitzak ez ezik, jokoa ere hobetu egin baitu azkenaldian. Bi izen propio nabarmendu dira horretan: Adnan Januzaj (Brusela, 1995) eta Mikel Oiartzabal (Eibar, Gipuzkoa, 1997). Bi jokalari horien artean abiarazi dute sailkapenean gora egiteko suziria; goleko pase bidez piztu egin du Januzajek, eta baloia sareetara jaurtiz leherrarazi Oiartzabalek.

Realera bide ezberdinetatik iritsi arren, helburu bera dute biek: taldea teknikoki aberastea. Horretarako ekarri zuten belgikarra, izar deitura atxikia baitzuen lehendik ere, eta eibartarrak bere kalitatea agerian utzi zuen talde nagusian debuta egin orduko.

Espero dute biak jokalari garrantzitsuak izango direla Realean. Denboraldi hasieran, baina, bere onenetik urrun aritu da Oiartzabal. Espainiako Ligako lehen jardunaldiaren atarian, 2024. urtera arte berritu zuen kontratua Realarekin, eta taldeko kapitainetako bat izendatu zuten, Asier Illarramendirekin eta David Zurutuzarekin batera. Horrez gain, Xabi Prietoren erretiroaren ostean, berari egokitu zitzaion 10 zenbakia bizkarrean eramatea, bere garrantzia agerian utziz.

Hala, begi askoren soa kokotean zuela ekin zion eibartarrak sasoiari; ezin, ordea, zaleek espero zuten horretara heldu. Estreinako partidako aparraldia igarota, txuri-urdinei kosta egin zitzaien berriz ere partidak irabazteko lehergaia aurkitzea, eta horren isla izan zen Oiartzabal. Lehendabiziko zazpi jardunaldietan ez zuen golik sartu, eta goleko pase bakarra eman zuen.

Alabaina, San Mamesen egoerari buelta eman zioten donostiarrek, eta bere eskutik egin zuten. Orduan egin zuen Oiartzabalek sasoi honetako lehen agerraldi esanguratsua; bi gol sartu zizkion Athletici, biak penaltiz, eta Realaren garaipena gidatu zuen jokalaria izan zen. Ordutik asko hobetu dira Oiartzabalek zelaian egindako lana frogatzen duten datuak. Bi gol gehiago sartu ditu, eta taldeko golegile nagusi bilakatu da, taldearen gorakadarekin bat eginda.

Januzaj da bere jokoaren printzak erakusten ari den beste jokalaria. Errusian jokatutako Munduko Kopatik, belaunean min hartuta itzuli zen Belgikako jokalaria, gainera erori baitzitzaion Romelu Lukaku taldekidea, eta asteak eman behar izan zituen zelaitik kanpo. Osatu ostean, Atletico Madrilen aurkakoan itzuli zen zelaira, azken bederatzi minutuetan. Urriaren 27a zen.

Azken hiru partidetan hasieratik aritu da, bere kalitatea baliatu du orain arteko joko astuna arintzeko, eta jokalari garrantzitsu bilakatu da. Azken bi partidetan argi utzi du makina bat baliabide dituela, oso modu desberdinetan goleko bi pase eman baititu, edozein zirrikitu aukerak sortzeko aprobetxatuz. Horrez gain, defentsako lanean aritzeko prest agertu da.

Garitanok gogoko du, eta, osatu denetik, taldean protagonismo nabarmena eman dio, bere jokorik gorenera irits dadin. Astelehenean, ordea, Bergarako entrenatzaileak ohi baino lehenago ordezkatu zuen, eta bazirudien berriz ere min hartu zuela, lurrean etzanda egon baitzen denbora luzez, aurrez mindua izan zuen ezker belaunari eutsita. Jokalariak berak ukatu egin du lesiorik duela, sare sozialen bitartez helarazitako mezu batean: «Ez kezkatu nire lesioarengatik. Zuhurtziaz jokatu nuen, eta nire belauna babestu».

Golaren epeltasunaren bila

Januzaj eta Oiartzabal pizgarri izan dira azken partidetan, baina bestelakoa da Realeko erasoko beste jokalari gehienen kasua. Horien artean, Willian Joseren egoera da esanguratsuena. Hamaikakoan sartzen ari da aurrelari brasildarra, baina kosta egiten zaio golak sartzea. Hiru sartu ditu sasoi honetan, baina irailetik alerik egin gabe dago. Rayo Vallecanoren aurka sartu zuen azkenengoa, eta penalti bat huts egin zuen hurrengo jardunaldian, Valentziaren aurka.

Rayoren aurkako partida hartan sartu zuen Jon Bautistak bere gol bakarra; taldekideak min hartuta egon diren artean dezente jokatu zuen, baina azken bost partidetan bi minutuz baino ez du jokatu.

Sandro Ramirez ere ez da aritu nahi beste. Espainiarra min hartuta egon zen liga hasieran, eta, zelaietara itzuli zenetik, ez du golik sartzerik lortu. Juanmi Jimenezek, aldiz, zigortuta egon zen hiru partidak kenduta, beste guztietan jokatu du, eta bi gol sartu ditu. Askorentzat, pizgarri da hura; suziria itzalirik dagoen egunetan hari putz egin eta aireratzen saiatzeko arduraduna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.