Plazaratzeko garaia dute

Binakako Sherpa Ai Aizkolari Txapelketa jokatuko dute gaur, Azpeitian. Bost bikote ariko dira gizonezkoen maila nagusian, hiru emakumezkoenean, eta lau Promoziokoan

Iker Vicente eta Mikel Larrañaga, bakarkako finalean. Binakako txapela eskuratu nahi dute gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Itxaronaldi luze baten ondoren, gaur jokatuko dute Binakako Sherpa Ai Aizkolari Txapelketa. Hasieran,udaberrian egiteko asmoa zuten jaialdi hori udan egingo dute azkenerako, baina azken urteetako aizkolari onentsuenek euren maila erakusteko modua izango dute: Azpeitiko (Gipuzkoa) Izarraitz frontoian egingo dute jaialdia (22:00). Hamabi bikote ariko dira; gizonezkoen maila nagusian lehiatuko dira bost, eta emakumezkoenean hiru. Gainontzeko laurak gizonezkoen Promozio Mailakoak izango dira.

Plazaratzeko garaia dute, joan zen urteko abenduan bakarkako txapelketa jokatu zutenetik gutxi aritu baitira. Haien falta sumatu du herri kirolen zaleak. Nahi baino beranduago, baina gaur dute horretarako parada. Zaleak harmailetan egon ahal izan arte itxaron dute, Aitzol Atutxa(Dima, Bizkaia, 1987) parte hartzaile eta sustatzaileak adierazi duenez: «Herri kirola denez, ulertzen genuen herriak han egon behar zuela».

Behin nahi hori erdietsita, Atutxak uste du «ikuskizun polita» prestatu dutela: «Egungo aizkolaririk onenak han egongo dira, eta horrek esan nahi du osagaiak onak direla. Ea nolako platera ateratzen dugun; saio borobil bat ateratzea nahi dugu». Sherpa Ai-ren lehen binakakoa da.

Egitarau bete-betea antolatu dute Izarraitzerako. Promozio Mailakoek ekingo diote lehiari, eta emakumezkoak ariko dira ondoren. Azken platera izango da gizonezkoen maila nagusikoa. Iker Vicente-Iñaki Azurmendi, Mikel Larrañaga-Jexux Mujika, Eneko Otaño-Ugaitz Mugertza, Jon Irazu-Jon Rekondo eta Julen Alberdi Txikia IV.a-Atutxa II.a bikoteek osatuko dute lehia.

Taldeak egiteko garaian, bakarkako txapelketako emaitzak hartu dituzte kontuan, dimoztarraren arabera: «Lehen sailkatua hamargarrenarekin, bigarrena bederatzigarrenarekin, hirugarrena zortzigarrenarekin... horrela antolatu ditugu, ahalik eta orekatuen egiteko». Hasieran, Vicente txapelduna Ruben Saralegi lehengusuarekin aritzekoa zen, baina azken horrek min hartu du, eta Mujika ariko da haren ordez.

Atutxari Txikia IV.a egokitu zaio. Bikote ona osatzen dute: «Horrek irakurketa triste bat ere badu: esan nahi du bakarkako finalean nahi baino atzerago geratu ginela. Txanponaren beste aldea da bi aizkolari on batuko garela orain». Atutxak esan du lan saioetan «txukun» aritu direla, eta «podiumaren borrokan» egon nahi dutela.

Lan mardulak

Norbere helburuak betetzeko, aizkolariek ondo egin beharko dituzte lanak. Mardulak dira maila nagusiko gizonezkoen kasuan: zortzi kana-erdiko (54 ontza), sei 60 ontzako eta lau oinbiko (72 ontzakoak) ebaki beharko dituzte. Emakumezkoek, berriz, bi kana-erdiko eta 36 ontzako bi mozteko lana izango dute.

Hiru bikotek eman dute izena proba horretarako: Karmele Gisasola-Uxue Ansorregi, Beatriz Tanco-Maika Ariztegi eta Garazi Arruti-Julia Martinez. Haientzat ere estreinako aldia izango da, eta bide berri bat zabalduko dute emakumezkoen aizkoran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.