Argazkilaritza

Hamaika gatazkaren lekuko

Fernando Postigo argazkilariak 1977tik 2001era bitartean ateratako 300 bat argazkiren erakusketa zabaldu du San Telmo museoak. Azaroaren 1era arte ikusi ahal izango da

Pertsona bat Martuteneko kartzelaren argazki zaharrak ikusten, San Telmo museoko erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2020ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Fernando Postigok 55.000 argazkiren bilduma eman zion Donostiako San Telmo museoari 2016an, dohaintzan, eta hori du jatorri museoak ireki duen erakusketak: Postigo. Garai baten kronika. Elisa Kerejeta da komisarioa, eta sorta osotik 240 argazki inguru aukeratu ditu, Postigorekin batera. 1977tik 2001era bitartean, berriemaile grafikoak La Voz de EspaƱa eta El Diario Vasco-ko kazetari gisa ateratako argazkiak dira, eta Donostiako zein Gipuzkoako gizarte gatazkatsua islatzen dute. Erakusketa azaroaren 1era arte egongo da zabalik.

Zeresan handiko urteak izan ziren 1977tik 2001era bitartekoak. Izan ere, diktaduratik demokraziarako trantsizioak erabat baldintzatu zuen gizartea. Panorama politiko eta sozial berria ireki zen, eta ETAren ekintzak, estatu terrorismoa, manifestazioak, istiluaketa grebak oso ohikoak ziren. Gizartea asaldaturik zegoen, eta gatazkak nonahi eta etengabe suertatzen ziren. Dena den, beste esparru askotan ere gauzak aldatzen hasiak ziren, eta hala antzematen da erakusketako argazkietan: kultur eta kirol arloko zein eguneroko bizitzako argazkiak baitaude. Arlo sozioekonomikoan, argi azaleratzen da Euskal Herriko gizarteak izandako hazkundea ere.

Garai historiko horretako protagonisten eta gertaera gehienen argazkiak atera zituen Postigok berriemaile grafiko zela, eta argazkiak modu kronologikoan antolatu ditu erakusketan. Lehenengo argazkietan, adibidez, Txiki eta Otaegi ETAko militanteen hilketaren bigarren urteurrenean egindako omenaldia ageri da, baita Harrison Ford eta Carrie Fisher aktoreak Donostiako Zinemaldian izan zirenekoa ere, Star Wars filmaren aurkezpenean.

240 argazkiez gain, berriemaileak aukeratutako beste 40 bat argazki aurki daitezke erakusketaren azkeneko zatian; kazetariaren atal pertsonala da, eta hiriko txoko eta paisaiak biltzen ditu. Bideo bat ikusteko aukera ere badago, zeinetan bere ibilbideaz, urte horietako bizipenez eta argazkiez hitz egiten duen Postigok.

Argala, Cohen eta Oteiza

1960ko urteetako egoera politikoa ikusita, argazkilariak Ameriketako Estatu Batuetara alde egin zuen, baina Franco hil eta gutxira itzuli zen. Euskal Herrian demokrazia nola garatuko zen ikusi nahi zuen, eta, gehienez urtebetez gelditzeko asmoa bazuen ere, bertan geratu zen azkenean.

Trantsizioko lehenengo urte horietako argazkietan, ETAren atentatuak, bahiketak, taldeko kideen hilketak, hileta elizkizunak eta omenaldiak erakusten ditu kazetariak, baita epaiketak, manifestazioak, istiluak eta grebak ere. Gertaera zein pertsona garrantzitsu askoren argazkiak ikus daitezke: Argalaren autoa lehertuta, Angelun (Lapurdi); Donostiako Egia auzoan Gladys del Estal ekintzaile ekologistaren aldeko manifestazioa; Jesus Maria Leizaolaren itzulera; Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariaren izendatzea; ETApm-ren VII. Biltzarra, Donibane Lohizunen (Lapurdi); Mikel Zabalza desagertu zenekoirudiak; Adolfo Suarez Donostian, hauteskunde kanpainan; Txomin Iturberen epaiketa; GALeko zenbait kideren aurkako epaiketa; Ortega Lararen askatzea; eta Miguel Angel Blancoren aldeko manifestazioa, Ermuan (Bizkaia), besteak beste.

Gizartearen egunerokoa islatzen duten argazkien artean, deigarriak dira Donostiako Urgull mendian ateratakoak, 1982an. Pertsona ugari ikus daitezke xiringekin heroina kontsumitzen:drogak zuen presentzia eta sortutako mendekotasunaren isla. Donostiako portua, Alderdi Eder parkea, Bretxako merkatua, Sagues auzoa eta Zurriola pasealekua ere ageri dira irudietan. Hala, azken 40 urteetan hiriak izandako aldaketa erraz suma daiteke.

Kultura arloan, Donostiako Zinemaldiaren hainbat ediziotako argazkiak azaltzen dira, baita Leonard Cohen eta Loud Reed nazioarteko artistek Donostiara egindako bisiten irudiak ere. Euskal kulturak izan zuen hazkunde garaiko pertsona ospetsuak ere ageri dira: Mikel Laboa, Nestor Basterretxea eta Jorge Oteiza, besteak beste. Eremu berean, Atotxako futbol zelaiaren irudi zaharrak eta IƱurrategi anaien Shisha Pangmako espedizioaren aurkezpenekoak ere ikus daitezke.

Erakusketan aurrera egin ahala, nabarmen igartzen da euskal gizarteak 1970eko hamarkada bukaeratik milurteko berrira arte izandako bilakaera. Lehenengo argazkietan, biolentzia politikoa da nagusi: manifestazioak, grebak eta istiluak. Indarra galduz doaz, ordea, eta 1990eko hamarkadan, kulturaren garrantzia nabarmen handitzen da; tartean daude bilakaera ekonomikoaren ondorioz sortutako proiektuak. Kursaala eraikitzen ari zireneko irudiek eta Atotxaren eraisketan ateratakoek garbi erakusten dute bilakaera hori. Argazkien kolorea ere adierazgarria da: 1990eko hamarkadatik aurrera, zuri-beltzetik kolorera pasatzen dira, garapen teknologikoaren lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.