Joanna Hogg eta Radu Jude Zinemaldiko Zabaltegi sailean

Orotara, hamazortzi filmek osatzen dute zerrenda: hamahiru lan luzek, ertain batek, eta lau laburrek. Berlingo Zinemaldiko bi garaile izango dira lehian, baita euskarazko lan bat ere

Radu Juderen pelikulako fotograma bat. Urrezko Hartz bat irabazi zuen Berlingo Zinemaldian. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
amaia igartua aristondo
2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Berlingo Zinemaldiko irabazleak, Veneziako eta Cannesko festibaletan erakutsitako ekoizpenak, nazioarteko bi estreinaldi, baita euskarazko lan bat ere, besteak beste. Guztira, hamazortzi pelikula lehiatuko dira Donostiako 69. Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean: zehazki, hamahiru lan luze, ertain bat, eta lau labur bilduko ditu zerrendak; hala nola Johanna Hoggek, Radu Judek eta Gaspar Noek zuzendutako ekoizpenak ikusi ahal izango dira. Halaber, zenbait zinemagile berriro izango dira jaialdian: esaterako, Jean Gabriel Periot, Kiro Russo eta Laura Wandel.

Berlinen film luze eta labur onenen Urrezko Hartzak bereganatu ondoren, hurrenez hurren, Donostian pantailaratuko dituzte Radu Juderen Babardeala Cu Bucluc Sau Porno Balamuc eta Olga Lucovnicovaren Nanu Tudor. Lehenak Emi eskola irakaslea du protagonista: haren bideo sexual bat igoko dute Internetera, eta ikasleen gurasoak eskolatik kanporatu dezaten ahaleginduko dira. Lucovnicovarenean, zuzendaria bera da protagonista: hogei urteren ondoren, aitona-amonen etxera itzuliko da, iraganeko gertaera oinazetsuei aurre egiteko.

Sailak Joana Hogg zuzendariaren kontakizun autobiografikoaren bigarren zatia ere hartuko du: The Souvenir: Part II. Hura baino zaharragoa den gizon manipulatzaile batekin izandako harreman tirabiratsua argitzen saiatuko da Julie graduazio filmaren laguntzaz, egiazko jazoerak eta fikzio hutsa bereiziz. Gaspar Noek dementzia duten senar-emazte batzuen azken egunak agertu ditu Vortex filmean.

Veneziako Zinemaldian inoiz parte hartu duen euskarazko lehen ekoizpena da Mikel Gurrea donostiarraren Heltzear, eta euskarazko bakarra izango da aurtengo Zabaltegi sailean ere. Film laburra da, 2000. urteko Euskal Herrian girotuta dago, eta 15 urteko Sara du ardatz. Eskalatzailea da gaztea, eta bere bizitzako maila igoerarik gogorrena erdiesteko entrenamenduak kanpoan duen anaiari idazten ari den gutunarekin uztartuko ditu.

Ekoizpen luze andana bat

Peter Kerekesen Cenzorka laneko Lesyari zazpi urteko zigorra ezarri diote erailtzeagatik, eta Odessako (Ukraina) emakume zentzategi batean bete beharko du. Kiro Russoren El gran movimiento-k, berriz, Boliviako langile bat du ardatz; Kyoshi Sugitaren Haruharasan No Uta-ko Sachik enpleguz eta etxebizitzaz aldatu berri du. Bere bizilagun Yukiren suizidioa gainditzea lortu nahi du horrekin, baina adiskidearen irudia begien aurrean izango du etengabe, ilusio gisara.

Helena Giron eta Samuel Delgado zuzendarien Eles transportan a morte ekoizpenak heriotza du hizpide, orobat, eta galizieraz egina dago. 1492. urtean, heriotza zigorretik ihes egin duten hiru gizon Kristobal Kolonen tripulazioan doaz; Tenerifera heltzean (Espainia), ontzitik ere alde egingo dute. Garai berean, sendalari bat topatzeko helburuarekin bidaiatuko du beste emakume batek, hilzorian duen ahizparen bizitza salbatzen lagun diezaion. Kolonizazioari kritika egiten dio obrak.

Ihesaz dihardu Florence Mialheren La Traversee-k ere. Filmean, senideak halabeharrez bananduko dituzte, eta seme-alaba zaharrenak beren kabuz erbesteratu beharko dute. Noemie Merlanten Mi iubita, mon amour lanak, berriz, ezkondu aurreko bidaia bat du abiapuntu: Jeanne Errumaniara joango da lagunekin; han, Nino ezagutu eta harreman bat izango du harekin.

Errusiar ekoizpenak dira, bestalde, Kirill Serebrennikoven Petrov's Flu eta Kira Kovalenkoren Razzhimaya Kulaki filmak. Lehena Sobietar Batasuna desagertu ondorengo garaian girotua dago, eta Petrov familiaren egun bat erakusten du, gripe izurri betean: senarra gaixotasunaren ondorioz eldarnioak dituen komiki marrazkilari bat da, eta emaztea, gizon oldarkorrak hiltzearekin gozatzen duen liburuzain bat. Kovalenkok, berriz, Ipar Osetiako mendietako meatze herri txiki batean kokatu du bere istorioa. Gertaera dramatiko batzuen ondorioz, gizon bat hara joan zen bizitzera, seme-alabekin. Urteak igaro ondoren, gazteek aitaren diziplinatik ihes egin nahiko dute, eta sendatzeke dauden familia traumei aurre egin beharko diete.

Didier Eribonen Retour a Reims liburuan oinarritu da Jean-Gabriel Periot zinemagilea izen bereko obra ontzeko. Artxiboko materialez baliatuta, Frantziako langileen istorio intimo eta politikoa kontatzen du, 1950eko hamarkadatik hasita. Bestalde, Laura Wandelen Un monde ekoizpenak anai-arreba batzuen arteko harremanaz jarduten du. Eskolara itzuli ondoren, beste ume batzuk anaiari jazarriko zaizkiola ikusiko du 7 urteko Norak. Harrapatuta egongo da, aitari abisatu nahi baitio, baina, aldi berean, anaiak isiltzera behartuko baitu.

Istorio ertainak eta laburrak

Lucovnicovaren antzera, familiarenera itzuli da Xiao Lei, Zhang Daleiren Xia Wu Guo Qu Le Yi Ban filmeko protagonista. Zimurrek aldatu egin dituzte gurasoen aurpegiak, baina etxe txikiko lasaitasunak bere hartan jarraitzen du; are, senideen eguneroko ohitura hutsalak ere atseginak egingo zaizkio gazteari.

Lan laburrak dira Zinemaldian estreinatuko diren bi ekoizpenak. Zhang Daleiren filmaren modura, Lubna Playousten Le cormoran ere familian oinarritzen da. Urruneko uharte batean bizi diren ama eta semea ditu ardatz, eta haien arteko loturak agertzen ditu. Laura Rius Aranen Les filles du feu ekoizpenak adiskidetasunaz dihardu. 16 urte zituztenean, Magdalena, Oriane, Anna, Solene eta Morgane elkarrekin joan ziren bidaia batera. Harrezkero ez dute elkar ikusi, eta hamar urte joan dira jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.