Zintzilik egon ostean uretara

Bueltan da Hernani, bi denboraldiz lehorrean egon eta gero. Harrobiko gazteak eta aurretik taldean ibilitako arraunlariak izan dira pizkundearen oinarri nagusiak.

Alex Orena Hernaniko entrenatzailea arraunlariei aholkuak ematen, aste barruko entrenamendu batean, Hernaniko arraun elkarteko gimnasioan. JON URBE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Hernani
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Bizitzak bezalaxe, arraun elkarteak ere bere zikloak izaten ditu. Hernaniren kasua da hori; 2020ko udaberrian eten egin zen kostaldeko herriekin zuen haria, eta Maialen traineru berdea uretan lehiatu gabe egon da bi denboraldiz. Bada, ondo bidean, geldialdiak ez du gehiago iraungo. Hernani berriz ere uretan da, Alex Orena entrenatzailearen esanetara (Donostia, 1977). Orain dela lau aste hasi ziren lanean.

Pizkunde horren oinarrian harrobiko gazteak daude, funtsean. Etxekoek traineruan aritzeko gogoa zutela ikusita, zuzendaritzaren erabateko babesa jaso, lanari buru-belarri ekin, eta deialdi irekia egin zuten. Aurretik taldean ibilitako arraunlaria eta zuzendaritzako kidea da Estitxu Zabala (Donostia, 1985). Azken bi sasoietan Hibaikan eta Lapurdin aritu da. «Baina nire helburu nagusia beti izan da Hernaniko trainerua berriz ere uretaratu arte arrauna ez uztea. Maialen-ek ezin zuen zintzilik geratu». Egitasmora batzeko ez zuen bitan pentsatu. «Nahiz eta Hernanin ez jaio, bertan bizi naiz, eta herriaren eta elkartearen izenaren parte sentitzen naiz». Ondo asko ezagutzen ditu klubaren barrenak.

Hala eta guztiz ere, taldea osatzeko prozesua ez da batere erraza izan, Zabalak eta Orenak adierazi dutenez: «Trainerua osatzeko justu gaude». Adin eta ibilbide ezberdinetako arraunlariak batu dira: junior mailako lau arraunlari, aurretik arraunean ibilitakoak, inoiz ibili gabekoak baina oso kirolariak direnak, eta orain dela bi urte Hernanin ibili ziren bi arraunlari: Zabala bera eta Nerea Irastorza. Donostiarrak «pena» du orduko taldeko arraunlari gehiago ez direlako itzuli. «Azken bi denboraldietan beste taldeetan ibili dira, eta ez dugu lortu Hernanira erakartzea; batzuek utzi egin dutelako, eta beste batzuek beste taldeetan jarraitzea erabaki dutelako».

Gogoeta hau ere egin du: «Hemendik ateratako harrobiko arraunlari asko, bai emakumezkoak, bai gizonezkoak, beste klubetan dabiltza. Eta gero ematen du trainerua ez badaukazu ez zarela arraun munduan existitzen ere. Nahiko lan dugu traineru bakarra ateratzeko; are gehiago barruko herria izanik». Orena, ordea, itxaropentsu agertu da: «Uste dut luze gabe hemen izango direla denak». Patroia aurkitzeko buruko mina izan duten arren, lortu dute. Orenaren azalpena: «Etxeko bat aurkitzeko erabakia hartu nuen. Kadetea da, baina entzuteko eta ikasteko prest dago. Bateren batek nahiko balu, klubeko ateak zabalik ditu».

Zabalak, eskarmentuaren talaia horretatik, argi du zer transmititu diezaiokeen taldeari. «Esperientzia, heldutasuna eta lasaitasuna». Aitzitik, ñabardura bat egin du: «Ez dut uste neroni traineruan arraunlari funtsezkoetako bat naizenik, ezta gutxiagorik ere. Gazteak ez dira buruarinak. Gogoa eta ezagutza ez diet transmititu beharrik ere».

Arraunlariek Orena prestatzailea izango dute alboan. «Proiektuak ilusioa egiten zidan, eta horrek motibatu nau Hernaniren eskaintza onartzera». Entrenatzaile zaildua da, ibilbide luzekoa. Hibaikako gizonezkoen taldean hamabi urtez aritu zen teknikari, eta azken bi sasoiak Zarautz B-n egin ditu. Emakumezkoen taldea zuzentzen duen lehen aldia du, beraz. «Buruan nituen erreferentzia guztiak gizonezkoenak nituen; orain, horiek egokitzea dagokit. Erronka gisa hartu dut». Oraingoz, «gustura» sentitzen da eskuartean duen kuadrilla berriarekin: «Konpromisoa erabatekoa dute». Baita Zabala eta gainerako arraunlariak entrenatzailearekin ere: «Bere energia arraunlarioi kutsatu digu».

«Lehiatzera, dudarik gabe»

Urriaren amaieran ekin zioten sasoiari, eta neguko denboraldiaurre luze bezain gogorra dute aurretik. Arraunlariak indarra lantzeko lanak eta ergometroko saioak egiten dabiltza buru-belarri. Aste barruko egunetan, ikasketengatik edota lanagatik, Hernaniko elkarteko argiak luzaroan egoten dira piztuta. Zabala, esaterako, goizez entrenatzen da. «Ez da erraza». Astean behin egiten duten uretako saioak, ordea, beste aho zapore bat uzten dio. «Taldea batzen garenean, gogoa pizten zaizu, eta horrek kateatu egiten zaitu, baita taldeko batasuna sendotu ere».

Taldea oraindik zaildu gabe dagoen arren, ilusioa dute berriz ere udan trainerua lehian egoteko, «dudarik gabe». Bai Zabalak, bai Orenak argi dute: «Folklorikoa soilik ez dadila izan. Arrauna kirola da, eta gu lehiatzera joango gara». Maialen berriz ere uretan ikusita, Zabala Hernaniko azken entrenatzailea izandako Xabi anaiarekin, Xabier Gurrutxaga zuzendaritzako kidea izandakoarekin eta hainbatekin gogoratu da. «Klubaren alde lan handia egin dute, borondatezkoa eta isilpekoa. Horiengatik guztiengatik merezi du trainerua uretaratzea. Ea herriari poztasuna ematen diogun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.