Literatura dario arteari

Artearen eta literaturaren arteko mugak haustea helburu, 'Inoiz ez erreala / Beti egiazkoa' erakusketa ondu dute. Bilboko Azkuna zentroan egongo da ikusgai irailaren 22ra arte

Atzealdean, Guillem Nadalen Viatge obra; aurrealdean, Kurt Caviezelen Encyclopedia artelana. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
«Inoiz ez erreala eta beti egiazkoa». Antonin Artaud sortzaile frantsesak arkatzez idatzi zuen marrazki batean esaldia, 1945. urtean. Poeta, antzerkigilea, idazlea eta aktorea izan zen Artaud, eta haren hitzek gaurdaino iraun dute. Izan ere, aipua «lapurtu» etaerakusketa baten izenburu bihurtu dute hamahiru artistak, Ivan de la Nuez komisarioaren gidaritzapean. Erabakiaren arrazoia azaldu du komisarioak: «Artearen eta literaturaren zentzuaren inguruko manifestua dira Artauden hitzak». Eta, ildo horretatik, «artearen eta literaturaren arteko mugak hausteko» sortu da Inoiz ez erreala / Beti egiazkoa erakusketa. Paradoxa teorikoa dirudiena oinarri hartuta, erakusketa ondu dute Bilboko Azkuna zentroan han-hemengo zenbait artistak. Irailaren 22ra bitarte bisitatu ahalko da.

«Inposatzen diguten errealitateaz nazkatuta gaude, eta egia egarriz bizi gara», dio De la Nuezek. Ikerlan luzea egin du. Hausnartzen eman ditu 25 urte, bere aburuz kontrako noranzkoan doazen eraikitako errealitateaz eta egiaren esentziaz pentsatzen. «Lan honetan, artearen eta literaturaren arteko loturaren bila aritu naiz, mugak hausteko prest diren sortzaileen bila. Erraietatik eta barrenetik bereizketa desegin nahi dutenak». Izen-abizenak dituzte baldintza bete duten sortzaileek: Kurt Caviezel, Cristina de Middel, Gonzalo Elvira, Oier Etxeberria, Kiko Faxas, Joan Fontcuberta, Veronica Gerber Bicecci, Alicia Kopf, Glenda Leon, Valerie Mrejen, Guillem Nadal, Mabi Revuelta eta Xabier Salaberria. Hamahiru dira orotara, eta denek osatu dute Inoiz ez erreala / Beti egiazkoa erakusketako piezaren bat edo beste.

Parte hartzaileen jatorria bezain askotarikoa da obren nolakotasuna. Hegan egiten duten liburu orriak, piano «iraultzailea», gazteen testigantzen baturaz eraikitako bideo instalazioa, bideozaintzako kameretatik «ostutako» irudiekin osatu entziklopedia... Horri guztiari zentzua emateko, ibilbide bat proposatu diote bisitariari artistek, erakusketa eremua lau ataletan banatuta: Liburua marraztu, Politika itzuli, Paisaia idatzi eta Istorioak lekualdatu. Hiru artistaren piezak topa daitezke eremuetako bakoitzean. Eta hamahirugarrenak, Salaberriak, «erakusketarako espazioaren piezen pieza» egin du.

Mugak hausteko lau era

Eleberri, ipuin, olerki... Orrietan jazotako kontakizunak dira lehendabiziko guneko protagonistak. Honela hasi du azalpena komisarioak: «Atal honetan, liburua objektu artistiko bihurtzen duten obrak daude. Liburua gailu testuala eta estetikoa da aldi berean». Bere obraren alboan paratu da Glenda Leon: «Hiru liburu aurkezten ditut hemen, nire irakurketa pertsonala abiapuntu hartuta». Bat: txoriak balira legez eskegi ditu harietatik Gaston Bachelarden El Aire y los Sueños liburuko (Haizea eta ametsak) orriak. «Zenbait liburuk gure irudimena hegan jartzeko duten gaitasuna» hartu du oinarri. Bi: Julio Cortazarren eleberri bat abiapuntu, itsasoko olatuak irudikatu ditu, «irakur daitekeen instalazio batean». Hiru: eskailerak balira legez, «igotzeko egin beharreko urratsak» iradoki nahi ditu, El Ascenso y Descenso del Entendimiento nobelako (Ulermenaren igoera eta jaitsiera) orriekin. Veronica Gerber Biecci eta Gonzalo Elvira sortzaileak dira lehen atala osatzen duten beste bi artistak. Elvirak Argentinako diktaduran debekatu zituzten liburuen azalekin osatu du artelana. «Zentzugabekeria azaleratu nahi dut, liburu horiek debekatu izanak duen logikarik eza». Karl Marxen, Rosa Luxenburgoren etaFriedrich Engelsen zenbait liburu birsortu ditu, besteak beste.

Bigarren atalera egin du De la Nuezek. Kiko Faxas, Cristina de Middel eta Oier Etxeberiaren piezak daude Politika itzuli atalean. «Gune horretan, literaturarekin, musikarekin, hizkuntzarekin zerikusia duten lanak batu ditugu. Jatorrizko ideia eta horren arteko bilakaera kontrajartzen dituzte artistek». Faixok Fidel Castroren La historia me absolberá liburua partitura bihurtu du, eta piano hotsen bitartez egin du interpretazioa: «Kubako iraultzaren oinarrizko liburuaren itzulpen musikala da instalazioa. Konfrontazio historikoa azaleratu nahi dut, iraultzak izan behar zuenaren eta benetan izan denaren artean».

Hirugarren zatiak paisaia du hizpide. «Kontakizuna paisaiatik eraikitzen dute, ez bakarrik paisaia oinarri hartuta». Eta hori egiteko bide ezberdinak topatu dituzte Alicia Kolf, Guillem Nadalek eta Kurt Caviezelek. Kolfek, esaterako, «konkistaz» bete du horma zuria: «Barne konkistak edo konkistatu bako eremuak dira. Gainera, inoiz bukatzen ez den artelan bat da, erakusketa espaziora egokituz doana». Azken atalean, bideo instalazioak dituzte euskarri Valerie Mrejenek, Joan Fontcubertak eta Mabi Revueltak. Fontcubertak Michelangelo Antonioni zinemagilearen film baten fotograma izan du hausnarketarako helduleku. «Ulerkeraren mailak gainditzeraino handiagotu dut irudia. Maila bateraino handituta egia topa daiteke irudian, baina muga pasatuta lausotu egiten da irudia, egia ulergaitz eginez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.