Mendia

2019an zeresana eman dute

Mendi lasterketak, alpinismoa, eskia, eskalada... Denetik izan du 2019ak mendiko jardueretan. Kirolari askorentzat urte biribila izan da, eta beste batzuek ez dituzte bete beren asmoak. Baina lortu edo ez, gehienak hasiak dira datorren urtean pentsatzen, eta horri begira helburuak jartzen.

Unai Ugartemendia.
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Urte oparoa izan da 2019a ere mendiko jarduerentzat. Garaipenak, txapelketak, errekorrak eta erronkak izan dira albiste iturri. Euskal Herriko hainbat kirolarik lortutakoak daude tartean.

BANDRES-KAROLO

Urtero bezala, mendi eskiko festa izugarria antolatu zuten Izaban (Nafarroa), Antxon Bandresen eta Carlos Imirizaldu Karolo-ren omenez. Bertan, Euskal Herriko txapelketak jokatu ziren, eta Igone Campos eta Axier Alonso izan ziren nagusi.

CARLOS SORIA

Urri erdialdean egin zuen Dhaulagiri (8.167 metro) igotzeko azken ahalegina. Nahiz eta 80 urte beteak dituen, oraindik ez du galdu hamalau zortzimilakoak osatzeko esperantza. Babesleek bizkarra eman dioten arren, datorren urtean itzuliko dela berretsi du Soriak. Dhaulagiri igoz gero, bakarrik Shisha Pagma (8.013 metro) faltako litzaioke hamalau zortzimiliakoak igotzeko. K2 (65urte), Broad Peak (68 urte), Makalu (69 urte), Gasherbrum I (70 urte), Manaslu (71 urte), Kanchenjunga (75 urte) eta Annapurna (77 urte) mendiak igo dituen alpinistarik zaharrena da gaur egun.

MENDI DUATLOIAK

Urtero legez, irailean hasi eta azarora bitarte, Euskal Herriko Mendi Duatloien zirkuitua jokoan izaten da. Aurten hamar izan dira beste hainbat herritan jokatu diren probak. Bi izen aipatu behar; Maria Gomez eta Eneko Gurrutxaga. Gomezek jokatutako denak irabaztea lortu du, zirkuitua erabat menderatuz. Gurrutxagak, berriz, jokatutako hamar probetatik lau eskuratu ditu, tartean Euskal Herriko Txapelketa.

EHUNMILIAK

Hamargarren urtemuga ospatu zuen uztailean Euskal Herriko ultra distantziako lasterketarik ezagunenak. Iazko amesgaiztoak erantzun paregabea izan zuen korrikalarien aldetik. Hiru lasterketetarako dortsalak bukatu egin ziren, eta bost marka berri ezarri zituzten: Ion Aizpuruk eta Ewa Majerrek Ehunmilietan (166 kilometro); Ion Azpirozek eta Uxue Frailek Goierriko Bi Handietan (88 kilometro), eta Samuel Davila mexikarrak Marimurumendi maratoian (42 kilometro). Datorren urterako datak jakinarazi dituzte. Uztailaren 10ean, 11n eta 12an jokatuko dituzte, eta izen ematea zabalik dago.

FELIPE URIARTE

Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere egitasmoa aurkeztu zuen alpinista beteranoak urte hasieran. Proiektuaren helburuak hauek ziren: euskara eta xerpa hizkuntza uztartzea, mendizaletasuna eta herrien arteko elkartasuna sustatzea, eta hizkuntza gutxituei babesa ematea. Horretarako, Euskal Herritik joandako dozena bat ikasle eta Nepalgo beste hainbeste batu zituen Himalaian.

AINHOA SANZ

Euskal Herrian mendi lasterketetako izen handiena izan da aurten. Erakustaldi handiak egin ditu. Maiatzean, Espainiako txapeldun izan zen; irailean, hirugarren postua lortu zuen Europako Txapelketan. Horren ostean, Munduko Kopako proba bat irabazi zuen Bagan (Herrialde Katalanak); urtea amaitzeko, seigarren izan zen Argentinan, azaroan jokatutako Munduko Txapelketan. Datorren urtera begira, Golden Trail Serieetako hainbat lasterketatan parte hartu nahi du.

