Pilota. EPELen Buruz buruko Txapelketako finala. Iker Irribarria. Aspeko pilotaria

«Errematatu gabe ezingo dut irabazi»

22 urte baino ez ditu, eta igandekoa du buruz buruko hirugarren finala. Urte txar baten ondoren, buelta eman dio gorputzari, eta txapel batekin jarri nahi dio ginga gorako bideari: «Aurreko finaletan baino garbiago dut zenbat kostatzen den iristea». Bideoa albistearen amaieran.

GORKA RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Arama
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun

Jokin Altunak berarekin entrenatu du azken egunetan, eta joko puntu ederrean ikusi du. Irribarria bera ere gustura dago egungo sasoiarekin. Txapelketa ere ondo joan da. Aldartean nabaritzen zaio. Igandean jokatuko du buruz buruko hirugarren finala, eta bigarren txapelaren bila ariko da.

Zer moduz zaude? Oso zoriontsu dirudizu.

Uste dut egoteko modukoa dela. Hiru hilabetean bi final jokatuko ditut. Orain ez banago zoriontsu, akabo.

Emaitzek eragiten al dizute aldartean?

Beti eragiten dute. Ilusioa pizten dizute; emaitza onak izateko entrenatzen zara. Emaitzek egunerokoan gozatzen laguntzen dute, eta kantxan nabaritu egiten da.

Bolada txarretan goibelago egoten al zara?

Kantxan antzematen zait. Baina saiatzen naiz pilotatik kanpo ahalik eta gutxien eragin diezadan.

Finala jokatzeko irrikan? Luze egin al zaizu itxaronaldia?

Bai, gustura nago, bolada onean, eta bolada onean zaudenean beti zaude jokatzeko irrikan. Lehen egunak egin zitzaizkidan luze, atzerapena egongo zen ala ez jakin arte. Behin finalaren eguna zehaztuta, plangintza aldatu genuen, eta finalera begira jarri ginenetik dena bizkor joan da.

Hiru urte igaro dira lehen finala jokatu zenuenetik. Beste modu batera hartu al duzu hau?

Nik zortea eduki dut; inguruko jendeak dena antolatzen lagundu dit: sarrerak, afaria... Lehen finala pixka bat kaosa izan zen, baina handik aurrerako guztiak ondo antolatu ditugu. Nire konpromisoak albo batera utzita, ez dut parte hartu. Etxean, gainera, gaiari buruz ahalik eta gutxien hitz egiten saiatzen gara.

Finalerako ia sarrera guztiak salduta daude, aspalditik.

Buruz burukoa berezia dela ikusten da, eta jende asko mugitzen duela, batez ere azken faseetan.

Irribarriak jendea mugitzen duela entzutean zer sentitzen duzu?

Ez dakit, hor ikusle zifrak agintzen du. Badakit ondo nagoenean jende asko mugitzen dudala, eta txakalaldia dudanean gutxiago. Une onak baliatzen saiatu behar duzu.

Kuadrillakoek euren poltsikotik ordainduko al dituzte sarrerak? 2016an galdera bera egin nizun. Orduan 19 urte zenituen.

Batzuek bai; batzuk espabilatu egin dira, edo hala dirudi. Kontuan izan behar da 22 urterekin asko ikasleak direla, eta gaur egun zaila dela lana aurkitzea. Nik uste dut haiek ere ilusioz daudela.

Afaltzera gonbidatu, eta bakea.

Saiatzen naiz ahal den eta gehien ematen, eta ahalik eta prezio justuena aurkitzen, baina beti ezin da lortu. Garrantzitsuena da haiek ahalegina egiten dutela, eta saiatzen naiz keinuren bat izaten.

Kantxara irten, eta «Irri! Irri!» entzun duzu. Ohitu al zara?

Kantxan ez diot garrantzi handirik ematen. Ez dut esan nahi entzuten ez dudanik, baina kantxan askotan gurean sartuta gaude. Ez da despistatzen zaituen zerbait. Saiatzen naiz barruan presiorik ez sortzen, eta eragitekotan eragin positiboa izan dadila.

