Frantziako Tourra

Haize berriak eta zikloi bat

Baieztatu egin da belaunaldi aldaketa Tourrean. Gazteak nahieran aritu dira, Tadej Pogacar buru. Esloveniarrak bigarrenez jarraian irabazi du, nagusitasun osoz.

Jonas Vingegaard, Tadej Pogacar eta Richard Carapaz, podiumean, herenegun, Parisen, Frantziako Tourra amaitu berritan. CHRISTOPHE PETIT-TESSON / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Pedalei belaunaldi berriaren erritmoan eragiten die orain tropelak. Azkenaldian atea jo eta jo aritu dira gazteak, eta danbateko batez apurtu dute Frantziako Tourrean. Firrindaka sartu den haize-lasterrak haizeberritu egin du Frantziako lasterketa. Ufaka daude ziklismoari zuhurtziaren eta kontrolaren prismatik begiratzen diotenak, hegan egin baitiete kalkulu orriek. Erasoka lehiatzen da orain. Ufadaka. Tadej Pogacarren estiloan (UAE). Zikloi bihurtu da esloveniarra, eta airean irabazi du Grand Boucle-a: lehen astea bukatzerako ia ziurtaturik zuen garaipena. 22 urte ditu Pogacarrek, eta 24 Jonas Vingegaardek (Jumbo), Primoz Roglicen ordezko gisa podiumeko bigarren koskara igo den danimarkarrak. Eta sailkapen nagusitik harago ere, agerikoa izan da aro aldaketa. Ez esprintetan: mamu guztiak haizatu, eta bere onera itzuli da Mark Cavendish (Deceuninck).

IRABAZTEA, JOLAS HUTSA

Kirolean dauden eta izan diren izar handiek bezala, zaila dena aise egiten du Pogacarrek. Adibidez, aurtengo Tourra hanka batekin irabazi du. Erabateko nagusitasunez. Bost minututik gora atera dizkio Vingegaardi; 2014az geroztik lehen bi sailkatuen artean izan den alderik handiena da. Iaz iraultzaren bidetik irabazi zuen lasterketa, azken-aurreko egunean. Aurten, ordea, hasi eta buka agindu du, txapeldun izaera petoa erakutsiz.

Presioak hauspotu egin du, eta ez uzkurtu. Hasteko, nagusi izan zen lasterketako lehenbiziko erlojupekoan. Gero Alpeen txanda iritsi zen, eta han jo zuen esloveniarrak kolpe erabakigarria, Le Grand Bornandera bidean. Romme eta Colombiereko igoerak erakustaldi historiko baten jokaleku izan ziren. Liderrak pitzadura txiki bat izan zuen Mont Ventouxen, baina Pirinioetan aginte makila astindu zuen berriro: bi etapa irabazi zituen jarraian, maillot horia soinean. Argazki bilduma ederra osatu du.

Parisko podiumean, mendiko elastikoa eta gazte onenarena ere jantzi zituen, iaz bezalaxe. Bi Tourretan hartu du parte, eta biak irabazi ditu. Aurrez, soilik Eddy Merckxek, Bernard Hinaultek eta Laurent Fignonek lortu zuten halakorik. Ordea, Pogacar izan da denetan goiztiarrena. Gaur-gaurkoz, hautagaitzat jo daiteke, gutxienez, Tourra bost aldiz irabazi dutenen klubean sartzeko.

DENA EGITEN DU ONGI

Mendateetan. Erlojupekoetan. Esprintetan. Nonahi egiten du distira Wout van Aertek (Jumbo). Horren erakusgarri da lortu duen uzta: Mont Ventouxeko etapan gailendu zen lehenik, erlojuaren kontra hurrena, eta, azkenik, azkarrenen arteko lehia irabazi zuen Eliseoko Zelaietan. Hinaultek ere antzeko zerbait egin zuen 1979an, baina beste garai batzuk ziren haiek. Egun, espezializazioa dago indarrean. Ia pentsaezina da igotzaile batek esprintak lehiatu ahal izatea edo esprinter bat onenen pare igotzea. Muga guztiak apurtu ditu, berriz, Van Aertek.