OIER ARIZNABARRETA

Maiatzean, mendi lasterketetako Espainiako Txapelketa irabazi zuen Otañesen (Kantabria, Espainia) euskal selekzioarekin, eta, gero, uztailean, Zumaiako Flysch lasterketa irabazita, Espainiako Kopa eskuratu zuen. Sasoiko dagoenean, aurkari gutxi dituela erakutsi du aurten ere, eta, urtean jokatu dituen hamar lasterketetatik, zortzitan garaile izan da.

JESS ROSKELLY, DAVID LAMA ETA HANS-JORG AUER

Munduko alpinistarik onenen artean zeuden hirurak, martxoaren 21ean Kanadako Howse mendian (3.295 metro) desagertu ziren arte.Gaur egungo alpinismoaren abangoardiaren ikur ziren hirurak. Ez ziren zortzimilakoetan asko arituak, baina haiek irekitako bide gehienak denbora askoan gogoratuko dira.

KILIAN JORNET

Urte hasieran aurreratu zuen mendi lasterketa gutxi egingo zituela 2019an, baina horietan ezarrita zeuden markak hobetzen saiatuko zela. Jokatutako zazpi lasterketak irabazi ditu kataluniarrak, tartean Zegama-Aizkorri, Sierre-Zinal eta Pikes Peak Maratoia. Urtea amaitzeko, Golden Trail Serieetako finala irabazi zuen Nepalen. Urrian, bertan behera utzi zuen Everestera igotzeko ahalegina, 8.300 metrora iritsi zen arren.

MIKEL LINAZISORO

Denboraldi bikaina osatu du Bergarako eskalatzaileak. Gazte mailako azken urtean hirugarren izan da Europako Txapelketan, eta seniorren artean ere erakutsi du etorkizuneko eskalatzaileetako bat dela. Datorren urtean Tokioko Olinpiar Jokoetan aritzearekin amesten du. Apirilean du sailkatzeko azken aukera, Europako txapelketan.

MAITE MAIORA

Estreinakoz izan zen Chamonixko (Frantzia) UTMB lasterketan (166 kilometro eta 10.000 metroko desnibel positiboa), eta orduan ere ez zuen hutsik egin. Ezer galtzekorik ez zuela adierazi zuen lasterketaren bezperan. Atzetik aurrera egindako lasterketa bikain baten ondoren, hirugarren amaitu zuen. Courtney Dauwalter amerikarrak irabazi zuen lasterketa. Iker Karrerarekin, Zigor Iturrietarekin eta Javi Dominguezekin batera, bere izena idatzi du UTMBko historian.

EMMOA

Euskal Mendizaletasunaren Museoak Donostian egoitza propioa izango duen arren, abenduaren 11n mendizaletasunaren aldeko aldarria egin zuen San Telmo museoan egindako prentsaurreko batean. EMMOAK ondarea gordetzeko xedea eta espazio duin bat sortzeko helburua duen proiektua da. Bertan izan ziren, besteak beste, Josune Bereziartu eskalatzaile ohia, eta Alberto Iñurrategi eta Juanito Oiarzabal alpinistak.

NIRMAL PURJA

Sei hilabete eta aste bat behar izan zituen Nepalgo alpinistak munduko hamalau zortzimilakoak igotzeko. Apirilaren 23an ekin zion balentriari, Annapurna (8.091 metro) mendia igoz, eta urriaren 29an eman zion amaiera, Shisha Pangmarekin (8.013 metro). Alpinismoaren historiara pasatuko den arren, askok kritikatu dute helburua lortzeko izan dituen erraztasunak.

NAHIA QUINCOCES

Ez du berehalakoan ahaztuko2019. urtea. Urte hasieran, Lake Songuan (Txinan) jokatutako Munduko Kopako proban, hiru diziplina irabaztea lortu zuen; bakarkakoa, sprinta eta kilometro bertikala. Gero, mundialetan, beste zilar bat irabazi zuen txandakako proban, Marta Garcia eta Claudia Galiciarekin batera.

ADAM ONDRA

Askorentzat, munduko eskalatzailerik onena da, eta 2020ko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu berri du, Tolosan (Frantzia) jokatutako sailkatze fasean. Buru-belarri ekin zion Tokion egoteko aukerari; azken urteetan rokodromoak eta kirol eskalada albo batera utzita zituen txekiarrak, baina ez du aukera alferrik galdu nahi izan. Lehenbizikoz izango da eskalada kirol olinpikoa, eta hiru izango dira jokatu beharreko diziplinak; abiadura, boulderra eta zailtasuna. Hogei gizon eta hogei emakume ariko dira lehian.

