Herritarrekin ospatuko dute mendeurrena

IFOB Banden Nazioarteko Jaialdia egiten ari dira Iruñean, asteazkenetik, Pamplonesa bandaren mendeurrena ospatzeko. Gaur, munduko 80 bandak desfilea egingo dute

Asteazkenean abiatu zen IFOB jaialdia. Argazkian, Japoniako Iwakura Wind Orchestra, Udaletxe plazan. MIKEL LEGARISTI.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Pamplonesa Iruñeko musika bandak ehun urte bete ditu, eta hilabeteak daramatza mendeurrena ospatzeko ekitaldiak antolatzen, baina egunotan egiten ari dira ospakizun nagusia: IFOB Banden Nazioarteko Jaialdia. Asteazkenean eman zioten hasiera festari, txupinazoarekin, eta igandera arte luzatuko da ekitaldia. Mundu osoko laurogei bandatako 3.100 musikari parte hartzen ari dira hamaika kalejira, kontzertu, hitzaldi eta mahai ingurutan. Gaur dute ekitaldirik garrantzitsuena: arratsaldean, banda guztiak elkarrekin aterako dira Alde Zaharreko kaleetara, eta, desfile baten ostean, kontzertu bat emango dute, zezen plazan.

Orain dela ehun urte egin zuten bilkura omentzeko antolatu dute gaurko ekitaldia. Bandaren hastapenetan, kalejira handi bat antolatu zuten Iruñean, beste 11 bandarekin, herritarrei erakusteko zer ziren musika banda zibilak, ordura arte banda militarrak baino ez zeudelako hirian. Orduko hartan, Euskal Herriko bandak baino ez ziren elkartu, baina ekitaldia «mugarria» izan zen Pamplonesarentzat; «bultzada eta mugimendua eman zion», Jose Andres Palacios Pamplonesako lehendakariak adierazi duenez. Oraingoan, berriz, mundu osoko bandek zeharkatuko dituzte Iruñeko kaleak. Zehazki, Japoniatik, Kanadatik, AEBetatik, Puerto Ricotik, Erresuma Batutik, Maltatik, Alemaniatik, Frantziatik eta Espainiatik etorri dira, baita Euskal Herriko hainbat herri eta hiritatik ere.

Gaur goizean, hitzaldiak, mahai inguruak eta kontzertuak egingo dituzte Baluarte jauregian. Besteak beste, Jean Yves Formeau saxofoi jotzaile frantziarra, Llorenç Mendoza musikagile kataluniarra eta Jose Rafael Pascual musikagile espainiarra arituko dira solasean. Ondoren, banda guztietako kideek elkarrekin bazkalduko dute, Ziudadelan, eta bazkalostean kontzertuak egongo dira, gehienak Euskal Herriko bandenak: Hondarribikoa, Irungoa, Baionakoa, Agoizkoa eta Galdakaokoa arituko dira, besteak beste. 19:30etik aurrera, banda guztiek hiriaren erdialdea zeharkatuko dute, eta 20:00etan zezen plazara helduko dira. Han, Pamplonesaren errepertorioaren pieza ezagunenak joko dituzte, Vicent Egea bandaren zuzendariaren gidaritzapean.

Asteazkenean heldu ziren musikari guztiak Iruñera. Pamplonesako kideek harrera beroa egin zieten, eta ordutik ari dira jarduerak egiten. Osteguneko hitzordu gehienak musika heziketaren ingurukoak izan ziren, eta, arratsaldean, jaialdiaren jarduera garrantzitsuenetako bat egon zen: Pamplonesa a cien (Pamplonesa ehunera) kontzertua, «ikusmin handiena sortu duten ekitaldietako bat», lehendakariaren hitzetan. Iruñeko bandarekin batera aritu ziren Bogdan Bacanu marinba jotzailea eta Nury Guarnaschelli eta Sarah Willis tronpeta jotzaileak.

