Mesfidantza gehitxo

Santanderren jokatuko dute Eusko Label ligako hirugarren estropada, gaur, oso fidagarria ez den eremuan. Bada hautagairik Orioren nagusitasuna hausteko

San Pedro, Isuntza, Astillero eta Cabo, ziagoba ematen, joan den igandean, Zierbenan jokatutako estropadan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Eusko Label ligak Euskal Herritik kanpo du gaur estropada, Espainian izango baitira arraunlariak: Santanderren. Arraunlariek hiri horretako eremuaren izena entzuten dutenean, halako hotzikara antzeko bat izaten du gorputzean barrena, ez baita leku fidagarria. Prestaketa garaian, Kantabria aldeko traineruen arteko estropadak jokatzen dituzte han ia beti, eta, hango emaitzak hemengo arraun elkarteetara heltzen direnean, inork ez die sinesgarritasun handirik ematen,bai baitakite gorabehera handiko estropada lekua dela gaurkoa.

Ur lasterren eragina handia izaten da, eta gorabeheratsua. Kale batean eragin jakin bat izan dezakete, eta albokoan, handik metro gutxira, beste bat. Ura behera emana dela jokatuko dute gaur (18:25, ETB1), eta urak beherako bidean erdia eginda edukiko du Eusko Label ligakoak arraunean hasten direnerako. Indarra izango dute ur azpiko indarrek.

Naturaren apeta bihurriak gutxi ez, eta Santanderko portuan hain ugariak diren itsasontzien joan-etorriari ere begia jarri beharko diete arraunlari, patroi eta entrenatzaileek. Lehen, behintzat, hala izaten zen, eta orain ere arrisku handia dago hala izateko. Eremuaren erdian gurutzatu den ontzitzarra, hark utzitako olatuxka kaltegarria... zenbat horrelako ez zituzten pairatu Santanderren garai bateko arraunlariek.

Estropada lekua betiko lekutik pixka bat mugitu dute, baina mesfidantza handiarekin ibiliko dira denak, eta, txandako eta beste txandetako aurkariak ez ezik, bestelako kontrario zitalak ere izateko ere arrisku handia egongo da gaur. Kirol jardunari dagokionez, badu galdera nagusi bat gaurko jardunak: izango al da inor gai Oriok lehen bi estropadetan erakutsitako nagusitasunari balantza eragiteko?

Hautagaiak badaude, eta ez gutxi. Orain astebete liga hasi aurrekoak, hain zuzen ere: Zierbena, Donostiarra, Santurtzi, Hondarribia eta Urdabai. Orio edo beste horietako batek gaur bandera astintzea ez da ezustetzat joko, gaia sobera dutelako horretarako.

Txanden banaketari dagokionez, ligako sailkapenak zehaztuko ditu gaurkoan, larunbatero bezala. Ohorezko txandan ariko dira Orio liderra, Zierbena, Donostiarra eta Hondarribia. Bigarrenean, Santurtzi, Urdaibai, Kaiku eta Ondarroa elkartuko dira, laurak ere Bizkaiko traineruak. Aurrenekoan, berriz, Caboko galiziarrak, Isuntza, San Pedro eta Astillero ariko dira.

Galdera ugari erantzun zain

Gauzak ondo direla, bere-berean, bigarren edo azkeneko txandan behar luke garaileak, aurrenekokoak beste lehia batean baitira: mailari eutsi nahian. Orioren kontrario norbait izan daitekeen galdetzen duenaz aparte, badira beste galdera batzuk ere. Hondarribiak badu garai honetan koskatxo bat gora egin eta Orioren pare ibiltzeko ahala? Eta Urdaibaik hobetuko al ditu lehen asteburuko emaitzak? Orio bera gai izango da berriz ere aurreko asteburukoak bezalako estropada biribila osatzeko? Santurtziren itxura aurreko larunbatekoa edo igandekoa izango da? Donostiarrak gaur ere lan aparta egingo du, igandean egin zuen bezala? Zierbena gai izango ote da lan onari garaipena gehitzeko?

Galderak, asko, eta erantzunak, estropadan zehar. Eta, gero, ondorioak ateratzeko tentazioari neurria jartzea komeni. Santanderko kontuak han bertan lagatzekoak baitira, eremuaren ezaugarriengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.