Garai baten zertzelada inpresionistak

Yo La Tengo AEBetako musika taldeak 'There's A Riot Going On' disko pausatua aurkeztuko du bihar Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Sarrera guztiak saldu dituzte dagoeneko

Ira Kaplan, Georgia Hubley eta James McNew, Yo La Tengo, 2019an. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Pareko ateko bizilagunak. Zaborra jaistean gurutzatzen direnak. Jende arrunta, bistan denez. Ira Kaplanek, Georgia Hubleyk eta James McNewk normaltasuna transmititzen dute beste ezeren gainetik, bizitzaren eta sormenaren esparrura eramaten duten normaltasuna. Ez dute inoiz hit handirik lortu, ez dute mainstream-era jo, baina ez dira, aldi berean, esperimentalismo hutsean erori. Eta, hala eta guztiz ere, esperimentalak, zuzenak, goxoak, basatiak eta melodia zaleak izan dira ia 35 urteko ibilbidean. Batzuetan, alde batera lerratuagoak; besteetan, bestaldetik hurbilago. Yo La Tengo dira, eta bihar Donostiako Viktoria Eugenia antzokian joko dute, sarrera guztiak salduta daudela.

Aitortza jaso ere egin duen arren, taldearen ibilbidea pausatua izan da Kaplanek eta Hubleyk osatutako bikotea 1984an eratu zenetik. Beti beren martxan; beti beren abiadan. 1990eko hamarkadaren hasieran, eta distortsioz gainezka egiten zuten gitarrek protagonismoa hartu zutenean, Sonic Youth, Dinosaur Jr., Nirvana eta abarrekin agertu behar izan zuten musika aldizkarietako orrialdeetan. Post-rockak arreta piztu zuenean, berriz, taldearen zenbait metrikak eta melodia abstraktuk lekua aurkitu zuten etxe horretan. Baina, denboraren perspektibarekin eta abestiz osatutako hamabost disko luze altzoan dituela —taldeak grabatuak ditu pare bat soinu banda ere—, Yo La Tengok oso berea den proposamen bat eratu du; une jakin bakoitzean erakuts ditzakeen adar ezberdinek ezkutatzen ez duten zuhaitz sendoa.

Adar horietan azkena da There's A Riot Going On (2018), Yo La Tengok bere berezko munduan segitzen duela adierazten duen diskoa. Hanka bat iraganean eta beste bat geroan. Orainari bizkarrik eman gabe. Sly and The Family Stonek 1971n argitaratutako izenburu bereko disko borrokalariari egindako keinuak erakusten du Kaplan, Hubley eta McNew garaian garaiko gertaerek ukitzen dituztela, nahiz eta hori askotan ez izan agerikoa beren hitzetan. Kaplan: «Dena oso bat-batekoa izan da, eta horrek esan nahi du, kantu hauek guztiak garai batean bildu ditugunez, garai hori bera islatzen dutela, eta antzeman daitekeela zer esan nahi genuen». Eta esaten dutena euren erara esaten dute, ahotsa askorik altxatu gabe. «Ez dut uste arau bat dagoenik protesta kantuetarako, zeinak behartzen zaituen megafono batekin oihu egitera. Ezingo genuke eraman horrelako klixe batera makurtu beharra».

Inprobisaziotik abiatuta

Diskoaren sorkuntza prozesua oso bat-batekoa izan dela dio Kaplanek; izan ere, aurrez pentsatu gabeko lana da There's a Riot Going On. Ezarian-ezarian forma hartu duen diskoa. Ia-ia, istripu bat. Far from the Tree filmaren soinu banda egiten igaro zituzten hilabete batzuk, eta, eginbeharrak amaituta, hirurek segitu zuten ideiak —horietako asko garatu gabekoak eta nahiko abstraktuak— grabatzen, asmo jakinik gabe. McNewk umorez aitortu duenez, ez zuten inoiz pentsatuko hala osatuko zutenik disko bat: «Behin hala entzun nuen: 'Fleetwood Mac taldekoak inolako materialik gabe iritsi ziren estudiora'. Eta pentsatzen duzu: 'Zer? Erotuta daude?'. Baina kontua da guk geuk ere modu horretan grabatu dugula. Inprobisatzen hasi ginen, eta dena izan zen oso bat-batekoa. Aurrera egin ahala joan ginen dena konpontzen eta atontzen». John McEntire soinu ingeniariari egokitu zitzaion horri guztiari forma ematea.

Yo La Tengoren alderdi esperimental eta atmosferikoena azaleratzea ekarri du horrek, taldeak bere diskoetan barreiatu izan dituen pop kantu itsaskor, zuzen eta gitarra zaleen kaltetan —ez da hemen Tom Courtenay, Sugarcube eta Nothing to Hide bezalakorik, ezagunenetakoak aipatzearren—. Diskoan badira une erabat atmosferikoak (Shortwave), molde akustikoetan bustitzen diren ambient giroak (Dream Dream Away), baita kantu eta kantu artean zubiak eraikitzen dituzten vintage melodiak ere (Esportes Casual). Eta, horiekin batera, Hubleyk eta Kaplanek beren ohiko goxotasunez abesten dituzten kantu xume bezain iradokitzaileak (Shades of Blue, For You Too). Baina, taldeak melodia gogoangarriak egiteko duen gaitasuna agerikoa den arren, Yo La Tengoren diskorik inpresionistena da There's a Riot Going On, You are Here-ren hasieratik, kantuz kantu, ahaire goxo bezain misteriotsuak zabaltzen dituen disko barnerakoia. Entzuleari bere erraietan apurka-apurka sartzeko gonbidapena egiten dion lana.

KONTZERTUA

Non: Viktoria Eugenia antzokian, Donostian.

Noiz: Bihar, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.