Azkenaldian asko entzun duzu.

Seinale ona da. Zaleen aldetik esker ona baino ez dut jasotzen. Une txarretan ere izan dut jendea inguruan animatzen. Dudan zalegoa ona da: ez gara asko, baina indartsuak dira.

Binakako finalaren aurretik asko hitz egin zen zure iazko urte txarraz. Final batekin aski da bolada txarra leuntzeko? Edo behetik gorako bide horrek txapel bat eskatzen du?

Gorputzak txapela eskatzen dit, eta saiatuko gara. Lasai nago, 22 urte ditut, eta hori da onena. Finala irabazi nahi dut, baina berriz ere finalean nagoela da emaitza positiboena, kantxan gozatzen dudala, eta kantxatik kanpo ere bai, egunerokoan. Eta badakit horrela jarraitzen badut gehiago iritsiko direla. Galduta ez da mundua bukatuko, eta irabazita ere lanean jarraitu beharko dut.

Jokaturiko azken bi finalak galdu dituzu. Min handia ematen al du finala galtzeak?

Graziarik ez du egiten. Beti gustatzen zaigu irabaztea, eta finaletan, gehiago. Galtzeak ez baligu minik egingo, seinale txarra litzateke. Baina, beste alde batetik, jabetzen zara urteko egunik garrantzitsuenean bi pilotari baino ez daudela. Beroaldia pasatu ondoren, baina, eta behin azterketa eginda, txapelketa osoarekin gelditzen jakin behar duzu, eta ez azken partidarekin bakarrik.

2016ko finalaren aurretik bezala zaude aurtengoaren atarian?

Ez. Final bakoitza da ezberdina: uneko sentipenak, zer boladatan zauden, aurkaria... Gauza batzuetan 2016koa hobea izan zen: ezjakintasuna, presiorik ez izatea... Aurtengoan, aldiz, garbiago dut zenbat kostatzen den final batera ailegatzea, gorputzari buelta eman ondoren. Ezagutza handiagoa duzunean, beste gauza batzuen balioa ikusten duzu.

Txakalalditik irteteko, «gauza batzuk» aldatu zenituen. Buruz burukoan ere eragina izan dute?

Zalantzarik gabe. Buruz burukoan, eta, batez ere, nigan. Pilotaria bere entrenamenduekin pozik dagoenean, bere egunerokoan, kantxan ikusten da. Konfiantza bultzada da, erabakiak are konfiantza handiagoz hartzen ditu. Aldaketa horiek epe luzera nabaritzen dira.

Kirol psikologoarekin lan egin duzu. Banakako edo binakako txapelketa izan gauza ezberdinak lantzen dira?

Psikologoa baino gehiago, trebatzaile deitzen zaio. Guk berdin jarraitu dugu lanean.

Bitxia da: plazan ez zarela urduritzen dirudi.

Hori ez da egia; nerbioak beti hor daude. Une batzuetan, hazi egiten zara tentsioarekin; beste batzuetan, uzkurtu. Gazte harrapatzen bazaitu, gehiago nabaritzen duzu: ingurua, hedabideak... Zaila da horrek ez eragitea.

Oso ondo jokatu duzu txapelketan, Victorren aurka izan ezik.

Victorren aurkakoan ez nuen distirarik izan, baina egon ziren gauza onak ere. Buruz ez nintzen une batez ere joan partidatik. Victor ez da niretzat aurkari egokiena, eta tentsio handia zegoen, baina iruditzen zait gero maila onean aritu naizela. Bai fisikoki, bai joko teknikari dagokionez, buruz...

Iazko Irribarriak galdu egingo al zuen Victorren aurka?

Izan daiteke, eta Altunaren aurka agian ez zuen irabaziko. Horren atzean lanketa bat dago, baina argi dut ez dela kasualitatea.

