Frantziako Tourra

Van Aert, bere-berea duen eran

Belgikarrak aurtengo Tourreko bigarren garaipena erdietsi du, esprintean irabazita. Mikel Landak minutu bat eta 20 segundo galdu ditu, eta atzera egin du sailkapenean

Wout van Aert, maskararekin, podiumean. STUART FRANKLIN / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Hartu herenegungo egunkaria, eta data aldatzea nahiko litzateke Frantziako Tourreko atzoko etaparen berri izateko. Wout van Aertek (Jumbo Visma) aurtengobigarren garaipena eskuratu zuen, Lavaurreko helmugara gainontzeko txirrindulari guztiak baino lehen iritsita. Bere-berea duen eran lortu zuen garaipena: azken unera arte azti ibili, eta, aukera zuenean, dena eman eta aurkariak atzean utzita. Esprintean indartsuena izanda irabazi zuen Van Aertek, Edvald Boasson Hagenen (NTT Pro Ciclyng) eta Bryan Coquarden (Vital Concept) aurretik.

Lasterketak igaro ahala, bere gaitasunak nolakoak diren berresten ari da Van Aert. Pixkanaka garaipenen zerrenda betetzen ari da 25 urteko belgikarra, eta bere mailaren zertzelada berri bat erakusten du aldiro.

Txirrindulari balioaniztuna daVan Aert. Klasikozale porrokatua, mendatetan gora kideei laguntzen husteko gai da bezperan, biharamunean esprintean distira bereziz gailentzeko. Halaxe egin zuen atzo Frantziako Tourreko zazpigarren etapan.

Hasiera batean Pirinioetara iritsi aurreko etapa patxadatsua izateko itxura bazuen ere, gidoia erabat aldatu zen lasterketa hasi berritan, eta hauspoa nahi baino lehen berotu zitzaien txirrindulari gehienei. Bora-Hansgrohe taldea izan zen horren erantzulea: Peter Saganen taldekideek agudo bizitu zuten lasterketaren erritmoa, elastiko berdea berreskuratzeko asmoz, eta horrek astindu egin zituen esprintera deitutako zenbait ziklista.

Tarteko helmugaraino prestatutako jokaldiaren ostean, Bora-Hansgrohek patxada handiagoz ekin zien hurrengo kilometroei, eta bestelako txirrindulariek hartu zuten lasterketako protagonismoa. Thomas De Genten kasua izan zen. Lotto Soudalekoak bereak eta bi jo zituen Peyronnenc gainera lehen postuan heltzeko, eta, lortzeaz gain, lasterketaren buruan segitu zuen aurrerantzean ere.

Orduan sartu zen jokoan Ineos taldea. Haizea nagusi zen etapan ezustekoak saihestea zuten xede, eta lasterketaren gidaritza hartu eta De Gent harrapatzera egin zuten aurrena, gero nahieran aritzeko.

Ineosen jokaldiak eragin nabarmena izan zuen sailkapen nagusiari begira. Britainiarren eginahalek haize-babes bat osatzea ekarri zuen, eta zatitu egin zen tropela, sailkapeneko goiko postuetan aritu behar zuten zenbait txirrindulari atzean geratuz. Zulatua izan zuen Richard Caparazi (Ineos) hori gertatu zitzaion,baita Tadej Pogacarri (UAE) eta Richie Porteri (Trek-Segafredo) ere. Kaltetuen multzoan zen Mikel Landaere (Bahrein); Murgakoa atzerago zegoen taldetxoan geratu zen, eta kinka larrian egon zen une batzuetan, aukera baliatu nahi izan baitzuten Ineosekoek eta Skykoek.

Halere, Carapazen zulatua tarteko, erritmoa baretu egin zuten azken talde horretakoek, eta Landak minutu bat eta 20 segundoko atzerapena izan zuen amaieran. Sailkapen nagusian atzera egin badu ere, izan zitekeena kontuan hartuta, ez zuen horrenbeste denbora galdu.

Adam Yates liderrak (Mitchelton-Scott), berriz, lortu zuen etaparen buruan heltzea azken esprinteraino, eta eutsi egin zion elastiko horiari. Etapako sailkapenean bederatzigarren amaitu zuen txirrindulari britainiarrak, Van Aert garaileari aurre hartu ezinik izan bazen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.