Kontxako Bandera

«Uste nuen ez ginela garaile»

Hondarribia taldeko arraunlari nafar Iker Marizkurrenak aurreneko aldiz irabazi du Kontxako Bandera, eta onartu du«ametsetakoa» dela bandera hau irabaztea.

Ioseba Amunarriz, Kontxako Bandera eskuetan duela, Donostiako kaira sartzear, herenegun. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Donostiako arranplan poza zen nagusi herenegun eguerdian Hondarribia taldearen inguruan. Poza, malkoak, zorionak eman eta jaso... Baina arraunlari batek ezin izan zituen bizi une polit horiek guztiak. «Dopinaren aurkako kontrola pasatzea egokitu zitzaidan tarte horretan, eta ezin bizi taldekideekin eta zaleekin momentu eder horiek», kontatu du Iker Marizkurrenak (Sunbilla, Nafarroa, 1982). Pare bat ordu behar izan zituen araudiak zehazten duen protokolo hori betetzeko.

Izango zuen astia estropada gogoratzeko, lehian zela burutik pasatutako burutazioen desorden aldrebesa eta ilogikoa lekuan jartzeko. Eta guztiaren gainetik, Kontxako garaile dela sinesteko, helmuga gurutzatu eta segituan galtzaile zela uste izan baitzuen: «Azken pala kolpea eman nuenean, istriborreko nire tostatik beste aldera begiratu nuen, ababorrera, Zierbena sartu zen edo ez zen ikusteko. Ikusi nuen, bai, eta iruditu zitzaidan aurretik zela». Hondoa jo zuen orduantxe, etsipenaren laino beltzak estali zion pentsamendua: «Beste kolpe bat hartu genuela etorri zitzaidan burura; berriz ere aurreko urteetako bigarren igandeetan bezala, eman zigutela zartakoa, eta ez ginela irabazle».

Azken lau urteetako esperientzia txarrak gogoan zituen bitartean, handik gutxira eman zion albiste handia taldeari Ioseba Amunarriz patroiak: «Egundoko poza sentitu nuen. Handi-handia. Aurreneko Kontxako Bandera irabazi dudala jabetzen hasi nintzen, eta kolpetik mila irudi eta oroitzapen etorri zitzaizkidan: neguan bakardadean sartutako ordu pila, entrenatzetik lanera eta lanetik entrenatzera eginiko bidaiak, familia, arrauna tarteko gutxitxo ikusten dudan emaztea...».

Taldekideez ere oroitu zen; kanpoan geratu ziren horiek akorduan izan zituen: «Beti izaten ditut gogoan, nik neuk ere badakidalako zer den Kontxan jokatu gabe geratzea. Badakit zenbat egongo ziren sufritzen gu lehian ikusten. Azken batean, talde bat gara, familia handi bat». Irudi polit batek islatu zuen herenegun taldearena: Ama Guadalupekoa trainerua Donostiako portu barrura sartu zenean, lehorrean geratu behar izan zuten arraunlariak trainerura joan ziren ontzi motordun batean, eta arraunlari guztiek elkar ikustean, poza are eta gehiago lehertu zen.

Hantxe askatuko zituzten batzuk eta besteek estropadako korapiloak. Marizkurrenak azaldu duenez, «pertsona akabatzeko moduko estropada izan zen igandekoa: oso-oso gogorra». Onartu du uretan ez zela bete aldez aurretik egina zuen estropadaren sekuentzia: «Uste nuen kanporako luzean aurretik izango ginela, baina ziabogan, Zierbena genuen aurretik. Ez genuen hondoa jo traineru barruan horregatik. Esan genuen barrurakoan lortuko genuela kanporakoan lortu ezin izan genuena».

Ziaboga eman, olatu batzuk hartu, eta estropada buruan jarri zen Hondarribia. Santa Klara uhartearen parean, hiru segundo goitik ere bazen: «Gu gurean gindoazen, segi eta segi, olatu batzuk hartuz». Baina Zierbena gainera etorri zitzaien, eta badia barruan erabaki zen dena. Berea zuen Marizkurrenak «ametsetako garaipena». Hau berezia baita: «Irabazi izan ditugu estropada garrantzitsuak ere, eta hor daude denak, leku berezian, baina orain, garaipenen zerrendan erabat osatua utzi dut, Kontxakoa falta zitzaidalako».

Buruz, urterik lasaiena

Sunbildarrak aitortu du zer izan den Kontxa hau irabaztea: «Liberazio handi bat izan da talde guztiarentzat. Azken urteetan, bigarren igandean ez genuen asmatzen, gauza bat zela eta bestea zela. Antsietate handiegia ekarri izan dugu aurreko urteetan estropada honetara, irabazi beharra, eta horrek ez zigun mesederik egiten». Aurten, beste era batera landu dute buru aldetik Kontxa: «Lasaiago joan gara, gure lana ondo egitea helburu bakartzat jarrita, gurea egin eta konforme geratu. Asko lagundu digu aldarte horretan arraun egiteak».

Irabazleak, baina, beti izan ohi du alboan bigarren egin duena, eta gogoan izan ditu Zierbenakoak: «Sekulako portaera izan zuten nirekin. Kontrolean nengoenean, zoriontzera etorri ziren. Talde handi bat dira, eta etorkizunean lanak emango dizkigute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.