Lehen etenera, lanak eginda

Sei neurketa jokatu ostean iritsi da sasoi berriko lehen etena. Hiru euskal taldeek ondo ekin diote denboraldiari, eta sailkapeneko aurreneko zortzi postuetan daude.

Athleticeko jokalariak, azken neurketan garaipena lortu eta gero, San Mameseko Herri Harmailarekin garaipena ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Iritsi da sasoi berriko lehen etena. Talde guztiek sei neurketa jokatu dituzte, eta hiru euskal taldeek emaitza onak lortu dituzte. Ligako zortzi partida izango dituzte Munduko Koparengatik egingo den hurrengo geldialdira bitarte, baina lehen urratsak egin dituzte jada. Sailkapenean zortzi onenen artean daude hiru taldeak, eta Athletic da sasoia hobekien hasi duena.

ATHLETIC
Martxa baten lehen notak

Sasoi berria ilusioz gainezka hasi zuen Athleticek. Ernesto Valverderen itzulerak, presidente berriak eta Herri Harmailaren jaiotzak hauspoa eman diote zaleen ilusioari, eta taldeak ezin hobeto erantzun du. Sasoiko lehen etenera hamahiru puntu bilduta iritsi dira zuri-gorriak. Europan jokatzeko borrokan egotea jarri zuen helburu Jon Uriarte presidenteak, eta Txapelduen Ligako postuetan dago talde zuri-gorria gaur-gaurkoz.

90 minutuetan taldeak ezartzen duen erritmoa erabakigarria izaten ari da. Gainera, azken urteetan ez bezala, jabetzaren bidez aritzea proposatu nahi du Valverderen taldeak, eta baloia galdutakoan oso azkar aktibatzen dira berriro hura eskuratzeko. Hori lortzekoan, ziztu bizian abiatzen dira aurkariaren areara, Alex Berenguer eta Nico Williams sasoiko daudela aprobetxatuz. Taldeak golak sartzeko izandako arazoak konpondu dituela dirudi, arlo horretan ere bikain ekin baitio Athleticek sasoiari. Jada hamabi gol sartu ditu, eta gol gehien sartu dituen hirugarren taldea da, Real Madrilen eta Bartzelonaren ostean.

Aurreko sasoian ondo egindakoa mantentzea ere lortu dute. Baloiarekin erritmo bizia ezartzeaz gain, atzean sarraila itxita mantentzen ari dira. Atzeko lerroko hainbat jokalari min hartuta egon diren arren, jokatu dutenek ederki bete dute euren lana. Bartzelona eta Vila-real dira bizkaitarrak baino gol gutxiago jaso dituzten talde bakarrak.

Hala ere, Valverdek badu zer landu. Athleticek gehien sufritu duen neurketetan aurkariek oso atzean defendatu dute. Korrika egitea eragozten ziotenean, zailtasunak izan ditu lerro artean zirrikituak aurkitzeko. Etenaren bueltan, Sevilla eta Atletico Madril izango ditu aurkari, eta zerengatik borrokan arituko den ikusteko neurketa garrantzitsuak izango dira.

OSASUNA
Zaharrak berri

Atzean sendotasuna, eta baloiarekin joko bizia. Horretan oinarritu da Osasuna Jagoba Arrasate Iruñeara iritsi zenetik, eta aurten ere hala izaten ari da. Braulio Vazquezek argi utzi zuen diru gutxi gastatu nahi zutela fitxaketetan, eta asmatu egin behar zutela. Moi Gomezek eta Ruben Peñak proiektuari haize freskoa ekarri diote, baina taldeak betikoa izaten jarraitzen du. Hamabi puntu batuta, bosgarren postuan daude gorritxoak.

Zazpi gol sartu ditu Osasunak orain arte, eta bost besterik ez ditu jaso. Gol gutxi jaso eta aurkariakbaino gehiago egin; hori ez da aldatu Iruñerrian, baina aldaketa nagusia etxeko neurketetan lortu du Arrasateren taldeak. Lau neurketa jokatu ditu Osasunak Sadarren, eta bederatzi puntu batu ditu. Ligako hirugarren talde onena da etxean, eta denboraldiaurrea hasi zenetik zuzendaritzak ahoan zebilkiena lortu du Arrasatek: Sadar gotorleku bilakatzea.

Jokoa, ordea, ez da gehiegi aldatu. Aimar Oroz gaztea eta Gomez elkartuta, kalitatea handitu du Arrasatek aurreko postuetan, baita lerro artean paseak egiteko gaitasuna ere. Atzean David Garcia da nagusia, eta, orain arte bezala, sendotasuna eta segurtasuna ematen dizkio taldeari. Aurten aurrelari bakarrarekin ari da Arrasate, 1-4-2-3-1 egituran, baina helburua bera da: baloia azkar lapurtu, baloia hegaletara eraman, eta arean jende asko sartu erremate bila. Erritmo biziak eta zaleen aupadak olatu gainean eramaten dute Osasuna, eta, oraingoz, garaipenekin ari dira erantzuten.

REALA
Zailtasunei aurre egiten

Realak oso denboraldi hasiera gorabeheratsua izan du. Isaken salmentari Sadiq Umarren fitxaketarekin erantzun zion klubak, orain arte egin duen garestiena. Baina denboraldi guztia galduko du bi neurketa jokatu ostean, atzeko lotailu gurutzatua hautsi baitu. Ez da min hartuta dagoen bakarra: Mikel Oiartzabal, Robin Le Normand eta Ander Barrenetxeari Mohamed-Ali Cho batu zaie azken orduetan. Carlos Fernandez taldekideekin entrenatzen ari da jada, eta ikusteko dago noiz itzuliko den bakoitza.

Orain arte, hamar puntu bildu ditu ligan, eta zortzigarren dago sailkapen nagusian. Bartzelona eta Atletico Madrilen aurka jokatu duela ikusita, ordea, ez da balantze txarra. Hala ere, buruhauste ugari ditu Imanol Alguacilek. Aurreko sasoian gol gutxi sartu zituen arren, apenas jasotzen zituen, eta hori izan zen txuri-urdinen lorpen garrantzitsuena. Oraingoan, berriz, arazo bera dauka Imanolen taldeak ate aurrean, baina defentsa lanetan zailtasun gehiago izaten ari da. Zazpi gol sartu dituzte txuri-urdinek, eta zortzi jaso —horietako lau Bartzelonaren aurka—.

Europan lehenengo garaipen handia lortu zuen Realak Old Trafforden, eta Omoniaren aurka ere lortu zituen hiru puntuak. Imanolek jarraipena eman dio zelai erdian denboraldi amaieran erabili zuen erronboari. Aurkariaren zelaian oso elkartuta ari da jokatzen Reala, eta, horri esker,hobeto prestatuta dago behin baloia galdutakoan, berreskuratzen saiatzeko. Aurrelariek mugimendu askatasuna dute erasoan, eta hegaletara erortzean erdikoek baliatzen dute atzetik iristeko. Brais Mendez ederki ari da entrenatzaileak eskatutakoa ulertzen, eta lau gol sartu ditu dagoeneko.

Munduko Kopara bitarte txuri-urdinek duten egutegia betea da. Bi neurketa jokatu beharko ditu astero; hau da, hamabi partida 39 egunetan. Horretarako, jokalari asko erabili beharko ditu Imanolek, eta min hartuta daudenak ahal bezain laster berreskuratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.