SERGI MINGOTE

Nirmal Purjarekin batera, alpinista kataluniarra izan da aurten Himalaian beste protagonistetako bat. 1.000 egunetan hamalau zortzimiliakoak igo nahi ditu oxigenoaren laguntzarik gabe, eta dagoeneko zazpi igoak ditu 444 egunean; Broad Peak, K2, Manaslu, Lhotse, Nanga Parbat, Gasherbrum II eta, azkena, Dhaulagiri, azken bi urteetan inork igo gabe zuena. Proiektua amaitzeko, Everest, Cho Oyu, Gasherbrum I, Annapurna, Kanchenjunga, Makalu eta Shisha Pagma faltako zaizkio. Dena ondo bidean, 2021eko maiatzean amaituko du erronka.

SILVIA TRIGUEROS

Bigarrengoz izan zen irabazle Aostako haranean (Italia) Tor de Geants lasterketan (330 kilometro eta 24.000 metroko desnibel positiboa). Lasterketaren zatirik handiena bakarrik egitea tokatu zitzaion arren, irabazteaz gainera, emakumeen marka ere hankaz gora jarri zuen, 85 ordu eta 23 minuturekin. Munduko mendi lasterketarik gogorrenaren historiara pasatu da, baina ez dirudi berriro ere itzuliko denik. Bere bizitzako denboraldirik osoena osatu du, hamabost lasterketatatik hamabi irabazita. Garaipena lortu ez duen hiru lasterketak Euskal Herrian jokatu ditu.

JUAN VALLEJO

Martxoaren 4an, Patagonian eskalatzen ari zela, 25 metrotik erori zen. Bi hilabete ohean eman behar izan zituen Argentinan, ia mugitu gabe. Geroztik, errehabilitazio saio luzeak egiten aritu da.Dena den, ez du baztertu etorkizunean berriro ere espedizio batean murgiltzea. Azken espedizioa, 2017ko uztailean egin zuen Alberto Iñurrategirekin eta Mikel Zabalzarekin, Gasherbrum I eta Gasherrbrum II-ra.

KRZYSZTOF WIELICKI

Neguan, K2 mendira joan ziren poloniarren espedizio buru izan zen, eta argi utzi du berriro eresaiatuko direla. Igotzen lehenak poloniarrak izatea nahi lukeen arren, nazioarteko espedizio bat osatzeko prest legokeela esan du berriro ere.

OIHANA AZKORBEBEITIA

Aurten ere lasterketa askotan hartu du parte euskal selekzioko kideak, eta denetan maila aparta erakutsi du. Munduko Kopan,iaz bezala, lehen hamarren artean bukatzea lortu du, eta Euskal Herrian jokatu dituen lasterketa guztiak ere irabazteko gai izan da. Datorren urtean ere Munduko Kopan izango du jarrita arreta. Azkorbebeitiak.

ENARA ORONOZ ETA PELLO OSORO

Vinuesan (Espainia) jokatu zen 2019ko neguko triatloiko Espainiako Txapelketan garaile izan ziren. Osorok, Ramon Ejeda eta Txomin Osoro anaia izan zituen eskuin ezker; Oronozek, berriz, Gema Hernandez eta Aida Fabrega. Urtarrilaren 4an Harbinen (Txina) jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko gonbitea jaso berri du Oronozek.

ADUR ETXEZARRETA

Denboraldi polita osatu zuen iaz, eta aurten ere gogotsu dago eskiatzaile gaztea. Europako lehen 30en artean ibili nahi du, eta iazko eskarmentua kontutan hartuta, Munduko Kopan ere ibili nahi duela adierazi berri du. Iaz, Espainiako txapeldun izateaz gain, Munduko Txapelketan ere parte hartzeko aukera izan zuen estreinako aldiz nafarrak. 40. amaitu zuen jaitsieran.

HIMALAIA

Bertan ireki dituzte Iker eta Eneko Pou anaiek 2019an eskaladako azken hiru bideak. Lehenak, The Latin Lover (7c+ zailtasuna eta 560 metroko luzera) izena hartu zuen, Hansjorg Auerre alpinistaren omenez. Bigarrenari, Miguelink (6c zailtasuna eta 600 metroko luzera) jarri zioten, Miguel Riveraren omenez. Hirugarrenari, berriz, Beti Alaves (6b zailtasuna eta 340 metroko luzera).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.