Antzerkiaren bidez zen erraten

'Garazin antzerki 1' eman ostean, 'Garazin antzerki 2' liburua plazaratu du Maiatzek, Gillom Irigoien eta Xebaxtian Ihidoi antzerkigileek 1980ko hamarkadan idatziriko testuekin

Gillom Irigoienek apirilean eman zuen Garaziko antzerkiak 1 lana; haren ostean plazaratu dute bigarren tomoa. BOB EDME.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Aurten argitaraturiko hamar obrarekin egonen da Maiatz argitaletxea Durangoko 54. Azokan. Eta horien artean, Garazin antzerki 1 eta Garazin antzerki 2 tomoak aurkeztuko dituzte, besteak beste. Garazin antzerki; bi hitzetan unibertso bat. Euskaratik eta euskaraz, metxa eta arraileria. Lehen tomoa Gillom Irigoienen zortzi antzerkien argitalpena da; bigarrena, berriz, Xebaxtian Ihidoiren hiru antzerkiena. 1980ko hamarkadan idatziak dira denak, Garazi eskualdean; ezterenzubitarra zen Ihidoi, ainhiztarra Irigoien ( biak Baxenabarre). Antzerki horiek orain publikatzea hautatu dute, idatziak izan zirenetik berrogei urte berantago. Hala, testuinguru berezi batean kokatu behar dira, garai eta espazio baten lekuko.

1970eko hamarkadan, Hiruak Bat antzerki taldea sortu zuten Ainhize-Monjolose, Lakarra eta Gamarteko gazteek. Piarres Larzabalen, Telesforo Monzonen eta Daniel Landarten antzerkiak ematen zituzten etxeetako sabaietan eta garajeetan. Horren segida gisa, Biperbeltx taldea, Garazi eta Baigorriko gazte zenbaitez osatua: Matalas, Mehe mehe ardi kaka mehe eta Egarriak eman zituzten haiek. Giro horretan, Irigoienek idatzitako Zortzi ehun ahari-k eman zion bulta Hiruak Bat taldearen bigarren aroari: Hiruak Bat 2. 1984an hasi eta 1990era bitarte iraun zuen taldeak. «Hiruak Bat 2, Gillom zen; taldeak hartua zuen bere norabidea», azaldu du Antton Lukuk.

Ihidoi ere ildo beretik ari izana zen. Zentzu Gabeak antzerki taldea muntatu zuen sorterrian, eta hura ere, Irigoienen gisara, biziki gazterik hasia zen idazte lanetan.Lukuk idatzi duenez, «teatroko pasio bizi bat» zeukan Ihidoik, eta Biperbeltx taldeak markatu zuen «azkar». Idatzi zituen hiru antzerki salbatu dituzte; 1980ko Oraiko haurrak, 1982ko Ene biziak zer balio du...eta 1988an idatzi zuen Elizako ezkila. Eiheralarren ere ari izan zen jokoan, eta hark sortua zuen Armendaritzeko taldea, oraino bizirik dena. Gazterik hil zen gero, istripuz, 1994an. Hala, 25 urte pasa dira hil zenetik, eta aurten ezarri dituzte argitan bere testuak, 1982koa sekulan emana izan ez delarik.

Luzien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko koordinatzaileak adierazi du memoria «inportantea» dela, «norbaiten ez ahanztea eta egin duen lana erakustea». Bai Irigoienen eta bai Ihidoiren lanen «aberastasuna» azpimarratu du Etxezaharretak: «Eskualde baten kultur itxura eta oihartzuna dira antzerki horiek. Sorkuntzak ez dira sekulan hutsetik abiatzen; iraganak manatzen du oraina».

Loraldia eta norabidea

Bi liburuen sar hitzak Lukuk idatziak ditu. Bera ere idazle, antzerkilari eta antzerki zuzendari, Irigoienekin eta Ihidoirekin batera ibilia da antzerkian garai hartan. «Enetako, Biperbeltxek ezarri gintuen denak norabide batean; sozietatetik ateratzen ziren guztiak erran behar zituen antzerkiak. Xebaxtianek idazten zuen izpiritu horretan, Gillomek ere bai. Antzerkiak izan behar zuen, zentzu zabalean, politikoa», azaldu du Lukuk.

Gaurkoaren aldean, aldaketa ezin uka. Lukuk oroitarazi du orduannorbaitek idazteko enbeia bazeukan, antzerkia zuela idazten. «Giroa horrelakoa zen». Ihidoik, Irigoienek baino gehiago, «barneko problemak» aipatzen zituen; ezkontzaren gaia, gurasoekiko harremana, maitasuna, auzoa, herria. Gehitu du jendartean «ahobatezkotasun» bat zegoela errateko gaiak —politikoak edo bestelakoak izanik ere—, eta antzerkiz zirela tratatzen. «Orain, idazle gazte batek idatziko luke poema bat, kazeta kronika bat edo ipuin bat. Baina denbora hartan antzerkia zen».

