Asko dute jokoan

Gernikak eta Ordiziak denboraldiko lehen derbia jokatuko dute gaur, Urbietan (16:30). Partida gogorra espero dute bi talde horietako kapitainek, Iker Olaetak eta Julen Goiak.

Ampo Ordiziak eta Gernikak aurreko denboraldian Altamiran jokatutako derbia. GORKA RUBIO / FOKU.
pettan uralde
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Ez dute sasoi hasiera erraza izan Ordiziak eta Gernikak. Gipuzkoako taldea zortzigarren postuan dago: hiru partida irabazi ditu, azken biak, eta hiru galdu; Bizkaikoa, berriz, azken-aurrena da, sei partidak galdu baititu. Derbia jokatuko dute gaur, Urbietan (16:30).

«Partida gogorra izango da. Derbi guztiak gogorrak izaten dira, eta sailkapena bigarren mailan geratzen da. Guk sekulako premia dugu, baina baita haiek ere», azaldu du Iker Olaeta basurdeen kapitainak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1990). Etxean jokatuko dute, eta, dioenez, hori «oso ona» da haientzat. Hori baliatu nahi dute, lehen garaipena lortzeko.

Ordiziarrek ere badakite nolako partidak izaten diren Urbietako derbiak. Hortaz, Julen Goia kapitainak (Idiazabal, Gipuzkoa, 1991) ez dio garrantzirik ematen sailkapenari. «Partida oso berezia da guretzat, eta, jakinda bi taldeak nola gauden, oso partida estua eta gogorra izango da. Gernikak ez du irabazi oraindik, baina, derbietan, dena berdindu egiten da; zaila izango da irabaztea».

Badakite zein izan daitezkeen gakoak. «Haien zelaian jokatzen saiatuko gara, presioa haiei sartzen, eta arriskatzera behartzen. Badakigu gure zelaian jokatzen badugu eta arriskuak hartzen baditugu balitekeela okerrak egitea; beraz, kontrakoa egiten saiatuko gara», argitu du Olaetak. Goiak ere argi du eginbeharra. «Ahalik eta huts gutxien egiten saiatu behar dugu. Hori egiten badugu, funtsezkoa izango da gure zelaitik ongi irtetea eta baloia edukitzea. Hori ongi eginez gero, gertuago izango dugu garaipena».

Ordiziak etxeko lehen bi partidak galdu zituen, eta laugarren jardunaldian lortu zuen lehen garaipena. Gernika, berriz, ez da sendo aritu azken jardunaldietara arte. Aldaketa asko izan dituzte bi taldeek, eta egokitzeko lanak «gehiegi» luzatu zaizkie, bi kapitainen hitzetan. «Egutegiari eta emaitzari erreparatuta, oso hasiera zaila izan da guretzat. Uste dugu derbitik aurrera dauzkagun partidak bideragarriagoak direla;partida horietan emaitza onak eskuratzea da helburua, eta horren bila goaz», esan du Gernikako jokalariak. Ordiziakoak ere bolada «hobetu» nahi du. «Talde gehienak bezala, ia herena aldatu dugu. Hori egokitzeak denbora eskatzen du, eta nahi baino gehiago luzatzen ari da. Baina hasi gara lehen fruituak biltzen».

Egunerokoaren garrantzia

Bi kapitainek eguneroko lana azpimarratu dute, biek «taldeko lanean» sinesten baitute. Olaetak argi du egoera aldatu egingo dela «lehenago edo geroago». Urbietan jokatzeak «indarra» ematen diela nabarmendu du. «Taldea oso motibatuta dago. Gainera, urteko azken partida da, eta deia egin zaie zaleei Urbietara joateko. Aukera paregabea izan daiteke lehen garaipena eskuratu, eta bide onetik goazela sinesteko».

Goia, berriz, «pozik» dago taldearen lanarekin, eta konbentzituta dago «sasoi ona» egingo dutela. «Egunero entrenatzen garenok badakigu taldeak zer maila duen, baina, asteburuetan, ez dugu lortu sentsazio horiek transmititzea. Badakigu lana dela bidea, eta taldeak ez du huts egingo horretan. Orain arte, ohituta geunden etxeko lehia guztiak irabaztera; aurten, lehen biak galdu egin ditugu. Bazirudien munduaren amaiera zela, baina prozesuan sinesten dugu; bide onean gaude».

Derbia irabazteko gogoz daude bi kapitainak, baina gero etorriko denari ere erreparatu diote. Gernikak garaipenak espero ditu, eta, urtarril bukaeran, La Vila hartuko dute, azken sailkatua. «Irabazteko aukera gehiago ditugun partidak jokatuko ditugu, eta gogoz gaude erronka guztiei aurre egiteko», dio Olaetak. Ordiziak, ordea, urtarril gogorra espero du, irteera luze eta zailekin. «Ikusi dugu jada ez dagoela partida errazik, eta astero dagoela ezustekoren bat; partidaz partida joango gara, ahalik eta emaitza onenak lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.