Familiako gezurren egiak

Erre produkzioak konpainiaren 'Fake, begiari tranpa' antzezlanak senide baten bortxaketak lehertzen duen gabon afari bat kontatzen du. Gaur estreinatuko dute, Arriaga antzokian

Erre produkzioak konpainiako aktoreak, Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko duten Fake, begiari tranpa antzezlana entseatzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Baina zer da pentsatu behar duzuna?». Gabon zahar gaua da, elkarrekin afaltzeko elkartu dira Lucia eta Celia ahizpak beren familiekin, baina pixkanaka ilunduz joango da hasierako ospakizun giroa, harik eta, antzezlanaren erdialdean, dena kolpean eta betiko lehertuko den arte: lehengusuak bortxatu egin du Uxue. Albistea ezin erabat digeriturik, izoztuta bezala geratu da haren ama une batez, ahizparen etxetik atera ez atera. «Itxoin segundo bat, pentsatu beharra dut». Eta orduan helduko da alabaren galdera. Itxura batean komediaren maskara jantzita hasten den tragedia bat kontatzen du Erre produkzioak konpainiaren Fake, begiari tranpa antzezlanak, eta gaur estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian. David Caiñarena da testua; Gorka Minguez eta Caiñak zuzendu dute lana, eta Maria Urzelai, Aitor Fernandino, Leire Ucha, Lorea Intxausti eta Albar Cirarda aktoreak izango dira oholtzan. «Ez dugu inolaz ere gaia fribolitatez lantzen», esan du idazleak, «komediarako tarterik ez dagoen lekuan ez dago komediarako tarterik».

«Familiako kideek ez dute gehiegitan elkar ikusten, eta itxura garrantzitsua da horregatik», azaldu du Minguezek. «Festa giroan murgilduta dirudi denak hasieran, eta irudiko du antzezlana ere komedia arin bat izango dela, baina puntu batean zerbait gertatzen da, eta horrek goitik behera irauliko ditu pertsonaia hauen bizitza eta haien arteko harremanak». Zuzendari eta aktorearen hitzetan, pertsonaien eraikuntza sendoa da, eta ikuslea pertsonaia guztiekin identifikatuko dela iritzi dio, «batzuekin gehiago eta besteekin gutxiago», eta haietako batzuk berehala lotuko ditu bere gertuko inguruko jendearekin.

Kronologikoki apurtuta taularatuko dituzte gertakariak antzezlanean, eta, beraz, «puzzle bat balitz bezala» osatu beharko du ikusleak eszenan ikusten duena. «Publikoak pertsonaiek baino informazio gehiago izango du, eta, ondorioz, gezurretan noiz ari diren ere jakingo du», azaldu du Caiñak. Eta gezurra izango da nagusi, gainera, lehen eszenatik hasi eta azkenera arte. Minguezek eman du antzezlanean kontatzen den gezurrik onberenaren adibidea: «22:00etan jango dituzte mahatsak, itxura batean, amonaren mesedetan». Baina pertsonaiek kontatzen dituzte gezur larriagoak ere, eta publikoa izango da guztien lekuko. «Komedia irudi lezakeen eszena bat ez da agian hain komikoa, badakizunean zeri buruz ari diren gezurretan pertsonaiak».

Eta, ildo horri jarraituta, antzerkiaren artifizioa ere agerian uztea izan da konpainiaren apustua.

Antzerkiaren barrunbeak

Ideia horri tiraka osatu dute eszenografia ere. Haren aurrez aurre jarriz gero, etxe barrualde errealista bat baino ez du ikusiko ikusleak: afarirako prest dagoen mahai bat, sutondoa gainean Pazko lore batekin, Gabonetako arbolaren argiak piztu eta itzalian, eta baita Olentzeroren iruditxoa ere leihora igotzen jostailuzko eskailera batzuetan gora. Ez du bere gezurra ezkutatzen egia horrek, ordea, zeren eta nahikoa baita lerro zuzen horretatik metro erdi bat apartatzea, irudi hori ere atrezzo hutsa dela ikusi ahal izateko, eta agertokiaren bazterreko tresnez eta txokoez ohartzeko.

Antzera jokatuko dute aktoreek ere, eszenaren erdian ez daudenean, haren ertzetan ikusi ahalko dituelako publikoak, eserita, zain. «Antzerkiaren barrunbeak erakutsi nahi nituen, horiek ere artifizio bat diren neurrian», azaldu du Minguezek.

«Antzerki akrobatak»: hala sentitzen dira aktoreak antzezlanean, Leire Ucha aktorearen hitzetan. «Kontakizuna ez dagoenez kronologikoki ordenatuta, aktoreok ziztu bizian aldatu behar dugu animo egoera batetik bestera, eta segundo bakarra izaten dugu maiz kontzentratzeko».

Konpainiak aurrez ere lantalde ia berberarekin egin izan du lan. Nola heldu gara honetara izeneko komedia estreinatu zuten iaz, esaterako, eta Albar Cirarda eta Lorea Intxausti aktoreak batu zaizkie taldera oraingoan. Pozik azaldu dira biak aukerarekin, eta taldera ekarri duten «aire freskoa» eta «indarra» eskertu dute gainerako kideek.

Bi bertsio egitearen onura

Jatorriz gazteleraz idatzi du testua Caiñak, eta Maria Urzelaik itzuli du. Gaurko estreinaldiaz aparte, hurrengo urterako beste bost emanaldi ere badituzte itxita. Gazteleraz ere emango dute pieza, eta Arriagan bertan egingo dute estreinaldia, bihar. Kasu horretan Maribel Salas, Gemma Martinez eta Gorka Minguez aktoreak arituko dira, hurrenez hurren, Urzelairen, Ucharen eta Fernandinoren ordez.

Antzezlan berak bi aktore talde izan ditu, beraz, eta, Aitor Fernandinoren hitzetan, hasieran horrek «defizit bat» irudi lezakeen arren, aktoreentzako onuragarria izan da: «Gure rol bera jokatzen ikusi ahal izan ditugu gure lankideak, eta aberasgarria izan da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.