Giroa, taldea, norabidea eta espazioa. «Arrailerian aritzeko espazioa genuen, baina serioski egiten genuen». Hortaz, egiten zutena plazerez sorturiko «eztabaida molde» bat zela uste du. «Ari ginen katzakan gure biziarekin, bazen auto-arraileria bat». Antzerkiko pertsonaiak «zinez landuak» zirela gaineratu du, eta hori «barnetik» abiatzen zela. «Eztabaidatzeko behar hori sentitu behar da».

Ihidoiren antzerkiari dagokionez, liburuan bildutako lehen biak idazlearen parekoak dira, Lukuren iritziz. Hirugarrenarentzat, «antzerkia zer zen ikasia zuen». «Hirugarrenean ez da hainbeste bere barnetik ari». Halere, «zirtzilen anarkismo» hori ateratzen zaiola azpimarratu du Lukuk. «Elizako ezkila-n herriko boterea zapartarazten du, eta ageri du bere iturria horretan duela». Izan ere, urteetan libertimendu herria izan da Ezterenzubi, eta delako «arraileria» hori handik zetorkiola uste du. «Hango girotik hartzen zuen; etxetik, auzoetarik, herritik, eta izate hori leitzen zaio: haustura bat erakusten du boterearekin».

Autodidakta zen Ihidoi, baina bazekien «biziki ontsa» zerk funtzionatzen zuen. «Leitu zituen Larzabal eta oro, eta ezagutzen zituen antzerkiaren hariak». Zeukan trebeziaz gogoratu da Luku. « Oraiko haurrak eman zutelarik Ezterenzubin, herria hor zen. Gustatzen zitzaien, ekartzen baitzien irri egitekoa: hor bazen komunitate bat, nahitaez».

Lukuk argi du orduz geroz «arrunt aldatua» dela antzerkiaren funtzioa, hots, antzerkiari zein kargu ematen zaion: publikoa jostarazteko edo pentsarazteko.

Publikatu berri dituzten antzerki horietan zerbait ulertu behar bada, hori litzateke Lukurentzat. «Uste duzu arina dela, baina gero harrapatzen zaitu». Bestalde, antzeztearen oinarria egiten duen testuaren «naturaltasuna» aipatu du. «Zuzendaritzatik bakarrik abiatzen bazara, egiten duzu antzerki hautsiago eta ez hain popularra, eta nonbait publikoaren galtzea horretan da ere. Baina hor testuak leitzen dituzu, eta, ohartu gabe ere, dena ikusten duzu taula gainean muntatua: hori da antzerkiaren eskua».

Biharko antzerkia

Lukuk dio bi idazleek garai hori islatzen «kausitu» dutela. Euskararen erabileraz ere hitz egin du, Garazin berean hizkera «azkar» aldatua baita, eta testuak irakurtzean «unibertso» horretan berriz kokatzen baita irakurlea. «Diglosiaren borroka permanentea zen Gillomena, eta antzerkian ere bilatzen zuen noiz irabazten zuen euskarak, adierazpen borroka horretan. Hizkuntza zuen muina: euskara zuen motorra». Lukuk erran du testuak irakurtzeko «errazak» direla, eta, euskalkiagatik bakarrik, horren irakurtzeak merezi duela uste du. «Horren leitzen, pentsamolde eta unibertso batean sartzen gara».

«Orain, erraten ahal dugu zulo batean dela euskal antzerkia, falta direla idazleak, falta dela estilo bat, falta dela inplikazio bat, zeren eta nik ez baitut uste izaten ahal dela antzerkirik profesionalekin bakarrik: publikoa urtuko da», Lukuk. Mugimendu hori «berpiztu» behar dela uste du. «Bai Xebaxtianek eta bai Gillomek badute interes. Nonbaitetik abiatu behar duzu. Gu hasi gara idazten Larzabal, Monzon-eta irakurri eta kapitalizatzeko». Hori dela eta, publikatze eta dibulgatze lanetan «biziki gehiago» egin behar dela argi du.

Antzerki horiek berriz emanak izan daitezkeenetz? Ez zaio hori gehien inporta. «Nahiago nuke hori leitzearekin, horrek inspiratzen balu beste bat. Euskararen erritmo horrek gogoa ematen balio norbaiti, oraingoa idazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.