Gogoan ainguratutako bizipenak

Josu Jimenez Maiak azken hamar urteetan idatzitako olerkiak bildu ditu 'Aingurak eta arrangurak' poesia liburuan. Oroitzapenak «antolatzeko» ariketa bat izan dela dio

Josu Jimenez Maiak Aingurak eta arrangurak liburua argitaratu du, Pamiela etxearekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Oroimenean iltzatuta geratzen zaizkion bizipenak ordenatzeko jotzen du poesiara Josu Jimenez Maia idazle iruindarrak. Gogoan ainguratuta geratzen zaizkion pentsamenduak hitz bihurtzen ditu; paperera eramaten ditu, horiek hobeto ulertzeko. Hori egin du Aingurak eta arrangurak liburu berrian ere. Horretarako, atzera begiratu du: azken hamar urteetan idatzitako olerkiak berreskuratu ditu, eta, berriekin batera elkartuz, 88 orriko lana osatu du. «Denboraren galbahetik salbatu diren olerkien bilduma» dela adierazi du egileak. «Finkatutako oroimenak dira, batzuk oroimin bihurtuta. Hor zeuden, gogoan eta paperean ainguratuta». Maite Ramos margolariak ilustratu du liburua, eta Pamiela etxeak argitaratu du.

Aingurak eta arrangurak laneko olerkiek egunerokotasuneko gaiak dituzte hizpide: maitasuna, familia, gaixotasunak, heriotza... Jimenezen hitzetan, «garai eta leku jakin bati» lotutako poemak dira guztiak; garai batean harentzat garrantzia izan zuten kontuak. «Gai mundutarrei» buruz idatzi duela dio idazleak, modu «ludiko» batean. Hortaz, haren irudiko, edozein irakurle senti daiteke identifikatuta poesietan kontatzen diren gauzekin. «Gauza arruntak dira, baina arrunkeriarik gabeak».

Izan ere, Jimenezek beti miretsi izan ei ditu bizitza arrunteko kontuak poesia bihurtzeko gaitasuna duten idazleak. Wislawa Szymborska poeta poloniarra jarri du adibide gisa: «Oso poesia gustagarria idazten du: eguneroko hizkeran idatzia, baina xarma berezi batekin; egunerokotasuneko gauzak modu poetikoan ikusteko gaitasunarekin».

Olerkien bitartez irakurlea «harrapatzea» eta harengan zerbait sortzea du helburu Jimenezek lan berriarekin. «Bilatzen dut poemak ulergarriak izan daitezela behin bakarrik irakurrita; baina, era berean, irakurleak berriro irakur ditzala nire poemak. Gaitasun hori ere badu Szymborskak, bai eta Joseba Sarrionandiak ere».

Idazleak onartu du on egiten diola gogoan dituen pentsamenduak paperera eramatea, baina argi utzi du ez duela idazketa sendabide gisa ulertzen. «Ez da hori helburua». Izan ere, Jimenezek gaixoaldi luze bat pairatu du berriki, eta, azkenaldian, gutxika, osatuz joan da; hain zuzen, liburua idatzi eta argitaratu duen garaian. «Hortik dator pentsatzea hau idaztea izan dela nire sendabidea, baina nik ez dut horretan sinesten», argitu du. «Nire poesia sendabide balitz, hori bakarrik, inori ez litzaioke interesatuko».

Aitzitik, idaztea bizipenak eta oroitzapenak «antolatzeko» bide bat dela adierazi du: «Paper zurian beltzez idazten duzularik, lumaren tarratarekin batera gelditzen dira hor bizipenak eta oroitzapenak, modu ulergarriago batean, idaztea lagungarria baita gauzak antolatzeko, ulertzeko eta hausnartzeko».

