Itxialdira itzuli den zinema

Itxialdia ardatz duten Euskal Herriko bost film labur proiektatuko dituzte gaur Zinebi jaialdian, Bilbon. Propio gai horri buruzko lanak sortzeko laguntzen emaitza dira

Itxitik programako filmen zuzendari, gidoigile eta aktoreak, atzo, Bilbon egindako aurkezpenean; filmak Zinebi jaialdian emango dituzte gaur. O. MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Barkatu, leiho osoa estali behar duzue?». 2020ko martxoaren 18an, koronabirusaren zabalpena oraindik indar betean zela eta itxialdia ezarri berri zela, Gasteizko Santiago ospitaleko leihoetako gortinak kendu, eta, haien ordez, kristaletan binilo zurixkak itsasteko agindua jaso zuen Iñigo de la Iglesia Osakidetzako mantentze lanetarako kanpo langile eta aktoreak. Izuak jota sartu zenCOVID-19aren gunean, maskarak eta babes arropak jantzita, eta han topatu zuen Tartea film laburra osatzeko baliatutako istorioa. Leiho ondoan, kezkaturik, emakume eri batek mesedez eskatu zion ez estaltzeko leiho osoa, uzteko arren zirrikitu bat, aurreko eraikinean bizi zen haren alaba ikusi ahal izateko. Istorioaren protagonista izandako pertsona berekin filmatu zuten pelikula iazko abenduan, Imanol Lopez de Segurolaren zuzendaritzapean, eta Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian proiektatuko dute gaur, Bilboko BBK aretoan, itxialdi sasoia ardatz duten beste lau film laburrekin batera.

Euskal ikus-entzunezko sektorea geldialdian ikusirik, konfinamenduari buruzko film labur bana sortzea proposatu zieten zortzi zinemagileri Eusko Jaurlaritzak, ETBk, Donostiako Zinemaldiak eta Zinebik. Itxitik deitu zioten deialdiari, eta laguntza horiekin sortutako lanak dira gaurko saioan proiektatuko dituztenak: Lopez de Seguraren Tartea, Iban del Campo zuzendariaren Serendipia, Kevin Iglesias eta Pedro Riveroren Los días que (nunca) fueron, Borja Cresporen Hikikomori, eta Mikel Ruedaren Etxean.

Koronabirusari aurre egiteko urrats garrantzitsua egiten duen euskal birologo baten itxialdia kontatzen du Serendipia lanak, esaterako. Eta esperantzari zirrikitu bat irekiz amaitzen da Hikikomori ere. Pandemia hasi aurretik ere bere logelan ixtea erabaki duen Nara youtuberraren nondik norakoak kontatzen ditu lanak. Japoniar kulturaren zale amorratua da, eta milaka jarraitzaile ditu sare sozialetako bere kanalean. Ramena jaten pasatzen du eguna, manga komikiak irakurtzen, baina, familia osoa ere etxean geratzera behartzen dutenean, aldatuz joango da haren egoera, eta baita senideekiko harremana ere.

Del Campok Donostiako Zinemaldian aurkeztu berria zuen Glittering misfits, bere lehen film dokumental luzea, koronabirusaren krisia piztu, eta lanaren zabalpena kolpez eten zenean. Azaldu duenez, ordea, sorkuntzaren bidez erantzun zion kolpe horri, eta hala zuzendu eta ekoiztu zuen Serendipia; hain zuzen, bultzada horri jarraituz filmatu zuen irailean Sorbeltzak film laburra ere.

Ordaina jasotzeko aukera

Crespok arreta jarri du alor materialean. «Pozgarria da film labur bat egin ahal izatea, eta, lantaldeak bere ilusio guztia jartzeaz gainera, ordaina ere jaso ahal izatea». Dioenez, hori eskaini baitio Itxitik programak Hikikomori sortu ahal izateko. Hamaika proiektutan dabilela dio zuzendariak, baina antzeko formulak bilatzen jarraitzeko beharra ere azaldu du. «Horrelakoek modua ematen digute irteera errentagarririk ez duten film laburrak filmatzeko».

Aurreko lanena baino ilunagoa da Ruedak zuzendutako Etxean filmaren amaiera, eta nabarmen ilunagoa, berriz, Iglesias eta Riveroren Los días que (nunca) fueron animazio filma. Beltza, hasieratik azken segundora arte. 2020ko martxoko itxialdia kontatzen du pelikulak ere, baina, hartan, itxialdia ez du koronabirusak eragin, baizik eta Jupiter planetak, bere orbitatik desbideratu eta ilargiaren lekua hartu duelako, eta horrek osasun arazo larriak eragiten dizkielako biztanleei. Apokalipsia eragotzi, eta itxialdia amaitzean, ordea, beste katastrofe baten atarian da berriz mundua. «Beldurra itzuli zen, eta ez zen sekula joan».

Eta tonu ilun bera izan dute zuzendarien azalpenek ere. Pedro Rivero: «Ez da egia pandemiatik ateratzen ari garenik. Eta ateratzen garenean ere pandemia okerrago bati aurre egin beharko diogu, geure buruarekin egotea tokatuko zaigulako... Itxialdia amaitu ostean ere zer gertatu da ba, ETAko presoei egindako ongi etorriak direla, Katalunia dela, klima aldaketa dela eta bestelakoa direla...». Pandemiak gizartean txertatu duen beldurra izan du hizpide Kevin Iglesiasek. «Animazioa iruditu zitzaigun estilorik onena garai hartan sortu ziren beldur eta paranoia horiek guztiak fisiko bilakatzeko».

Itxitik programa «oxigeno pixka bat» izan zela onartu du Iglesiasek. «Lan luze baten postprodukzio lanetan ari ginen, eta ikaragarri konplikatu zen dena. Mundua gelditu egin zela zirudien, eta ezinegon handia zegoen».

Maider Oleagak eta David Perez Sañudo zuzendariek ere Itxitik programari esker sortu zituzten Kinka eta Vatios film laburrak, baina sail ofizialaren parte dira; beraz, ez dituzte gaurko emanaldian proiektatuko.

Sortzaileen baldintzak

«Produkzioa bultzatuz sektorea lanean jartzea izan zen helburua», Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak. «Sorpresa» izan da jasotako emaitza. Sortzaileen «talentua» nabarmendu du. «Pandemia zer izan zen erakutsiko diguten hainbat produktu jaso ditugu». Zinemagileek sortzeko dituzten baldintzez ere aritu da Atorrasagasti, aurrerantzean ere sektorea biziberritzeko egin beharreko urratsez galdetuta. «Artistaren estatutua landu behar dugu: sortzaileek bestelako baldintzak behar dituzte beren lana egin ahal izateko».

Gaur-gaurkoz, jaialdiz jaialdi dabiltza gaur proiektatuko diren filmetako batzuk, eta, bide hori egin ostean, ETBk emango ditu. Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendariak iragarri duenez, pandemiaren bigarren urteurrenean programatu nahi dituzte lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.