Altunaren aurkako partidan asko errematatu zenuen.

Egun dauden pilotekin, eta egun jendeak duen aire defentsarekin, joz bakarrik ezin da dominatu. Errematatu gabe ezingo dut irabazi. Nahiz eta zuloak ireki, errematea behar duzu.

Bengoetxearen aurkako finalean, 2017an, hori falta izan zitzaizun: errematea.

Ez dakit. Hurrengo urtean, Ezkurdiaren aurka, ez zirudien ikasi nuenik [22-9 galdu zuen]. Boladak dira. Konfiantzaz bazaude, eskuetatik ondo... Pixka bat errazagoa da errematatzea.

Nola ikusi duzu Urrutikoetxea?

Ondo. Haren aurkariek ez dituzte egunik onenak izan, baina sotamanoz eta besagainez ondo ikusi dut. Ahal badut, frontisetik urrun izan beharko dut.

Biek izan zenuten urte txarra iaz.

Bai, tira. Berea, agian, bai izan zela urte txarra, eta, gainera, bere esku ez zeuden faktoreengatik, gaixotasun bat edo beste. Emaitza aldetik, agian, ez dut urte ona izan, baina banekien lan eginez gero aterako nintzela, eta berak ere hori egin du. Atera da hortik, gaixotasunari buelta eman dio, eta berak ere lana du atzean.

Zu baino zaharragoa da, eta beti Aspeko inguruan ibili zara. Gazteagotan Urrutikoetxea ikustean zer zetorkizun burura?

Beti izan du kolpe elektrikoa. Debutatu zuenetik beti goraka egin du. Agian, ez du izan Altunak edo nik izandako kolpeko gorakadarik, baina apurka egin du gora, etengabe. Antzematen da lanaren eraginez gorputza eta jokatzeko modua eraldatu egin zaizkiola.

Baikok eskaintza egin dizulako zurrumurrua zabaldu da. Egia al da? Entzun al duzu?

Nik ere entzun dut zurrumurrua. Niri pertsonalki ez zait etorri ez Aspeko inor, ezta Baikokorik ere. Hortxe dago, baina nik burua finalean izan behar dut.

Harritu al zaitu? Halakoak ez dira ohikoak pilotan.

Bai, pixka bat. Egia da zurrumurru bera entzun nuela duela sei hilabete, baina ez nion kasu gehiegirik egin. Galdetu nien ingurukoei, Apezetxea eta Etxanizi, eta esan zidaten gezurra zela. Eta berriz ere zabaldu da. Ez dakit nondik nora doan. Baina garbi dut pilotari izaten jarraitu nahi dudala, gustura nagoela Aspen, eta dena ez dagoela nire esku.

Zinegotzi izateko aurkeztu zinen Araman? Nolatan?

Herri txikia gara, eta herri txikietan kosta egiten da jendea aurkitzea. Amak hiru legegintzaldi egin ditu, eta hark pixka bat bultzatuta onartu nuen. Jende gaztea sartzea garrantzitsua da herri girorako. Lagun bat eta biok aurkeztu ginen.

Gizarte konpromisoaz hitz eginda, ETBn euskaraz bakarrik aritzen zara, baita ETB2ko albistegietarako ere. Bere garaian, hainbat kirolarik erabaki hori hartu, eta publiko egin zuten. Zuk zergatik egin duzu?

Ni beti izan naiz euskalduna, eta ETB ere horretarako dela uste dut. Euskaraz aditu nahi duenak aditu dezala; eta ez dakienak, aditu eta azpidatziak irakur ditzala. Ez zait iruditzen aukera txarra denik. Horrez gain, gure eskubideen barruan dago, eta iruditzen zait denentzako dela ona. Egia da irratietan, Radio Euskadin adibidez, gaztelaniaz egiten dudala, baina han ez dago azpidatzirik. Ez da erabaki zaila.

[Youtube]https://youtu.be/TqLJeN1EtaQ[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.