Hilerria bete faborito

Bihar eta etzi jokatuko dituzte Eurokopako final-laurdenak. Ezustean, hautagai nagusiak, Frantziak, etxerako bidea hartu du, Suitzaren aurka galduta. Hautagaien artean, Portugal, Alemania eta Herbehereak ere ez dira sailkatu.

VADIM GHIRDA / POOL / EFE.
Iñaki Berastegi.
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Txapelketa garrantzitsuetan beti izaten dira ezusteko handiak, eta Eurokopa hau ez da salbuespena izan. Faborito guztiek ligaxka gainditu bazuten ere, horietako askorentzat lehendabiziko kanporaketa oso bestelakoa izan da. Etxerako bidea hartu dute askok: Frantziak, Alemaniak, Portugalek, Herbehereek eta Kroaziak. Hilerria faboritoz bete dute. Horrenbestez, izan dira kanporaketa honetan maletak desegin eta etxera bueltatzeko hegaldia atzeratu behar izan duten selekzio txikiagoak: esaterako, Txekiako Errepublika, Suitza eta Ukraina. Hala, litekeena da txapelketa hasi aurretik helburu askoz ere txikiagoa zuen selekzio bat edo bat baino gehiago azken kanporaketetara ailegatzea.

Ezustekoetan handiena Frantziak eman du: batetik, munduko txapelduna izanik, Didier Deschamps baionarrak entrenatutako selekzioa Eurokopa irabazteko hautagaien artean nagusiena zelako, eta, bestetik, galtzeko moduak ere zeresana eman duelako: penaltietan kanporatu du Suitzak, partida amaitzeko ordu laurden falta zenean, 3-1 atzetik egon eta gero. Larraitz Lucas futbol jokalari ohiaren ustez (Donostia, 1982), taldea kudeatzeko zailtasuna izan daiteke kanporatzeko arrazoi nagusia: «Kanpotik ikusita argi geratu da izarrez betetako talde batean lehiakortasuna mantentzea oso zaila dela. Taldea ondo ari denean, izar horien egoak kudeatzea erraza da, baina gauzak gaizki doazenean...».

Ligaxka bikaina egin ostean, Herbehereetako selekzioak ere agur esan dio Eurokopa irabazteko ametsari. Frantziarekin alderatuta, baina, modua oso bestelakoa izan da. «Taldea izatea falta izan zaio. Lehenengo hiru partidak oso erraz irabazi zituzten, baina kanporaketetan, kale edo bale denean, ez dute beren maila eman. Partidaren hasieratik nabaritu zitzaien ez zirela gai beren jokoa egiteko. Orokorrean, Txekiako Errepublikak partida hobea egin zuen». Jokatzeko moduagatik, erabilitako sistemagatik eta emaitzagatik kritika asko jaso ostean, Frank De Boer hautatzaileak dimisioa aurkeztu du.

Azken Munduko Kopan, ligaxkan kanporatu zuten Alemania, eta Eurokopan ere espero baino lehenago hartu du etxerako bidea. Lucasek uste du Joachim Loewek zuzendutako taldeak azken bi txapelketetan izandako beherakada selekzio indartsu guztiei gertatzen zaien zerbait dela: «Goi mailan horrenbeste urtez jarraian aritzea oso zaila da. Espainiari ere antzeko zerbait gertatu zitzaion. Era berean, egia da Frantziaren aurka galdu izanak min handia egin ziela». Karguan hamabost urte eman ostean, amaitu da Loewen aroa. Bide batez, nabarmentzekoa da F multzoko edo heriotzaren multzoko lau taldeak kanporatuak izan direla: Frantzia, Alemania, Portugal eta Hungaria. Izena ondo jarrita zeukan.

Lehenengo kanporaketako galtzaile nagusiak horiek dira, baina badira ligaxkarekin alderatuta arrazoi batzuengatik edo besteengatik irabazle sentitzen direnak ere: «Danimarka aipatuko nuke, bizi izan zuten egoerari buelta emateko izan duten gaitasunagatik. Ondoren, Txekia eta Suitza, izan dituzten aurkariengatik. Eta, azkenik, Espainia». Ukrainaren lana ere azpimarratzekoa da, kanporaketetarako sailkatzen azkena izan zelako.

Dena den, 2021eko Eurokopa gogoratzeko orduan, futbolzaleari ziur ekainaren 28an jokatutako bi kanporaketak etorriko zaizkiola burura: Espainiak 3-5 mendean hartu zuen Kroazia, eta Suitzak penaltietan menderatu zuen Frantzia, hiruna berdindu eta gero. Egun «zoragarria» izan zela azpimarratu du Lucasek: «Arratsalde eta gau puskak izan ziren. Arratsaldeko seietan hasi, eta gauerdian amaitu zen maratoia. Teknikoki eta taktikoki ere oso partida aberatsak izan ziren. Ez dut uste sekula final-laurdenetan halakorik ikusi denik».

Ingalaterrak du errazen

Hortaz, esan daiteke hiru direla ligaxkan eta kanporaketetan aurreikuspenak bete dituzten selekzioak: Belgika, Italia eta Ingalaterra. Realeko kapitain izandakoak iritzi dio Alemaniaren aurka mendekua hartu ostean Gareth Southgaten selekzioak daukala finalerako «biderik errazena»: «Gainera, Ukraina menderatuko balu, finalerdiak eta finala etxean jokatuko lituzke, horrek emango dion abantailarekin. Dudarik gabe, koadroaren alde honetan, Ingalaterra beste hirurak baino askoz hobea da: Ukraina, Danimarka eta Txekiako Errepublika».

Horiek horrela, final-laurdenetako kanporaketarik erakargarriena beste aldean legoke: Belgika eta Italiaren artekoa, hain zuzen ere. «Lehia parekatua» izango dela uste du futbolari ohiak: «Hobea zein den esatea oso zaila iruditzen zait. Gako nagusia Belgikan zalantzan diren jokalariak izan daitezke: De Bruynek edo Hazardek ez jokatzeak sekulako mina egingo lioke. Italiak berezkoa duen nortasunarekin, eta Mancinik eman dion kalitateari esker, agian zertxobait faboritoago dira italiarrak».

Kontuak kontu, final-zortzirenen ostean, hautagai nagusien zerrenda eguneratzea ezinbestekoa da. Lucasek egina du bere zerrenda: «Espainia, Ingalaterra eta Italia, ordena horretan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.