Horretaz landa, gatza eta piperra eman dizkio lasterketari, hasiera-hasieratik. Lehen astean, bihurrikeriak egin zituen bere betiko aurkariarekin, Mathieu van der Poelekin batera (Alpecin). Raymond Poulidor zenaren biloba lider jarri zen bigarren etapan, eta aitonari eskaini zion maillot horia. Bost egunez izan zen lehen postuan. 7. etapan, Tourra hankaz gora jarri zuten ziklo-kroseko izarrek, lasterketan izan den ihesaldirik zirraragarrienean. Herbeheretarrak etxerako bidea hartu zuen berehala; flandriarrak, ordea, ikusgarri jarraitu du.

USTEKABEKO SUSPERTZEA

Ia gainditu du Merckxen marka Cavendishek. Garaipen bakarra falta izan zaio 35eko kopurura iritsi, eta, hala, Tourrean inoiz etapa gehien irabazi duen ziklista bilakatzeko. Lau zakuratu ditu aurten, inork bere alde txakur txikirik ere ematen ez zuenean. Hiru urte zeramatzan Tourrean lehiatu gabe, eta 2016koa zuen azken garaipena. Gainbehera betean egonik, ameskeria zirudien etapa bakarra irabazteak. Bada, iragarpen guztien kontra, eta Deceuninck taldearen babesa tarteko, berpiztu egin da Cavendish. Azkarretan azkarrena izan da, eta erregularrena ere bai, puntuen sailkapena irabazi baitu. 2011koa zuen aurreko maillot berdea. Merckxen marka hobetzea besterik ez zaio falta izan. Beste batean beharko du, aukerarik baldin badauka.

ERORI, ETA EZIN ALTXATU

Cavendishen berpiztean zerikusia izan du Caleb Ewan (Lotto Soudal) hasi eta berehala erretiratu izanak. Askoz ere nekezagoa zatekeen esprintak irabaztea australiarrak lehian jarraitu izan balu. Alabaina, erori egin zen hirugarren etapan, eta lepauztaia hautsi zuen. Erorketa asko izan zen egun hartan, aurreneko etapan bezala, eta Roglic izan zen beste biktimetako bat. Hark izan behar zuen Pogacarren aurkari nagusia maillot horiaren lehian, baina haren ametsek lurraren kontra egin zuten talka. Saiatu zen aurrera egiten, baina amore eman zuen bederatzigarren etaparen aurretik. Hori horrela, Pogacarren bakarrizketa bilakatu zen Tourra. Esprintetan nahiz sailkapen nagusian, erorikoek kalte egin diote ikuskizunari.

BETEKADA ETA SAREKADA

Jack Haigek ere agudo hartu behar izan zuen etxerako bidea, eta, hala, liderrik gabe gelditu zen Bahrain taldea. Zernahi ere, bapo egin du Pello Bilbaoren taldeak: taldekako sailkapena eta hiru etapa irabazi ditu, bi Matej Mohoricen eskutik, eta bestea Dylan Teunsen bidez. Ia dena gozotik atera zaio, baina gazitik ere izan du, 17. etaparen ostean miaketa egin baitzien Frantziako Poliziak, substantzia debekatuak atzeman nahian. Ez zen atxiloketarik izan, eta agenteek txirrindularien entrenamendu artxiboak eraman zituzten. Bi egun geroago, hatz erakuslea ahora eramanez sartu zen Mohoric helmugara. «Kriminala balitz bezala» sentitu zela salatu zuen gero.

Aldarrikapen isilagoa egin du Bilbaok, euskal herritarrik onenak, lasterketa hamar onenen artean bukatuta: bederatzigarren izan da, lidergotik 16.04ra. Postu onak lortu dituzte Imanol Erbitik, (Movistar), Ion Izagirrek, Omar Frailek eta Alex Aranburuk (Astana), baina ezin izan dute etaparik zakuratu. Jonathan Castroviejo (Ineos), berriz, bikain aritu da hirugarren izan den Richard Carapaz taldekidearen alde lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.