Atzo, berriz, Teresa Catalan musikagile iruindarrarena izan zen hitzaldirik garrantzitsuena: konpositoreen trebakuntzarako aukeren inguruan mintzatu zen. Catalanez gain, Vicent Egea Pamplonesako zuzendaria eta Johan de Meji eta Fernando Velazquez konpositoreek ere eman zituzten mintzaldiak. Gaur amaituko dira hitzaldiak eta eskolak, eta, bihar, musika ikuskizunez betetako egunarekin itxiko dute jaialdia.

«Biltzar honekin, bandak kalera atera nahi ditugu, eta iruindarrei helarazi banden munduak duen indarra», adierazi du Palaciosek. Esan du oraingoz jarduerak ongi ateratzen ari direla, eta eskertu egin du parte hartzaileengandik zein boluntarioengandik jasotzen ari diren erantzuna: «Lehendabiziko aldia izateko, dena oso ongi doa, eta laguntza handia jasotzen ari gara; horri esker, aurrera goaz». Biltzarra ongi ateratzea «garrantzitsua» dela erantsi du lehendakariak. «Urte berezia izaten ari da aurtengoa, eta biltzarra oso atsegingarria izaten ari da».

Egunotako jaialdia da mendeurreneko ospakizun nagusia, baina aurretik ere izan dira beste batzuk. Urtarrilean, kontzertu ziklo bat abiatu zuten, eta, hilabeteotan, bederatzi kontzertu berezi eskaini dituzte. Maiatzean, berriz, erakusketa bat jarri zuten Kondestablearen jauregian, bandaren historia erakusteko. Argazki zahar eta berriekin osatu zuten erakusketa, eta uztailaren 31ra arte egongo da zabalik.

Bestalde, berriki aurkeztu dute Cien años con La Pamplonesa (Ehun urte Pamplonesarekin) izeneko liburua. Hiru adituk ondu dute lana: Luis Maria San Martin musikologo, irakasle eta bandako kideak, Rebeca Madurga musikologo eta arte eta humanitateetako doktoreak, eta Javier Marquez historialari eta Iruñeko Udaleko teknikariak. Bandaren historia eta hiriarekin izan duen harremana aztertu dute lanean; «bereizi ezinezko harremana», egileen hitzetan.

Kalitatea eta gertutasuna

Hiru zatitan banatu dute liburua, bandaren historian egon diren aldiekin bat eginik. Lehenak 1919tik 1942ra arteko garaia kontatzen du. Hainbat herritarrek sortu zuten banda, 1919an, orduan banda militarrak baino ez zeudelako hirian, eta, 1941an, Iruñeko Udalak bere gain hartu zuen, Iruñeko Musika Bandaren Patronatua sortuta. Liburuaren bigarren atalean, urte horretatik 1987ra arteko garaian jazotakoak kontatzen dira; urte hartan, patronatua desegin egin zuten, eta Pamplonesa jatorrizko eredura itzuli zen: kultur elkarte bihurtu zen, eta hala segitu du orain arte.Liburuaren azken atala azken hiru hamarkadetan jazotakoarekin osatu dute.

Eta, ehun urte beteta, balantzea egitea egokitu zaie Pamplonesako kideei. Lehendakariaren ustez, banda «osasuntsu» heldu da urtemugara: «Azken hogei urteetan, asko hobetu da musikarien maila artistikoa; baina, aldi berean, jakin izan dugu alde herrikoian aurrera egiten jarraitzen». Oreka hori mantentzea «gakoa» izan dela uste du, eta hori lortzeko «ahalegin izugarria» egin dutela dio, ez ditzaten beren sustraiak ahaztu bikaintasunaren eraginez. «Guk oso ongi dakigu zeintzuk diren gure sustraiak: gu Iruñea gara, eta Iruñea izaten jarraitu nahi dugu».

Aurrera begira, bide horretan aurrera egiten jarraitu nahi dute: haien beharra duten bakoitzean erantzuten. Egunotan, mendeurreneko ospakizuna «borobiltzen» ari dira, eta uztailaren 6ko egun «zoragarrian» itxiko dute, Sanferminetako txupinazoko suziria botata.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.ifob-pamplona.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.