Donostiako 55. Jazzaldiko sariak: Salvador, Pardo eta Dominguezi

Jaialdiak nabarmendu du hiru musikariek «ibilbide bikaina» egina dutela eta «kontinenteko jazz musikari gailenen artean» daudela. Hilaren 22tik 26ra bitarte egingo dute jaialdia

Iñaki Salvador euskal konpositore eta piano jotzailea izango da aurtengo jaialdiak sarituko dituen musikarietako bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola-Mikel Lizarralde
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Donostiako 55. Jazzaldiak sari bana emango die Iñaki Salvador, Jorge Pardo eta Chano Dominguez musikariei. «Ukaezina da ematen diren sari hauen egokitasuna, kontuan izanda Pardok, Salvadorrek eta Dominguezek ibilbide bikaina egina dutela musikaren eremuan, eta kontinenteko jazz musikari gailenen artean daudela», azaldu du jaialdiak, ohar baten bidez. Jazz munduko musikarien ibilbideari aitortza egiten die jaialdiak, urtero, bere sariaren bidez. Doc Cheatham tronpetista eta abeslaria izan zen saria jasotzen lehendabizikoa, 1994an, eta orduz geroztik, besteak beste, honako hauek jaso dute: Keith Jarrett, John Zorn, Herbie Hancock, Chick Corea, Hank Jones, Max Roach, Elvin Jones, Clark Terry, Bebo Valdes eta Wayne Shorter. Salvador Donostiako Jazzaldiaren saria jasoko duen bigarren euskal musikaria izango da, 2018. urtean Michel Portal klarinete eta saxo jotzaile baionarrari eman baitzioten.

Iñaki Salvador piano jotzailea (Donostia, 1962) nazioartean itzalik handienetako bat duten jazzeko euskal musikarietako bat da. Zinemarako, telebistarako eta antzerkirako smusikak egin ditu, eta hainbat disko argitaratu ditu, bai bere izenean, bai beste batzuekin lankidetzan. Halaber, Donostiako Jazzaldiaren aurreko urte batzuetan arrakasta handia izan duten hainbat proiektu aurkeztu ditu. Besteak beste, honako musikari hauekin aritu izan da: Perico Sambeat, Allan Skidmore, Pedro Iturralde, Jean Toussaint, Jesse Davis, David Xirgu, David Gomez, Jorge Rossy, Charles Tolliver, Mikel Andueza, Gonzalo Tejada, Joaquin Chacon... Gainera, urte luzez Mikel Laboarekin egin zuen lan, estudioan nahiz zuzenean, eta kantariaren kolaboratzailerik gertukoena izan zen.

Jorge Pardo (Madril, 1956) flauta eta saxofoi jotzaile «aparta» dela nabarmendu du jaialdiak: «Inork ez du Espainiako jazza hark baino hobeto interpretatzen». Besteak beste, Chick Corea, Paco de Lucia, Wagner Tiso, Camaron, Tete Montoliu eta Javier Colinarekin egin du lan:«Europako jazzaren ahotsik sendoenetako bat eta musikari flamenkoen artean berritzaileena dela esan daiteke».

Chano Dominguez pianistak (Cadiz, Espainia, 1960) sari ugari eta nazioarteko aitorpena jaso ditu bere ibilbidean, haren kalitatearen erakusgarri, jaialdiaren ustez. Maiz izan da Donostiako Jazzaldian jotzen (azkenekoz, 2017an), eta ikus-entzuleak «beti gustura» utzi izan ditu. Besteak beste, Enrique Morente, Paco de Lucia eta Martirio, Herbie Hancock, Jack DeJohnette eta Wynton Marsalisekin aritu izan da.

Neurri bereziekin

Hilaren 22tik 26ra egingo dute aurtengo jazzaldia. Pandemiaren eraginez, egitarau murritzagoa izango du aurten, eta neurri bereziak hartuta egingo dituzte emanaldiak. Viktoria Eugenia antzokian, Kursaalean, San Telmo museoan, Tabakaleran eta Trinitate plazan izango dira kontzertu nagusiak, eta hondartzan ez da kontzerturik egingo. Nolanahi ere, Kursaalaren inguruko terrazetan (Frigo gunea eta Zurriola terraza) ere izango dira emanaldiak. Lina, Mariza eta Salvador Sobral kantari portugaldarrak, Silvia Perez Cruz, Michel Portal, Anja Lechner, François Couturier, Oreka TX, Marco Mezquida, Bojan Z, Paul San Martin eta Mikel Azpiroz ariko dira, beste batzuen artean, aurtengo jaialdian.

Aurtengo sarituek kontzertu bat baino gehiago emango dute Jazzaldian, eta pare bat egunetan oholtza konpartituko dute, gainera. Dominguez bere hirukotearekin ariko da 22an, Trinitate plazan, eta hurrengo egunean Salvadorrekin osatutako bi pianorako proiektua aurkeztuko du Kursaalean. Pianista donostiarra eta Jorge Pardo buru dituen laukotea—Gonzalo Tejadak (kontrabaxua) eta Borja Barruetak (bateria) osatzen dute taldea— Viktoria Eugenian ariko da hilaren 25ean; eta, azkenik, Carles Benavent (baxu elektrikoa) eta Tino di Geraldo (bateria) lagun dituela joko du Pardok, 24an, Trinitate plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.