begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Gameluak eta zezenak gurean errege

2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Ziurrenik, oraindik diraute Errenteria aldean atzoko emanaldiaren aztarnek, usain handiko aroma sakonak. Ziur asko, jendeak badu oraindik ezpainetan basamortuko hondarraren gustua. Estreinakoz ikusi zuten horiek alabantzetan izango dira, multipantailaduna den mundu gure honetan ez baitago, jada, hori bezalakorik zinema saloietan. Txikiak eta inozoak ginela ikusi genuenok, aldiz, beste era batez dastatu izan genuen atzo. Abenturak, mugarik gabeko balentriak, beldurrik gabeko gerlariak ziren lekuetan, derrepentean, heroi baten nortasun zauritu eta oreka gabea antzeman genuen; ameslari guztiek duten izaera argi-iluna, munduko politikaren joko zikinak, gorputz baten gainean egindako kalte fisiko eta moral gaindiezina, menderagaitzak ziren tribuetako zaldun eta gameludun horien guztien ezindura Europak sortu nahi izan zuen mundura egokitzeko...

Herioak, ezinak, mingosturak setiatuko kontaketa da Arabiako Lawrencena. Atzo Errenteriako Ozzinema klubak gonbita luzaturik, Niessen aretoan ikusi genituen zinema puska erraldoi horrek irauten dituen hiru ordu, 37 minutu, 45 segundoak. Zeluloidearen zorabioaz aparte, bere buruarekin bakea sinatu ez zuen heroi baten erretratua eskaini zigun.

Hiru ordu, bai. 37 minutu, bai. 45 segundo, bai. Eta hala eta guztiz ere, askoz gehiago iraun zezakeen igandean Hernanin, uztailaren 3an Guardian eta San Fermin egunean Azpeitian ikusgai izango den Iñaki Agirrezabalagaren Suharra izenburuko dokumentalak.

66 minutu baino ez dira tokian tokiko pantailetan agertuko, baina 38 orduko material fina dago gordeta hainbat lekutan, Euskal Zezenzaleen Elkarteko zein Euskal Larrebehi Elkarteko artxiboetan, kasu. Geure geureak diren animalia batzuen, arraza batzuen, afizio eta ofizio batzuen testigantza jaso eta ematen duten 38 ordu. Hitzez eta irudiz eginak. Dronez harturik, txapelaz gain, GoPro izeneko kamera goi teknologiakoa buruan jantzita eskortan sartzen ziren ganaduzaleek filmaturik, susto majo pare bat baino gehiago hartu zuten kamerari prestuek jasota...

Suharra-k gure zezen eta behien inguruko berri ematen, zabaltzen eta partekatzen du. Bertoko arrazak ditu hizpide. Mari jainkosa gurearen zaindariak izan omen ziren betizu horiek, larrebehi horiek, Moncina arrazako abere horiek, Enkarterrietako Treceña ederrak eta Casta Navarrako nafar harroak... etxekotzen errazak ez direnak; mendietan libre, plazetan elegante, kaleetan serio dauden horiek. Suharra, askoren afizio, ofizio, ikertze lanen emaitza. Ikus-entzunezko pieza kategorixekoa. Hortxe agertzen dira Lasturren zein Orozkon, Carcarren zein auskalo zein sorotan animalia horien hazkuntzari dedikatzen diren gizon eta emakumeak, Tolosako plazan, Azpeitiko, Arabako Errioxako edo Usurbilgo auzoetan barrena zezenekiko jolas herrikoietan diharduten errekortariak, entzierro korredoreak, Portugaleko Forcados deituriko jauzilarien nobleziaren pare izan zitezkeen saltokariak, sokamuturretako txapeldunak...

Albaitariak ere bai. Albaitariak agertzen dira dokumental honetan. Albaitari afanetan, zuzendari- laguntzaile baten arduretan eta ikertzaile modutan. Izan ere, Asier Alvite Arregi zumaiarrak, Euskal Zezenzaleen Elkarteko presidentea izateaz gain, lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen Neiker Brta sari berezia eskuratu zuen apirilean, Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear? izenburuko ikerkuntza zela medio.

Goi mailako jendea bildu da, animalia horiei zor zaien errespetuak bultzaturik, film hau aurrera atera ahal izateko. Bai ganaderuak bai pelikuleroak. Ikusmin ekoiztetxeko fundatzailea dugu Iñaki Arrizabalaga autorea; Escac Bartzelonako Zinema Eskolako ikaslea, berriz, kamera lepoan hartuta baserriz baserri, plazaz plaza ibilitako Ekain. Eta mundu hori ez zen erraza filmatzen. Pentsa ezazue: libre dauden animalia horiek harrapatu nahi edo behar izatera, zaldiz eta horretarako hezitako txakurrez egin behar dutela beharra konpromisoa hartu dutenek.

Lan maila handikoa Uztapideren bertsoekin hasi eta Beñat Lizasoren hitzekin bukatzen den hori. Soinua dela, muntaketa dela, erronka honetarako musika propio sortu du Irati Gutierrez trikitilariak.

Ez du Arabiako Lawrencek horrenbeste irauten, baina pasio berak bultzatua da. Eta Euskal Herriko bazter guztiak ari da korritzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.