Haikuetatik poesia lirikora

Jimenezek japoniar haikuak idazten ditu. Haikuak hiru bertso lerroko poemak dira: lehenbiziko lerroak bost silaba ditu; bigarrenak, zazpi; eta hirugarrenak, bost. Idazleak bi haiku liburu ditu argitaratuak, Gerezi garaiko haikuak (Maiatz, 2011) eta Orbel azpiko haikuak (Denonartean, 2013), eta egun jarraitzen du haikuak idazten eta horiek irakasten. Hori dela eta, teknika horren eragina nabaria da haren lanean. Aingurak eta arrangurak liburuko Beheko suan olerkia, kasurako, Gerezi garaiko haikuak liburuan idatzitako haiku batean oinarrituta dago. Era berean, olerki askotan naturari buruz mintzo da Jimenez, eta hori ere haikuetarako duen joeratik datorrela uste du hark.

Hala ere, bi idazketa moduak ezberdinak direla azpimarratu du: «Nik orain idatzi dudana da poesia lirikoa, eta hor daude nire sentimenduak. Baina haikua ez da poesia lirikoa; hor ez dago ez metaforarik, ez konparaziorik, ez luzamendurik, ez luzimendurik… hor dago sentsazio bat, eta ni sentsazio hori transmititzen saiatzen naiz». Bera «haiku ehiztaria» dela gaineratu du: «Pasieran nabilelarik, adibidez, ikusten edo usaintzen dudan zerbaitek ematen dit arreta, eta hori azkar jasotzen dut agendan».

Bestalde, egileak hizkuntzarekin jolasteko tartea ere hartu du liburuan, «bihurrikerietarako tartea», Tximeletrak izeneko atalean. Esan duenez, gustuko du hitzekin jolas egitea, eta, haren ustez, euskarak garatu behar duen esparru bat da hori. «Oso ongi dago araugintza, eta nik ez dut esango beharrezkoa ez denik. Baina behin arauak ezagututa, kontziente izan gaitezen eta lizentzia har dezagun horiek hausteko». Hark hori egin du liburuan. Kasurako, poesia batean hobeto hitza erabili du, jakin arren hor ez dela egokia, jendeak erabiltzen duelako.

Tximeletrak atalean sartu du Zauri zorne zor olerkia ere. Poema horren hitz guztiak z letraz hasten dira. Hala dio olerkiak: «Zainetako zauriak, zuri zor/ zure zabarkeriaren zauriak/ zainetan zabal-zabalik, zuri zor». Poema hori «mendeku txiki bat» dela azaldu du egileak. Izan ere, etsaiak ere agertzen dira liburuan, idazleak uste baitu idazketa «zauriak sendatzeko eta iraganeko zorrak kitatzeko» bide bat ere izan daitekeela. «Ruperrek [Ordorika] kantatzen duen moduan, zauria ezin daiteke senda elorria barruan deino», erantsi du. Horretarako baliatu du Amodio deskontuak poema ere: «Zorionik beroenak eman nahi dizkizut/ nik usterik gutxien unean unean/ zure bateria guztiak/ nire kontra desarratzen erakutsi duzun maitasunagatik».

Eako moilako aingura

Maite Ramos Fernandez margolariaren ilustrazioek laguntzen dute Jimenezen lana. Ramosek Gerezi garaiko haikuak liburua ere ilustratu zuen: haiku bakoitzarentzat marrazki bat egin zuen, tintaz, haiga izeneko japoniar teknikarekin. Oraingoan, berriz, bi marrazki egin ditu: bi aingura. Biak Eako (Bizkaia) moilan dagoen ainguran oinarrituta daudela azaldu du Jimenezek. «Udan Eako Poesia Egunetan egon ginen, eta Maite Ramosek han dagoen aingura ederraren inguruko bi bariazio egin ditu».

Horietako bat akuarelaz sortu du, Eako benetako aingura irudikatuz; bestean, berriz, interpretazio libreagoa egin du, arranguraren kontzeptuan oinarrituz: «zauriz» betetako aingura bat sortu du. Idazleak esan du pozik dagoela Ramosen lanarekin, hark liburuarekin adierazi nahi zuena islatzen baitute marrazkiek. «Oso polita gelditu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.